Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:1:2

-kizun

Izenondoak sortzen dituzten atzizkien artean ere aztertuko dugu -kizun atzizkia, predikatu-sintagmak osatzen dituzten adjektiboak sortzeko ere erabiltzen delako: ikuskizun diren gauzak… Baina izenak sortzen dituen -kizun aztertuko dugu hemen. Garai batean euskarak bi aldaerak zituen, herskariduna, -kizun eta herskarigabea, -izun; baina beste hainbat atzizkiren kasuan bezala (-asun/-tasun, -ari/-kari, -eria/-keria, -oi/-koi, -or/-kor…) herskariduna nagusitu da.

Aditzoina hartzen du oinarri atzizki honek, du edo dio motakoa gehienetan (asmatu, eman, erantzun, eskatu, galdetu, igarri, ikusi, irakurri, jasan, kontatu, ospatu) nahiz da motakoa (agertu, etorri, gertatu). Atzizkiak barne-argumentua, ‘gaia’ hartzen du bere gain, eta beraz, izen eratorriak ‘igartzen dena, eskatzen dena, asmatzen dena, kontatzen dena, ospatzen dena’, etab. adierazten du: asmakizun, eginkizun, emankizun, eskakizun, etorkizun, galdekizun, gertakizun, ikaskizun, irakurkizun, jasankizun, kontakizun, ospakizun…

  • Zertako ditxin emengo asmakizun berri auek? (Kiton arrebarekin, "Orixe")
  • Eskakizun au lartzat euken beste guztiak. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Literatur jenero au olerkariaren iduripenean sortutako kontakizun labur bat da. (Ipuiak edo kontutxoak, Artola, R.)
  • Amesez beteak izaten dakie beti gazteentzat ospakizun ta jaien aintzitiko egun luzeak eta une amaitu eziñak. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Laisterka etorri ziren goitikoak eta ikusi zuten zorigaiztoko gertakizun ura. (Dirua galgarri, Izeta)
  • Bere eginkizun guztia zan ainbeste urtean, erregerena urrean egiaren alde itz egitea, euskaldunen alde atxakiak billatutea, bere lagun urkoai alebaneraiño lagundutea, eta bere etxadi maiteari ondo begiratutea. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kizun", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3