Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:1:5

-kari

-kari atzizkiak ere izenak sortzeko balio du, eta zehazki, objektua, produktua adiera duten izenak. Baina, gogoratu, geroxeago beste -kari bat aztertuko dugula, joera, izaera adierako izenondoak sortzen dituena.

Atzizkiaren lemari (oinarrizko formari) dagokionez, [+gizakia] motako izenak sortzen dituen -ari eta izen bizigabe, konkretuak sortzen dituen -kari bereizten dituzte Azkue, R. M.k eta Villasantek. Bigarren atzizki honen lematzat biek herskaridun forma ematen dute. Egia da aspaldi sorturiko izenetan -ari aldaera ageri dela -edari, egosari, hobari, janari, opari… Baina -kari da nagusitu den aldaera; horren erakusgarri dira, esaterako, egosari vs. egoskari, eltzari vs. eltzekari bikoteak; bietan -karidun izena da Hiztegi Baturako aukeratua.

Mota bateko baino gehiagoko oinarriak har ditzake atzizki honek, nahiz atzizkiak esanahi bertsua ematen dien sortzen diren izenei, ‘objektua, zera’, alegia:

  • Aditzoinei erants dakieke, da zein du motako aditzoinei. Kasu batean zein bestean, -kari atzizkiak aditzoinaren barne-argumentua biltzen du: edari, eginkari, egoskari, eskari, gertakari, helkari, opari, salkari.
    • Libratu izan nau Jaunak eginkari gaixto guzietarik; eta goardatuko ere nau zeruko bere erresumakotzat. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)
    • Badira, etxe eta aziendentzat bezala, uholde, harri eta bertze helkari gaixtoentzat ere. (Iturriagaren solastaldiak, Duvoisin)
    • Elizara bere ikasleakin igota, ikusi zituenean eliz-atarian idi, ari eta usoak sakrifizioetarako saltzen, eta diru-trukatzeko maiak ere bazeuzkatela, aserretu zitzaion, soka bat artu zuen eta guziai kolpeka eraso zien, eta salkari eta saltzalle guziak andik kendu zituen, ziosala: Ez nere Aitaren etxea sal-etxe egin. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
  • Denbora erreferentzia duten izenei erantsirik, maiztasun horrekin gertatzen den, idazten den, argitaratzen den… zera adierazten du: astekari, egunkari, hilabetekari, urtekari. Adiera kontuan harturik, hemen sar ditzakegu hamaboskari, hiruhilabetekari, seihilabetekari zein biurtekari ere, nahiz oinarrian zenbatzailea edo kuantifikazio-sintagma izan (hiru hilabete, sei hilabete)1.
    • Sari-gaia, betirako, euskel-artikuloa bedi, euskel ala erdel-egunkari, naiz astekari, naiz bestelako edozein aldizkingietan agertua. (Itz-lauz, Lizardi)
    • Bada, horra nun eskurat heldu zaukun 1934garrenean, haurrentzat egin urtekari pollit bat, Gauden gu Euskaldun,eta urtekari hortan gure herritarrak ager-arazi lantto bat. (Azkaine gure sorterria, Zerbitzari)
  • Fonologiaren arloko terminoak sortzeko baliatu dugu azken urteetan, batzuetan ahoko parteren bat adierazten duten izenei erantsirik, ezpainkari, sabaikari, sudurkari, zintzurkari; hemen sar dezakegu txistukari ere. Beste batzuetan, ostera, artikulazio-modua adierazten duen oinarria dugu, aditzoin kategoriakotzat har dezakeguna: herskari, igurzkari, trabari.
    • Euskaraz maiztasun handikoa den beste afrikatze bat txistukari igurzkari biren elkartzean sortzen da (adib., ez zen etorri, ssŠts: etsen etorri). (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
    • Arnasbehekari terminoa orokorra da oso, eta igurzkari terminoak ez du ezer esaten itxiera maiari buruz, bain gogora ekartzen du aireak eragiten duen igurtzia (lat….). (Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa, Saussure, F. / Isabel Arrigain)
  • Baditugu, azkenik, otordua adierazten duten afari, bazkari, gosari eta berriagoa den askari, ihartutzat jo ditzakegunak.

Ondoren ager daitezke beste atzizki batzuk ere: aldizkarigile, aldizkarigintza, oparidun, oparigile, oparigintza.

  • Nik berriz, ene Iainko, ene edertasun, emen ere eresi egiten dizut eta “gorespenezko opari” oparigille Ori, esku antzetsu aien bidez datorrena animaz gaindiko edertasun artatik baitator. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • Orain arteko teoriak oparian edo opariaren hartzailearengan zentratu izan dira, eta horixe izango da nire ekarpena: oparigintza oparigilearen ikuspegitik aztertzea; horren funtzioan aztertzea gainerako guztia. (Itsasoan euri, Garzia, Joxerra)
1 Villasantek dioenez Ekialdean larunbatkari eta abarrek zuten adberbio-baliotik abiatuz (larunbatero-ren parekoa) sortu diren izenak, oro har 'urtean behin argitaratzen dena', 'astean behin argitaratzen dena'… adierazteko baliatu ditugunak. Bide batez, aipagarriak dira sintagma egiturako oinarriak dituzten hiruhilabetekari, seihilabetekari, biurtekari… izenak lexikoan sortzen baitira, oro har. Hau da, kategoria lexikoak dira oinarriak (ez sintagmak) eta atzizkiak erantsiz, kategoria lexikoak sortzen dira

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kari", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3