Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:0:1

-garri

-garri atzizkiarekin ere objektua, tresna edo lekua adierazten duten izenak sortzen ditugu, horregatik jaso dugu atal honetan, baina izenondoak sortzen dituzten atzizkien artean ere aztertuko dugu. Are gehiago, atal hartan aztertuko dugu zehazkiago. Izan ere, Azkueren eta Villasanteren azalpenei jarraituz sartu dugu atal honetan -garri, baina ohartuko gara jasoko ditugun adibide guztiak izen bihurturiko izenondoak baino ez direla.

Atzizkiaren lemaz ez dago zalantza handirik; -garri da forma, eta aldaera bakarra dauka, txistukariaren ondotik ager daitekeen (baina nahitaezkoa ez den) herskari ahoskabeduna: -karri (euskarri).

'Bizigarri' jatetxea Argentinan dago, Mar del Platan Nor-nork motako aditzoinari eransten zaio atzizki hau, eta ‘baliabidea’, aditzoinak adierazten duen jarduera horretarako ‘zera’ balioa ematen dio sortzen duen izenari: altxagarri, berogarri, bigungarri, euskarri, gogorgarri, indargarri, lokarri, luzagarri, ongarri, oroigarri. Honetan -gailu atzizkiaren baliokide dela esan dugu. Hala ere, funtsean, izenondoak sortzeko baliatzen dugun -garri bera denez, balio arazle edo kausatiboa du. Hau da, -garri atzizkiak aditzaren bi argumentuetatik kanpokoa xurgatzen du, ‘arazlea’ (barne-argumentua, ‘gaia’, hitz elkartu bateko lehen osagarri gisa ager daiteke, ohe-bigungarri). Nabarmena da balio arazle hori Euskaltzaindiaren Hiztegiak bizigarri izenari ematen dion adiera honetan, ‘zerbaiti bizirik iraunarazten diona’ (gure arimen bizigarria).

  • Neri begira eziñ aspertuz antxen, ordu osuetan, semetxuaren bizigarriya berak bere petxubetan emanaz[…] (Zerbait, Otaño)
  • Au Santuak aditzera ematen dute, Orazioagatik diotenean: dala animaren ogia, munduaren bizigarria, Kristaben osasuna, Justiziaren neurria, Zeruko atea, on guzien iturria, Kristau bizitzaren zimendu, ta sustraia, birtute guzien gaia, edo kausa, eta animaren zañak, edo gozañdeak. (Kristabaren bizitza, Cardaberaz)

Baina izen eratorri hauek guztiak bizigabeak diren neurrian, erraz har daiteke kanpo-argumentu hori ‘tresna, baliabide’ gisa: ‘zerbait luzarazten, biguntzen… duen tresna edo baliabidea’; edo, beste hitzetan esanda, ‘norbaitek zerbait luzarazten, biguntzen… du baliabide horren bidez’.

Hona hemen zenbait adibide:

  • Ara hemen sei ohe-bigungarri, ondo beteak; sei buruazpiko, sei berogarri, bi berriak eta lau zarrak, danetara beharda ta. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Bestalde guk debekatzen ditugu altxagarri kimikoak, naturalak izan behar dutelako. (Herria)
  • Ziklismo mundu tradiziozaleak barre egin zion Greg Lemondi, Luxenburgoko aitzin etapan heldulekuan halako luzagarri berezi bat ipinita aurkeztu zelako. ( Berria)
  • Inguru likidoak gel bihurtzeko gogorgarri bat gehitzen zaie, agarra, ohiz (“Mikroorganismoen biologia”, EHU)
  • Izadiak berak ipiñi ditu, bada, indargarri edo laguntza sendoak. (Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)

Bestalde, oinarri gisa izen bizigabe konkretuak hartzen dituzten atzizkiak aurki ditzakegu -garri ­honen ondoren: euskarridun, lokarrikada, ongarrigintza

  • NILS beso-euskarridun aulkiaren zorroa jartzeko eta kentzeko erraza da. ( NILS, Ikea)
  • […]zein Google Play dendetan, dohainik iOS eta Android euskarridun sakelakoentzat. (Zibergela. Hiru dimentsiotan inprimatzea, Berria)
  • Aipaturiko datak aukeratzeko arrazoia, ipar hemisferioan udazkena ondo sartua zegoenean, Mexiko hiria, maiatzaren hasieratik urriaren lehen egunerarte, euri garaian egoten dela da (hiriburuko tradizioaren arabera, euriak urriak 4an amaitzen dira, eta, beraz, egun horri, “San Frantziskoren lokarrikada” deitzen zaio), aire librean egin beharreko proba ugariri kalte handia eragingo ziona. (“ 1968ko Udako Olinpiar Jokoak”, Wikipedia)
  • Tipologia orokorra: ongarrigintza. (“ Fesa”, Hiru.eus)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-garri", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3