Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:4:2:2

-gia

Hainbat aldaera edo alomorfo izan ditu atzizki honek gramatikariek diotenez1 Baina -gia da bereziki Zuberoako euskaran erabili den atzizki honen lema; hala ematen dute Salaberryk (1856) eta Lafitte, P.k (1944). Eta hauxe da, hain zuzen, Iparraldean hedatuena. Leku batzuetan -a itsatsia oso goiz galdu zen eta horrek azaltzen du zubereraren -gü aldaera (bazkagü, egongü erabili zituen Maister, M.ek), baita gainerakoak ere, Hegoaldekoak (aipagarria da mende honetako Hegoaldeko autoreak izatea batik bat -gu aldaera darabiltenak).

  • […]parte bat hain bazka honeala eraman dükezüna, zoinek beste bazkagütan[…] (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
  • Saintü eta benedika ezazü ene arima, zelüko benedikzioniaz, amurekatik zure egongü saintü bat, eta zure gloria eternalaren jargü bat, gertha dadin, eta zure handitarzünaren tenpluan deus eztadin ediren[…] (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
  • Munduko ibillaldi laburrean aurkitu barri dauan egongu erdiragarria. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Ain zuzen, an ninduzun Yaunaren eriotz-atsaldean, Golgotako illunaldia ikusi ezkero, Abrahan en egongu artara eragin bainidun Yainkoak Tabor mendira bezala. (Kiton arrebarekin, "Orixe")

Hiztegi Baturako -gia hobetsi da. OEHko corpuseko adibideek ere argi erakusten digute -gia dela lema egokia.

Aditzoinari eransten zaio -gia; atzizkiak ‘lekua’ adiera ematen duen heinean, berdin dio zein motatako aditzoinei eransten zaien, ez baitu eraginik aditzaren argumentu-egituran: bilgia, egongia, gordagia, hazgia, igarangia, jangia, jargia, langia, sargia…

Ikus ditzagun euskal literaturako adibide batzuk:

  • Bilgia nagusia izan arren Chino-n, / ibilia naiz ere ikuska Idaho-n. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Kamelua eta Mikaela heldu dira ezkerretik, aintzineko aldetik, gordagiatik hurbil. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Haren arima gaixoa, nahi gabez bere lekhutik, eta egongiatik ialki, eztakianez norat doen, ala infernurat, ala zelurat, dolore, eta regretu handirekin bere gorpitzetik, ialkitenda, eta tristura handitan, harganik konjit hartzen, eta hari azken adioa erraiten. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Badakit non zaudian, Satanen jargia den lekhian; eta edükiten düzü ene izena eta ez-tüzü ükhatü ene sinhestia. (Beste zenbait itzulpen, Intxauspe, E.)
  • Ber egongia ezarri dü ekhi barnen; ohetik jaikiten den senhar gaztia üdüri dü. (Beste zenbait itzulpen, Arxu, J. B.)
  • Bakiak dü pausia lagün, biak die gizonaren zorthü hona egiten, ta arima xüxena da hen egongia, liliz üngüratürik dagoena, gizon xüxenaren egarria dena. (Filosofo huscaldunaren ekehia, Eguiateguy, J.)
  • Besteri galeraztia mixkandigua baten, partidu gisako baten, bortha baten, lankhia baten, gihaurek ezin ükheiten dügülakoz. (Mysterio eta eguia guehienac)
  • Harri handi bat inguruka ezarri onduan hil hobiaren sargian, yuan zen. (L'Évangile selon saint Mathieu, Salaberri de Ibarrole)
1 Azkuek euskalkien arabera banatzen ditu: -gu ematen du lematzat, eta Erronkarin eta Zuberoan erabiltzen dela adierazten du; horren aldaeratzat hartzen ditu -gio, Erronkarin eta Aezkoan erabiltzen dena eta -go, Nafarroa Beherean erabiltzen dena. Lhande, P.k (1926) -gi (-gu atzizkiaren aldaeratzat hartzen duena) eta -gia ematen ditu sarreratzat.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-gia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3