Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:0:2

-gailu

Azkuek eta Mitxelenak ziotenez, -ailu zen -gailu atzizkiaren forma zaharra. Hala jasotzen du Villasantek ere, Mitxelenaren ohar gisa:

  • «Respecto al origen de -gailu Michelena advierte: “Parece claro, y es lo que siempre se ha sostenido entre lingüistas, que -ailu (forma secundaria -gailu) es románico de origen (lat. -aculum), romance no castellano -allo, -all, en mirail, por ejemplo, castellano -ajo, como oc(u)lu, castellano ojo; lotailu supone claramente lot-ailu, no -gailu» (Palabras compuestas y derivadas, Villasante 1974:78).

Nolanahi ere, gaurko euskaran -gailu baliatu dugu izen berriak sortzeko; eta, herskari edo txistukariaren ondoren -kailu (euskailu, herskailu, hozkailu).

Oro har, aditzoin kategoriako oinarriei eransten zaie -gailu atzizkia eta sortzen den izena konkretua izan ohi da, aditzoinak adierazten duen ekintza horretarako ‘baliabide’ edo ‘tresna’ esan nahi duena. Euskal lexikoaren historian, batez ere Iparraldeko testuetan ageri da (Hegoaldean balio berarekin -garri edo -ki erabiltzen ziren): bizigailu, estekailu, gantzugailu, gordailu, gozagailu, herskailu, itxigailu, jostailu, ongailu, oroigailu, sendagailu, tapagailu.

Adibide hauetan ikus dezakegu nola erabili diren horietako zenbait gure literatura-tradizioan:

  • Diote zenbaitek baietz: gero-ta gehiago argi, ongi, edergailu eta gozagailu dugula lurraren gainean. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
  • Eta eginen dituzu berrogoi eta hamar hersgailu kobrezkoak, zeinetaz iratxikiak izanen baitira lokharriak, estalgi guzietarik bat bakharra eginen den bezala. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Orduan ixildu zen enbaxadorea eta ez ziren Iruñen gelditu, bizigailuen hartzeko denbora baizik. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
  • Mariak aldiz, hartu zuen nardo hoberenetikako gantzugailu balios batetik libera bat; Jesusen oinak gantzutu zituen eta bere ileez xukatu; eta gantzugailuaren usainaz bethe zen etxea. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • […]gathez estekaturik eta burdiñak oiñetan emanik gorda zezaten arren, estekaillu guziak hautsirik eramaten zuen deabruak deserturat. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)

Dena den, Ipar-Ekialdeko testuetakoa izan arren, atzizki honen bidez sortutako izen bat baino gehiago erabiltzen dugu gaurko euskara estandarrean; aipatu berri ditugun horiek guztiak aurki ditzakegu Egungo Testuen Corpusean, Egungo Euskararen Hiztegian edo Lexikoaren Behatokiaren Corpusean, eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean: atxikigailu adibidez.

  • Semea bera bainoago, atxikigailu bat behar nuen, zurrunbiloaren ahoak irentsiko ninduen unea geroratuko zuen ohola. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Gauzak nola etortzen ziren, noble handi baten zerbitzua atxikigailu seguruagoa izaten ahal zen erreginaren armada baino. (Mailuaren odola, Epaltza A.)

-gailu atzizkia aski sendotua dago estandarrean ‘zerbaitetarako aparatua edo tresna’ adieran. Ildo horreko hitzak dira hauek: berogailu, bozgorailu, entzungailu, euskailu, haizagailu, hondeagailu, hozkailu, ibilgailu, ikuzgailu, igerigailu, igogailu, igorgailu, induskailu, lehorgailu, zapalgailu, zulagailu… Gramatikan ere juntagailu eredu harturik, lokailu eta menderagailu sortu dira; zehazkiago esanda, lokailu izenaren kasuan, tradizioko ‘lotura, benda’ adierari beste bat gehitu diogu: ‘diskurtso mailako lotura’.

Ikus egungo zenbait adibide:

  • Halako batean, bozgorailuetatik, abisua iritsiko zaio. (1589 atala, ” Airean ihes“, Goenkale)
  • Istorio bat idazteko zein euskailu baliatzen den bost axola dit. (Montxo Armendariz, Consumer aldizkaria)
  • Laster agertuko da hondeagailu horietako bat eta kolpe batean desagerraraziko ditu etxe horretako arima guztiak. (Musika airean, Karmele Jaio)
  • Baina ez hargatik igerigailu zuri-beltzaz ur gaina zaplastatzen dudanean. (“Bira”, Baleen kanta, Borda, I., Berria)
  • Traktorearen indargailuan arropa katigatuta edo atzituta geratzea. (“Txerrizaleok”, Sustraia aldizkaria, EITB)
  • Ilunabarrean edo ilargiaren azpian, baina irudi-indargailu bat behar izaten da; (Telebista produkzioa, Askoren artean, EHU)

Oso atzizki emankorra da, beraz, euskara estandarrean. Esan bezala, Mendebaldean, oro har, -garri edo -ki erabili izan dira bere ordez, nahiz gaur egun estandarrean -gailu guztiz hedatua egon.

Bestalde, -gailu horren emankor gertatu da, izen beregain gisa ere erabiltzen João Ubaldo Ribeirobaita gaurko euskaran, ‘tresna’ adieran:

  • Motor elektrikoek, pila nuklearrek eta beste zenbait gailu mekanikok[…] (Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro)
  • […]hegazkinetan zapatak sartzeko ematen dizuten gailu txiki horietako bat[…] (Buda zoriontsuen etxea, João Ubaldo Ribeiro / Karlos Zabala.
  • Telebista, irratia, CD gailua, liburuak. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)

Izen konkretu eta zenbakarriak sortzen ditu -gailu atzizkiak, ‘baliabide, tresna’ adierakoak, eta ondoren beste atzizki batzuk ere har ditzake: berogailudun, hozkailugile.

  • […]erriarekin, ez berogailurik gabekoek, ez berogailudunek. Hiru hilabete barru berrikusiko dituzte tarifa horiek. ( Berria)
  • Gainera, hozkailugileek oso erraz jartzen digute guztia, eta kutxatila bereziak lantzen dituzte, tapa eta guzti, gurina hotzean egoki egon dadin. (“Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin”, Argia)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-gailu", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3