Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:1:1

-ki

Esan dugu lehen ere hainbat -ki atzizki ezberdinduko ditugula: izenak sortzeko erabiliko dira horietako bi: 'tresna, baliabidea' adierako izenak sortzen ditu batek eta 'objektua, produktua' adierako izenak besteak, hemen aztertuko dugunak, hain zuzen ere; bestetik, hirugarren -ki bat ere bada, aditzondoak sortzeko erabiltzen duguna. Gogoratu lehenxeago aipatu dugun adibide-eskema hau: jaki ekologikoek gero eta arrakasta handiagoa dute

  • beroki → izena (baliabidea:'berotzeko balio duena')
  • jaki → izena (objektua, produktua: 'jateko gaia')
  • ozenki → aditzondoa

Mota bateko baino gehiagoko izenak har ditzake oinarri atzizki honek; baita aditzoinak ere. Baina sortzen diren izenak, ñabardurak ñabardura, oro har, izen konkretu, bizigabeak direnez, egoki ikusi dugu guztiak hemen biltzea. Oinarri eta adierei dagokienez, izena oinarri dutenak bilduko ditugu lehenik, eta aditzoina oinarri dutenak ondoren:

  • Batzuetan animaliak adierazten dituzten izenak aurkituko ditugu oinarrian eta izen eratorriak animalia horien ‘haragia’ hartzen du esanahi: ahateki, ardiki, bildoski, eperki, zerriki. Edo animalien gorputzeko atalak adierazten dituzten izenak: odolki, saiheski.
    • Otsuak batu zituban ariki, ardiki, erbiki ta eperki asko bere lezara berak, goguak emon ala, egun askotan jaateko. (Ipuinak, Moguel, J. A.)
    • Agur-Maria ta Gurutze-Sanduarenoiek amaika zerriki puska ta faisan-saieski eskuratu zizkidaten. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)
    • Esango dizut: oitura dan bezela, bi zuku (bi zopa); bi eltzeko: babarrun eta azak, lukainka, odolki, mondongo ta beste orrelako zikinkeriyakin nastutuak; aragi egosia, piper morruakin; estofaua; legatz gixatua illarrakin. (Neskazar, Altzaga, T.)
  • Beste batzuetan ‘jateko zerbait’ adierazten du izen eratorriak, eta oinarriko izenak, berriz, nondik sortzen den, zertaz egiten den jateko hori: barazki, esneki, gozoki, izozki.
  • Izen konkretua, biziduna zein bizigabea, ere izan daiteke oinarri, eta izenak adierazten duen multzo, klase horretako bat/banakoa izendatzen du eratorriak: aingeruki, emazteki, gauzaki, gizaki, liburuki.
    • Zure etxea baiño, ta an Zure atsegiñari so dagona, bestetara irteteko kezka gabe, anima garbia, aingeruki doatsuen pake ezarrian biotz-biotzez bat egiña, Zurezeruen uriko zerutar egiñik, gure ortzi auen gaiñetik. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
    • Adarralehertu baino lehen elizara lasterrez joanak, emazteki zonbait, arrosarioak eskuan, othoitzean ari ziren, ikharetan. (Supazter xokoan, Barbier)Ormaiztegin odolki eguna egiten dute azaroa amaieran
    • Orretarako diru askotxo bear zuen, ta lendik aurreztutakoak geitutzeko zaldu zituen janzki ta beste domudun gauzaki guziak bear-bearrekoak ez baizik. (Ipuin laburrak, Garitaonandia, B)
  • Zenbatzaileei erantsirik, batetik adieraz dezake erditze batean sorturiko haurretako bakoitza -biki, hiruki- (zazpiki, aldiz, zazpi hilabeteko haurdunaldiaren ondoren sortua da). Bestetik, hiru nahiz lau alde dituen figura geometrikoa ere adierazten du: hiruki, lauki.
  • Aditzoinari erantsirik sortzen diren izenek aditzoin horren objektuari egiten diote erreferentzia: erreki ‘okela errea’, inprimaki ‘orri inprimatua’, janzki

Mota honetako -ki atzizkia daramaten izenek ondoren har ditzakete beste atzizki batzuk ere, hala nola, -gile, -gintza, -tegi, -dun… eta honelako izenak sortzen dituzte: gozokigile, izozkigintza, izozkitegi, laukidun…

  • Guk izozkigintza lanbide bat dela diogu. («Izozki bakoitzak bere momentua du», Bira, Berria)
  • Gozokigile ona zen, baina bere dohainak oso aldi bakanetan erakusten zituen osoki, hala nola Selim Aluanek, Raduan Husainik edo Kirxak, kafe etxeko nagusiak, eskariak egiten zizkiotenean. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Zubizarreta, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ki", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3