Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:1:3

-kin

-kin atzizkia ere hainbat testuingurutan erabiltzen dugu. Geroago ikusiko dugunez, joera, izaera adierako izenondoak sortzeko balio du -kin atzizkiak: haurkin, jendekin, lagunkin… Hemen, ordea, izenak sortzen dituen -kin atzizkia aztertuko dugu: hondakin, eraikin…

Aditzoin kategoriako oinarriari eransten zaio -kin atzizkia; aditzoina nor-nork motakoa izan ohi da eta aditzoinari eransten zaizkion sail honetako gainerako atzizkiek bezala, objektua, barne-argumentua biltzen du eratorpen-atzizki honek: emendakin (‘gehigarria, eranskina’ adierazten duena, eta ez gaur askotan ematen zaion ‘zuzenketa’ adiera; erdal enmienda izenaren baliokidearena, alegia), eraikin, eranskin, errekin, hondakin, zaharkin… Beste batzuetan adiera ez da guztiz gardena, ezin da asmatu aditzoinaren esanahitik abiatuz; halakoak dira etekin, mozkin.

  • Konturatu dira ez zela soilki berjakintzaren hondakin bat, alderantziz, berjakintza zela haren saila, edo, hobeto esan, haren errainua burmuinean. (Artikuluak, Mirande)
  • Behintzat, gisu-labe ttipiak xahutzen du arauka handiak baino errekin gehiago, eta badu handiak bezenbat poxelu. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Zer etekin ukan nun orduan gaixo onek, orain oroituz lotsa artzen dutan artatik, batez ere, lapurreta artan ez bainun lapurreta besterik maite ukan, besterik ez, ua ezer etzala; beraz ni ainbat errukarriago. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
Hauxe dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak emendakin sarreran: iz. Gehigarria, eranskina. Bere hartan, deus emendakin arrarorik gabe uzten delarik. [Oharra: Ez du gaztelaniazko enmienda adierazten].

Nor motako aditzoina dute oinarri etorkin (izen biziduna, salbuespentzat hartzekoa) eta izakin izenek. Atzizkiak argumentu bakar hori hartzen du bere gain.

  • Bitartean, Jangoikoaren gizon, Patriarka era Profeta onak kontatuak izan ziran: eta Aita Eternoaren semeak artu bear zuen bere jatorrizko ta jaiotzako etorkin edo kasta erregetakoan Errege santuak gutxi ta gaiztoak geienak izan ziran. (Jesus Maria eta Joseren debozioa, Cardaberaz)
  • Solon, lege egile handienak zioan aita ta amaen erhailientzat etziala batere eginen, etzelakoz izakin halako lardaskia hil dadin bere herrian. (Filosofo huscaldunaren ekehia, Eguiateguy, J.)

Aditzondo kategoriako haboro eta sobera ikus ditzakegu haborokin eta soberakin izenetan, nahiz zuzenagoa izan daitekeen haboro izan, sobera izan aditzak hartzea oinarri; izen eratorriaren esanahia bat etorriko da, hartara, gainerakoekin, ‘haboro dena’, ‘sobera dena’. Eta atzizkiak aditzaren argumentu bakarra, barne-argumentua, hartuko luke bere gain.

Joan den mendearen hasieran aparatuak izendatzeko ere erabili zen: hegazkin, urrutizkin, urrutikuskin. Oinarrien kategoria ezin da eredu emankortzat hartu (hegaz (egin), urruti hitz (egin), urruti ikus), kategoria lexikoa izan ordez, aditz-sintagmak baititugu.

  • Ara nola etetzen dion urrutizkin-txirriñak Wells-i itz-zaparrada atergabea. (Gazigozoak, "Barrensoro")
  • Ibarluzera urrutizkiñez (telefonoz) ots egin-bearra. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Urrutikuskin aundiz, gañera, eguzki-azala pikor distikorrez bete-beterik ikusten da. (Argia’ren Egutegia)
  • Urrutikuskin aundia ere bazan zeruko izarrak azterkatzeko. (Donostia, Anabitarte)

Gaian sakonduz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3