Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:10

-ada

Euskal lexikoan hainbat hitz sortzeko baliatu den arren, -antza bezala nahiko atzizki ihartua da -ada.

Atzizki honekin sortzen diren izenen oinarrian aditz-esapide bat egon ohi da, [onomatopeia + egin] egitura izan ohi duena: irristada < irrist egin, purrustada < purrust egin, tarratada < tarrat egin, txirristada < txirrista egin, ziztada < zizt egin, zurrutada < zurrut egin… bultzada izenaren oinarrian, esaterako, [Izena + egin] egiturako aditz-esapidea dago. Batzuetan aditzoin kategoriako oinarria ere ikus daiteke: bultza(tu), irrista(tu), zizta(tu)… Sortzen den izenak ez du ‘gertaera’ adierarik, ‘ondorioa’ baizik. Hala erakutsiko lukete gertaera-izenak ondorio-izenetatik bereizteko aipatu ditugun ezaugarriek: plural marka har dezakete, baita erakusleak ere; bat zenbatzailearekin ager daitezke, baita adjektiboekin ere… Bultzada, burrunbada, irristada, purrustada, tarratada, taupada, zaplada, zarrastada…

Hona hemen zenbait adibide:

  • Sirenen ondoren oso baxu zihoazen helikopteroen harrabotsak eta tankeen burrunbadak zerbait gogorra jazoko zela adierazi ziguten. (Palestina, zure mina, Bilbao, B.)
  • […]zotza purrustada batez ahotik lurrera botaz[…] ( "Horko jipoia, hango lapurreta!", Goenkale 1318. atala)
  • Zarrastada bortitz batek goitik behera inarrosi ninduen. (Xake mate, Alberto Ladron Arana)

Azkue, R. M.k eta Villasantek izen bizidunei, batzuetan izen propio ere badirenei, erantsirik sortutako Zamakolada, Matxinada edo Karlistada eta horien antzekoak aipatzen dituzte, aspaldi honetan izen berririk sortu ez duen bide baten adierazgarri. Mitxelena, K.k erdal sanrocada, gamazada etab.en hurbiltasuna ere aipatu zuen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3