Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:2:1

-tegi

Lekua adierako izenak sortzen dituen -tegi atzizkia aztertuko dugu hemen: apaiztegi (apaizak dauden lekua), liburutegi (liburuak dauden lekua)… Hala ere, ez ahaztu badela beste -tegi bat ere, 'multzoa' adierazten duten izenak, izen multzokariak sortzen dituena: arautegi (arau multzoa), izendegi (izen multzoa)…

Lemari dagokionez, hemen ere -egi forma zaharrari (jauregi)1, herskaridun -tegi nagusitu zaio; hauxe da forma nagusia, hitz berriak sortzeko erabili dena. Hasierako herskari ahoskabea, sudurkariaren edo albokariaren ondoan ahostun bihurtuko litzateke, noski. Izen konkretu bizigabeak zein bizidunak izaten ditu oinarri eta atzizkiak ‘lekua’ adiera gehitzen die. Beraz, oinarriak adierazten dituen ‘zera’ horiek dauden lekuari egiten dio erreferentzia izen eratorriak: apaiztegi, apezpikutegi, ardandegi, arrandegi, artegi, bizartegi, epaitegi, erlategi, eritegi, errementaldegi2, itegi, jauregi, liburutegi, lorategi, oilategi, okindegi, santutegi, zerritegi

Euskal literatura ondareko izenak dira aipatu berri ditugunak. Azken urteetan sortuak, berriz, beste hauek: auzitegi, aztarnategi, barnetegi, berotegi, euskaltegi, filmategi, frutategi, gasolindegi, kafetegi, kontsultategi, negutegi, urdaitegi… Hauen artean sar dezakegu laborategi ere, gaztelaniazko laboratorio eratorriaren egokitzapentzat har dezakeguna.

  • Espainiako Auzitegi Nazionalak Itoizko urtegiaren proiektua baliogabetzat jo zezala lortu zuten koordinakundeko abokatu Jose Luis eta Maria Jose Beaumontek, 1995. urteko irailean. (Itoiz, porlanezko gezurra, Edurne Elizondo)
  • Gainera Markos noranahikoa zen; igeltsero lanetan ibilia zen, abere-esplotazio zein negutegi batzuetan lan egindakoa ere bai, etxeko elektrikako konponketak berak egiten zituen, eta halako beste mila kontu. (Erretzaileen eremua, Jon Alonso)
  • Euskaltegi bateko ikasle batek esana. (Hitza azti, Iñaki Arranz)

Eredu nagusia izenari gehitzea izan arren, badira aditzoinari erantsirik sortu diren izenen adibideak ere: amildegi, apaindegi, biltegi, entzutegi, haurtzaindegi3, hornitegi, zaindegi.

  • Errekara bidean, hazi eginen dira amildegi arteko harkaitzak, zitaldu horma garai arteko ataka sakonak. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Trufatze zenbait ez bainituen hola onartzen, azkenean “ausweis” bat emaiten dautate, paper horri esker libertate osoan ibiltzen niz biltegi guzietan. (Oilandoko ermita, Michel Oronoz)

Toponimian ere ugari aurki dezakegu -tegi, baina, jakina, Alonsotegi, Antsotegi, Baltzategi edo Gomistegi aspaldi ihartu zen eredu baten lekuko dira.

  • Bere naikide ta aurkari Alonsotegi beste ainbeste egiten asi zan. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Baina, nire omentxoa tartean ipiniz, hauek denak ziren goizero ahalegintxoa egiten zuten guneak: Algorta, Alonsotegi, Amorebieta, Arboleda, Barakaldo, Basauri, Durango, Etxebarri, Gernika, Gordexola, Leioa, Lekeitio, Lemoa, Mungia, Santurtzi, Zalla. (Zeruan zer berri, Zabala, P.)
1 Beste batzuetan ez dago jakiterik -egi ala -tegi den atzizkiaren forma: artegi, itegi… oinarriaren amaieran herskaria dagoenez, hitz berrian beti herskari ahoskabea genuke, atzizkia bokalez nahiz kontsonante herskariz hasi (Mitxelena (1961:250).
2 Errementari izenak azken bokala galdu eta -r > -l aldaketa gertatu da oinarriari atzizkia gehitzean.
3 Berez hitz elkartua, haur + zaindegi.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tegi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3