Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:3:5

-te

Izen konkretu bizigabeei eransten zaie -te atzizkia, eguratsarekin loturiko zerbait adierazten duten izenei; eta ‘fenomeno horrek irauten duen aldia, tartea’ adiera gehitzen dio atzizkiak oinarriari: ekaizte 'ekaitz garaia', elurte 'elur asko egiten duen garaia edo denbora', eurite 'euri asko egiten duen garaia edo denbora', haizete 'haizealdi gogorra', izozte, lehorte 'agortea, euririk eza'… Gertakariren bat adierazten duten izenek ere har dezakete -te atzizkia; gertakari horrek irauten duen aldia, tartea, adierazten dute horrela sorturiko izenek: gaitzete, gerrate, gosete, izurrite…

  • Baña jaunak kastigatu zuen Faraon, eta bere etxea gaitzete txit andiakin, Sarai Abrahamen emaztea gatik. (Biblia I, Uriarte)
  • Lenengo gerrate nagusian irabazi izan zituanak gorde izan ba litu, gorde! Ez ordea, iñungo gizonek aldiz aurretik gerokoaren berri jakin. (Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
  • Ezen bazen herrian gosete haundi bat. (Ethorkia eta Ilkhitzea, Urte)

Historiako aldi bat, garai bat, adierazten dute, berriz, antzinate edo frantseste izenek.

Bestalde, ‘kantitate (handi)’ adiera ere antzematen da elurte handi, elurte gaitz motako sintagmetan. Azken batean, adierari dagokionez, -di atzizkiaren pareko jokabidea ikus dezakegu: multzo edo kantitate handia bai, baina, aldi berean, horrek hartzen duen lekua zein denbora. Ez da oso emankorra gertatu, besteak beste, aldi, aro edo garai bigarren osagai duten hitz elkartuak dituelako lehian

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-te", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3