Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5

Egoera, gertaera, ondorioa

Atal honetan aztertuko ditugun atzizki guztiek izenak sortzen dituzte, 'egoera, gertaera, ondorioa' adierako izenak:

  • -zio: amorrazio, asmazio, begitazio, burutazio…
  • -dura: aztura, bilkura…
  • -tze/-te: edate, haste, ikaste…
  • -keta: azterketa, bahiketa, bozketa, erosketa, galdeketa…
  • -men/-pen, -mendu: itzulpen, laburpen, ukimen, kontsolamendu…
  • -era: igoera, erabilera, sarrera…
  • -ginan, -ginean: bertsoginan, txorixoginan, kakaginan…
  • -kuntza: eraikuntza, hezkuntza, hobekuntza, ikerkuntza…
  • -kunde: egikunde, nahikunde…
  • -tza/-tze: aitortza/aitortze, bizitza/bizitze, egoitza, ekintza, emaitza, ezagutza, ezkontza…
  • -ada: bultzada, burrunbada, irristada…
  • -antza, -antzia: akabantza, alegrantzia, eskudantzia…
  • zero atzizkia: irabazi, eduki, ukitu…

Nominalizazio atzizkiak

'Nominalizazio atzizki'ak, hau da, aditzoinari eransten zaizkion atzizkiak, ez dira euskal gramatikari askoren aztergai izan, eta oro har, gutxi aztertu izan dira. Hala ere, hizkuntzalari gehienak bat datoz aditzoinari eransten zaizkion atzizkiek bi eratako adiera gehitzen dutela:

  • aditzoinak adierazten duen gertaera edo ekintza hori gauzatzea
  • ekintza horren ondorioa

Piarres Lafitte Hala ere, askotan bi adiera horiek nahasi egiten dira eta ez da erraza bereiztea noiz den gertaera eta noiz ondorioa. Are gehiago, gerta liteke izen eratorri berak bi adierak hartzea. Ikus gaztelaniazko bi adibideok:

  • El viaje hasta Paris ha durado muchas horas. → ekintza
  • El viaje a Paris esta pagado. → ondorioa

Lehenengo adibide horretan viaje izenak ekintza balioa du, bidaiatzea, alegia; bigarren adibidean, berriz, ‘ondorio’ balioa, bidaia-txartela ulertu liteke hor.

Bestalde, ‘ekintza’ terminoaren egokitasunaz ere badira zalantzak; ‘ekintza’, ‘gertaera’, ‘prozesua’… guztiak erabili dira 'zerbait gertatzea, gauzatzea, egitea', adierazteko. Nolanahi ere, ‘ekintza’ eta ‘ondorioa’ dira gehien erabiltzen diren terminoak.

Atzizkien sailkapena

Euskaraz, Azkuek “denota acto” dio oro har Diccionario vasco-español-francés lanean, nahiz bi azpisailetan banatzen dituen ondoren aztertu ditugun atzizkiak:

  • ‘derivados operativos’ → -keta
  • ‘derivados nominales efectos’ → -ada, -dura
  • -Kuntza (c,…), sufijo derivativo, que denota acto: suffixe dèrivatif, qui dénote l'acte. ATZERAKUNTZA (Bc), retraimiento: reculade, manque d'enthonsiasme. IZKUNTZA (AN, B), Lenguaje, langage. OHIKUNTZA (BN, L): hábito, costumbre: habitude, coutume. OKERKUNTZA (B?, Añ.), yerro: tort, dommage. ( Diccionario vasco-español-francés, Azkue, R. M.)

Ekialdeko gramatikariek ere (Lafitte, P.k (1944) eta Arotçarenak (1951) adibidez) 'action' eta 'résultat' sailak bereizi izan dituzte.

Lafitteren sailkapena hauxe zen:

Hualdek (2003) atal bakarrean bildu zituen guztiak, ‘ekintza’ edo ‘ondorioa’ adieraz dezaketen atzizkien atalean; dena den, ñabardurak ere gehitu zituen, esanez atzizki batzuek ‘ekintza’ adierazten dutela gehienetan (-pen, -keta edo -menduk) eta beste batzuek ‘ondorioa’ (-dura).

Bestalde, ‘ekintza’ (gertaera) eta ‘ondorioa’ bereizten lagun dezaketen irizpideak eman dituzte zenbait hizkuntzalarik, hala nola Grimshawk (1990) eta Artiagoitiak (2000):

  • Gertaera-izenek ez dute pluralik onartzen
  • Gertaera-izenek nekez onartzen dute erakuslea
  • Gertaera-izenak ez dira predikatu-gisa agertzen
  • Gertaera-izenek erraz onartzen dituzte iraupena adierazten duten modifikatzaileak; ondorio izenek, ez
  • Gertaera-izenek nekez onartzen dituzte adjektiboak
  • Gertaera-izenek ez dute bat zenbatzailea onartzen

Diccionario vasco-español-francés Bestalde, kontuan hartu behar da atzizki berak adiera bat baino gehiago har ditzakeela (goraxeago eman dugu gaztelaniazko adibide bat), Lafitte, P.ren sailkapenean ikusi berri dugun bezala; areago, izen berak ere, erabileraren arabera, balio bat edo bestea izan dezake.

  • Zezenaren sarrera oso bortitza izan da plazan. → ekintza
  • Kontzerturako sarrerak erosi ditut jada. → ondorioa
  • Eraikineko sarrerak oso estuak dira. → ekintzaren lekua

Sarrera izenak ekintza adierazten du lehenengo adibide horretan; bigarren adibidean, berriz, ondorioa adierazten du, 'gauza' bat erosi dugula; azkenik hirugarren adibidean, sarrera eta irteera leku-ñabardura hartzen duten izenak dira, ekintza zein lekutan edo zein lekutatik egin behar den adierazten digutenak. Ez da harritzekoa, beraz, atzizki bat aztertzean adiera bat baino gehiago ikustea; arestian aipatutako Lafitte, P.ren (1944) sailkapenean ere -men/-mendu bi sailetan ageri da.

Azkenik, kontuan izan behar dugu 'ekintza' edo 'gertaera' adierazten duten neurrian, atzizkion bidez sortzen ditugun izenak argumentudunak direla. Horrek esan nahi du aditzoina zein motatakoa den eta nolako argumentu-egitura duen ere aztertu beharko dela, argumentu-egitura hori ‘bereganatu’ egingo baitu izen eratorriak. Adibideetan ikusiko dugu argumentu horiek nola ageri diren. Hala ere, inguruko hizkuntzetan gertatzen den bezala, 'ekintza/ondorio' izenokin beti daude salbuespenak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Egoera, gertaera, ondorioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3