Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:1:4

-ko

Lehenago ere aipatu dugu -ko atzizkia, izenak sortzen dituen atzizkien atal honetan bertan, baina izen bizidunak sortzen dituzten atzizkien azpiatalean. Hemen, ordea, 'objektua, produktua' adierako izenak sortzen dituen -ko aztertuko dugu.

Jatorriz adizlagunari erantsirik izenlaguna sortzeko funtzioa duen -ko atzizki hau zenbaitetan erator atzizki bihurtu dela esan daiteke. Halere, jatorria kontuan izanik edo, Villasantek ez du erator atzizkien zerrendan aipatzen.

Atzizkiak, bestalde, ez du aldaerarik; baina ezin da ahaztu erator atzizkietan ez bezala, e lotura-bokala agertzen dela oina kontsonantez amaitzen denean (muturreko etab.); eta belarritako, oinetako izenetan oso argi ikusten da pluraleko sintagmek leku-postposizioak hartzen dituzteneko -eta-.

Sortzen diren izenak konkretuak eta bizigabeak izan arren, adiera ez da beti bera. Horrenbestez eztabaidatzekoa litzateke ko atzizki bakarraz hitz egin beharko litzatekeen ala hainbat -ko dauden. Nolanahi ere, azalpenak erraztearren, guztiak batera emango ditugu, sortzen den izena konkretua eta bizigabea den heinean.

  • Gorputz-atalen bati erreferentzia egiten dion izenari erantsirik, ‘janzkia’ adierako izenak sortzen dira: belarritako, buruko, gerriko, lepoko, oinetako, soineko.
    • Erramunak zeramazkian ipiñirik Praiskaren belarritako urrezkoak! (Iru ziri, Urruzuno)
    • Lepoko hau, nihaurek trikotatu dautzut, zure hogoi ta bost urteren ohoretan. (Hiru ziren, Larzabal, P.)
    • Egia da, bentaja ta aurre andia daroiola justuak pekatariari, onak gaistoari, garbiak ezain loi zikiñari; eta obe dala soñeko barri osoa, zar zatartu zatitu adobatu gelgela baño. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Beste batzuetan, gorputz-atalei erantsirik, ‘kolpea’ adiera hartzen du izen eratorriak (gorputzeko gune horretan hartzen dena edo ematen dena): betondoko, ipurdiko, kokotseko, matraileko, muturreko.

Lehen taldeko izenetan batez ere posible da beste atzizki bat ere gehitzea: oinetakogile, oinetakogintza, soinekodun, soinekogintza, gerrikogin, gerrikogintza…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3