Izen multzokariak sortzen dituen -keta atzizkia ikusiko dugu hemen, baina gogoratu, badela beste -keta bat ere, gertaera, ondorioa, egoera adierako izenak sortzen dituena. Bestalde, izen multzokarien atal honetan bertan, geroxeago ikusiko dugu -tegiren ordez erabiltzen dutela -keta iparraldean.
Bizkaieraz eta gipuzkeraz izan ezik gainerako euskalkietan multzoa adierazteko erabiltzen da -keta atzizkia, izen konkretuei, bizidun zein bizigabeei erantsirik: arrainketa, bihiketa, egurketa, euriketa, jendeketa, lurketa, mandoketa, mendiketa, ogiketa, zaldiketa.
Multzoa, gehienetan multzo handia adierazten duen atzizki honek ez du ia hitz berririk sortu euskara estandarrean. Bestalde, Azkuek ematen dituen adibideak OEHko corpusekoekin alderatuz, ohartzen gara bat baino gehiago (behiketa, behorketa, mandoketa, zaldiketa edo ardiketa) ez daudela testuetan dokumentatuta, nahiz honek ez duen esan nahi ahoz erabiltzen ez direnik.
Dena den, ardiketa, egurketa, ogiketa eta abarrek ‘mordo’, ‘pila’ adieraz gain, beste askotan jarduera balioa hartzen dute.
lanaren aipamena nola egin...