Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:2

-tze/-te

Bi atzizkiok ere 'egoera, gertaera, ondorioa' adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen dira. Lafitte, P.ren ustez -tze da lema; Azkue, R. M.rentzat, berriz, -te. Nolanahi ere, bata zein bestea aukeratzea aditzoinaren inguruneak baldintzatzen du. Euskalki-mailako ezberdintasunak ere badaude: bizkaieraz askotan -te erabiltzen da gainerako euskalkietan -tze erabiltzen den izenetan (ekarte/ekartze, errete/erretze, hilte/hiltze, jote/jotze…).

  • Orregaitik, zerbait moteldu ziran, zantzo, alboka jote ta artzain-abestijak len euki ebezan zolitasunak. (Jaioterri maitia, Etxeita, J. M.)
  • Au ikusten da sarri lan edo biarretan dabiltzanian; ta lotsagarrija da zelan juaten diran batzuk iturri edo ibaijetara, lexiba jote nai beste zerbait garbitutera. (Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Moguel, J. J.)
  • Anibal nai Szipionen gudamutilak ezpataz, igunez, geziz, abailez egin ebezan euren atomada ta esetsiak, euren alkar yote ta saki ta zauritze ta ilteak. (Latsibi, Azkue, R. M.)

Dena den, euskara estandarreko aldaerei lotuko gatzaizkie hemen.

Txistukariaren eta sudurkariaren ostean, oro har -te erabiltzen da euskalki guztietan: edate, haste, ikaste, ikuste, iraute, jakite… Dena den Mitxelena, K.ren (1961:346) hitzen aurrean zaila da lematzat forma bakarra aukeratzea1.

Edozein aditzoinek onartzen du -tze atzizkia eta horixe da hain zuzen ekintza edo gertaera adierazteko forma markatu gabea, beste edozeinen ordez ager daitekeena. Kontuan izan behar da, dena den, izenak sortzen dituen atzizkiaz ari garela, ez perpaus jokatugabeek duten nominalizazio-moduaz2. Alde honetatik, askoz maizago aurkituko ditugu -tze atzizkiaz sorturiko izenak Iparraldeko testuetan (azken batean aurreko puntuan ikusi dugun -tze bera da), gertaera-izen balioan (erakusleaz lagundurik ere bai inoiz edo behin):

  • Mariaren sortzeak bozkariotan ezarri du Zerua. ( Andre-dena Mariaren ilhabethea)
  • Bihotz onez oroitze utsak atsegin ta gustoz urturik bezala uzten du bihotza:[…] (Jesusen Bihotzaren Devocioa, Mendiburu, S.)
  • […]euskaraz mugagabeak ere aurrera daitezke (…) aurreratze horrek, azkenik galdegaia altxa dezake[…] (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Arabako [euskeraren] atzeratzearen kezka argi azaltzen du, esate baterako, Aita Kardaberatzek. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • […]elkarren ondo-ondoan zeuden neskak, urre eta beltz, eguzkiaren sartzea interesik gabe miresten, lepoko zapiak ukituz, irribarreak zuzenduz elkarri. (Artistakume baten erretratua, Dylan Thomas / Navarro, K.)
  • Goiz batez Boris Klotz medikua, haste hartan ezagutu nuena, jin zitzaidan. (Alemaniara deportatua, Grégoire Joannateguy, Marzel Etxehandi)
  • Larunbatean, abendoak 18, Olentzeroren jiteak airostuko ditu Baionako karrikak. (“Baionatik berri zenbait”, Herria)

Dylan Thomas

-tze atzizkiak gertaera-izenak osatzen dituen heinean, izen eratorriak heredatu egiten du aditzoinaren argumentu-egitura, eta horrek esan nahi du argumentu horiez lagundurik azaldu behar duela: hitz elkartu baten bidez (eguzki-ilkite, eguzki-sartze3) edo izenlagunaren bidez (eguzkiaren sartzea, Olentzeroren jitea). Gerta daiteke argumentua testuan lehenago aipatua delako berriro ez ematea: goraxeago eman dugun Mitxelenaren adibidean, euskaraz mugagabeak ere aurrera daitezkeela dio lehenik; argi dago, beraz, zer den aurreratzen dena. Horregatik da errazago ondoren erakuslea erabiltzea eta argumentua isilean uztea: aurreratze horrek

Bestalde, -tze / -te atzizkia Mendebaldeko -era atzizkiaren baliokide dela esan daiteke: hasiera/haste, etorrera/jite, sarrera/sartze…

Baina behin baino gehiagotan, adjektiboaz, erakusleaz edo ‘ondorio’ adierako izenekin ohikoak diren beste elementu batzuez lagundurik ere aurkituko ditugu -tze atzizkidun izenak. Hona hemen adibide batzuk:

Hala ere, ez dirudi ‘ondorio’ balioa beste atzizki batzuekin bezain argi ikusten denik.

Bada gure artean beste auzi bat ere, zenbateraino den egoki euskara estandarrean -tze atzizkiaz baliatzea izenak sortzeko. Mitxelena, K.ren (1988: 45) iritzia ekar dezakegu hona:

  • “norbaitek esan omen du hizkuntza landuetan -te -tze bezalako gramatika-atzizki arrunt batek ordezkari hoberik eta berezirik izan ohi duela. Tira, ingelesa aski landua eta ikasia da eta -ing ez dabil hain urrun gure atzizkitik. Hala guztiz, ordez, barrra-barra erabiltzen dute -ing4
1 «En algunos dialectos -te y -tze alternan en el sustantivo verbal (…). No debe pensarse, sin embargo, que -tze sea el resultado de t + t: se trata probablemente de sufijos de distinto origen».
2 Gai honetan sakondu nahi duenak jo dezake, besteak beste, Goenaga, P.ren (1984) lanera.
3 Horrelako adibide asko ikusiko ditugu kapitulu honetan bertan, Hitz-elkarketa aztertzean; zehazki, Izen-elkarte sintetikoen zer-nolakoen berri ematean
4 Gai honetaz gehiago jakin nahi duenak Azkarate, M. (2009) kontsulta dezake.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tze/-te", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3