Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:3:4

-tza

Lizartza Gipuzkoako herri bat daLehen ikusi dugu izen bizidunei erantsita, lanbidea adierako izenak sortzen dituen -tza atzizkia. Geroago, egoera, gertaera, ondorioa adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen den -tza aztertuko dugu. Bestelakoa da hemen aztergai daukaguna, izen bizidun zein bizigabeei erantsirik multzo edo kopuru handia adierazten baitu (horietako batzuk toponimo eta deitura bihurtuak ditugu): artotza, basatza, belartza, dirutza, Elortza, Gorostitza, harritza, jendetza, lizartza…

  • Alako dirutza artzearren, amaika agindu bete zitezkean. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Sanjuanetan alderdi artan jai egiten zutela-ta, lenbiziko egunean bestetan baño askoz jendetza aundiagoa izaten zan. (Usauri, Anabitarte)
  • Sineste honi buruz, ez dakit halabeharrez, baina esan dezaket Lizartza eta Lizarraga deiturako neskatxak izan zirela nere bihotza bere sasoirik gurienean pil-pilka para zutenak. (Trapuan pupua, Perurena, P.)

Bestalde -di / -tza atzizkiekin antzeko hitzak ere sor litezke, erreparatu bikote hauei: belardi/belartza, lizardi/lizartza… Horiek izen arrunt gisa erabiltzen badira ez daukate alde handirik esanahian; baina goraxeago esan bezala, Lizartza eta Belartza toponimo ere badira.

Bestalde, kontuan izan behar dugu multzo handia, andana, adierazteko, hitz elkartuetara ere jo dezakegula, bigarren osagai gisa multzo, mordo, pila, sail… erabiliz; ez da harritzekoa, beraz, -tza atzizkia oso emankorra ez izatea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3