Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:3:6

-kada/-tara

Atal honetan aztertuko den -kada atzizkiak kantitatea adierazten du, kantitate handia. Beste atal batean aztertu da Tresna, objektua, lekua adierazten duen -kada atzizkia.

-kada eta -tara euskalki-mailako aldaerak dira: -kada (-tada) oro har Mendebaldekoa, -tara Ekialdekoa (eratorpenean ohikoak diren bi lotura-kontsonanteez gain bokal artean ezaguna den /d/ eta /r/ kontsonanteen nahasketa dugu). Zaila da, beraz, bi aldaera nagusien artean bakarra hautatzea lema gisa. Hiztegi Batuko sarreretan ere Mendebalde / Ekialde aldaerak aurkituko ditugu: basokada, eskutada, gurdikada, katilukada, labekada, otzarakada (Bizk.), platerkada, saskitara (Ipar.)…

  • Yaramon andirik egiten ezeutsala oarturik, makillea Yata-tontorrera begira ezarrita “Txotxo - esan eutsan -, biar gaztañak emongo dauadaz, eskutada aaundi bi emon be, mendi aren andiko aldean dagoan uritxoa zein dan igarri badagik”. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Otzarakada bat atunegaz etorrela, nasa gañean egozan emakumien artetik igarotean, bultzada bat emon eutsan otzara orregaz Brixek Tramanari, uste bage edo naita, ori eztakigu, bada era bietara gertau zeikean. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Saskitara bat fruitu Jainkoari eskaintzea ez dik balio, denak ustelak badira. (Etxahun, Larzabal, P.)

Adibide horietan honela ulertu behar da multzo adiera: 'oinarriak adierazten duen zera horrek hartzen duen kantitatea'. -kada atzizkiaz sortutako izenak maiz kuantifikatzaile gisa ageri zaizkigu eta neurri-sintagmak osatzen dituzte (kolkokada sagarra, bi katilukada esne, gurkada egurra, hiru koilarakada gurin).

  • Aldapatxo batean kargatu nuan izugarrizko gurdikada egurra, eta ez nintzan piyatzen bakarrik abiatzera, amilduko zan beldurrarekin. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)
  • Datorrenian ona Jangoikuaren deikoren bat, ikusteko ta poztutekua da, zelan, bata baño bestiak aurrerago diriala, daruaken arto zatija edo katillukada saldia, ta nos bait zelatau ditut, ta ikusi artua emon, ta eskuban mun egiten eskale gaissuari; baita bere erregututa ekarten sutondora, otza dan aldijetan, berotu ditezan, ta liortu daijezan abarka bustijak. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kada/-tara", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3