Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:1

-dura

Datozen lerroetan ikusiko dugunez, atzizki honekin ere 'gertakaria, ondorioa' adiera duten izenak sortzen dira. Lemari eta aldaerei (alomorfoei) dagokienez, -tura/-ture atzizki erromantzearekin lotu den atzizki honek -tura aldaera har dezake txistukariaren ondoan, egitura (partizipioaren azken sudurkaria galduta): aztura, herstura; -kura ere ageri da bilkura1 izenean.

  • Orietatik batzuek bekatuen zorretatik datozenak dira, ta beste zenbait bekatu beren aztura gaistoetatik datozenak. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Hala bada bekhatorea ere, gero eta gero galtzenago, errebelatzenago eta bere aztura gaixtoetan barrena sartzenago da. (Guero, "Axular")
  • Herstura izigarri hura etzen bakharrik yende xehentzat eta erromesentzat, den aberatsenak eta frankia guzian ohituak, etziren guphidetsiagoak, etzuten bertzek baino gutiago pairatzen golletearen partetik. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
  • Bilkura denboran egonen zirezte ixil-ixilik, saihetseko salan. (Matalas, Larzabal, P.)

Nolako aditza oinarrian?

Atzizki hau Ekialdean erabiltzen da nagusiki eta da/du motako aditzei erantsirik gehienetan; zehazkiago esateko, inkoatibo-kausatibo motakoei: apaindu, beztitu, elikatu, gaizkoatu, garbitu, gogortu, harritu, hedatu, kilikatu, kutsatu, laztu, uhertu, zimurtuNor-nork motakoekin ere ageri da: deitu, egin, josi, lotu…, da motakoekin ere bai: hozitu, kexatu:

  • da/du aditza (inkoatibo-kausatiboa) + -dura:
    • apaindu > apaindura, elikatu > elikadura, gaizkoatu > gaizkoadura, garbitu > garbidura, gogortu > gogordura, narriatu > narriadura, elikatu > elikadura, garbitu > garbidura, eten > etendura, harritu > harridura, hedatu > hedadura, klikatu > klikadura, kutsatu > kutsadura, laztu > laztura, uhertu > uherdura, zimurtu > zimurdura, apaindu > apaindura, beztitu > beztidura, gogortu > gogordura, hanpatu > hanpadura, harritu > harridura, hertsi > hertsidura, kutsatu > kutsadura, laztu > laztura, uhertu > uherdura, zimurtu > zimurdura…
  • nor-nork aditza + -dura:
  • da aditza + -dura:
    • hozitu > hozidura, kexatu > kexadura, abiatu > abiadura, kexatu > kexadura, komunztatu > komunztadura, aztura, umidura…

Ikus hemen beste adibide zenbait:

  • Bertzalde gure oihana etzen osagarriarentzat hoberenetarik bere umidura eta aire eskasarekin. (Banhar deitu salbaiak, Zerbitzari)
  • Gaixto da zauria, baiña gaixtoago gaizkoadura. (Guero, "Axular")
  • Zeren, ote dakizu zenbat sufritu zuen anaiak, hark bere buruari egin zizkion zaurien gaizkoaduraren ondorez? (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Are gehiago, hozidurak ianez gero ere, lurraren humidurak ete hezetasunak gaiñerakoa ustel eztiazon, atheratzen du noizik behin kanporat, airatzera eta iguzkiztatzera: eta orduan denbora onaren seiñalea dateke. (Guero, "Axular")
  • Josepak ezer esango eban bildurrik ezegoan: lagun ona ta ixilla zan bera, dongatasun bagea, besteak baño azpildura ta ausardi geitxuago eukazan baña. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Gero arzen du Alba, baita elizako atorra, zein Meza erraten duenak janzizen baitu, onek adizera ematen draugu beztidura txuria, zeñes Herodesek manatu baizuen bezti zezaten irudirik hari zela gizon heroa eta juizio bagea zeren galdeginika aniz gauza ezpaizio respondatu, eta beztidura ones beztitu, eta Herodesek, eta Korteko jendeak, eta soldadoek egin zuten arzas burla, idukiturik herozat. (Tratado de como se ha de oyr missa, Beriayn, J.)

-dura atzizkiaren adiera

Oro har, atzizki honek ‘ondorioa’, ‘emaitza’ balioa dauka eta sortzen dituen izen eratorriek ere adiera hori hartzen dute. Ildo horretan, apaindura izenak ez du ‘apaintzea’ adierazten, horren ondorioa baizik, 'apaintzearen ondorioa', alegia. Gauza bera esan daiteke gogordura, harridura, laztura, eta beste hainbat izenez. Beraz, izen eratorriak ez ditu heredatuko aditzaren argumentuak (horiek ez dute zertan azaldu perpausean), eta, aldi berean, izen horiek har ditzakete plural markak, izenondoak, zenbatzaileak…

Ikus zenbait adibide:

  • Izadiaren edo gizonen ankerkeria bortitzek laztura eta sumindura eragin dezakete, baina ez dizute eragiten gauzatxo etsigarri batzuk ikustean bizkarrean eragiten dizun hozkirri hori. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)
  • Hedadura lau eta grisetan ez zen bizitza-aztarnarik ikusten, ez gizakienik ez orkoenik; (Eraztunen Jauna III, J.R.R.Tolkien / Agustin Otsoa)
  • […]bihotz taupaden erritmoa bizkortu zitzaion, garondoko kilikadura areagotu, nerbioak dantzan jarri. (Denak du bere prezioa, Miguel Angel Mintegi)
  • kaleko Gabon apaindurak seinalaturik. (1048. atala, Sareko arrain handiak, Goenkale)
  • Beren alkandorak, jaietako beztidurak, Madrilen enkargatzen dituzte. (Azken egunak Gandiagarekin, Azurmendi, J.)
  • datuek ñabardurak behar dituztela, alegia. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

Baina ez dago beti hain argi ‘ondorioa’ ala ‘gertaera’ adierazten duen (eta orduan aditzaren argumentua agertuko zaigu izenaren inguruan). Gogordura izenari, esaterako, bi adiera ematen dizkio Egungo Euskararen Hiztegiak: ‘ariketa fisikoa eginda gero gorputzean sentitzen den mina; ‘gorputz atalen bat gogortzea’.Eta hanpadura izenaren definizio gisa ‘hanpatzea’ ematen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak batetik (zauriaren hanpadura); baina bestetik, ‘enfasia’ adiera gehitzen dio, Hizkuntzalaritzarako.

Bestalde, hizkuntzalaritzarako edo matematiketarako, hitz berri mordoa sortzeko balio izan du -dura atzizkiak: batura, berretura, biderkadura, hanpadura, kendura, komunztadura, zatidura…. Matematika arloko terminoetan argi adierazten da ‘ondorioa’ adiera: batura > ‘batuketaren emaitza’; berretura > ‘berreketaren emaitza’; biderkadura > ‘biderketaren emaitza’, etab.

Glosategia

  • Alomorfo: Morfema batek izan dezakeen forma fonologiko bakoitza, morfo bat baino gehiago daukan morfema.
1 OEH: La forma más empleada es bilkura. En los textos septentrionales (no suletinos) anteriores al s. XIX, en los alto-navarros, y en algún guipuzcoano como Ubillos se documenta bilgura

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-dura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3