Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:3

-keta

'Ondorioa, gertaera, egoera' adierazten duten izenak sortzen dituen -keta atzizkia aztertuko dugu atal honetan, baina gogoratu, beste -keta bat ere aztertu dugula lehenago: izen multzokariak sortzen dituena.

Literatura-tradizioan, du motako aditzak hartu ditu gehienbat oinarrian atzizki honek; eta euskara estandarrean ere -keta atzizkiaz sortutako izen askok du motako aditza dute oinarrian. Aditz horiek askotan ‘egilea-gaia’, edo ‘arazlea-gaia’ (garbitu, hil…) argumentu-egitura dute, ekintza bat adierazten dute. Garrantzitsua da argumentu-egitura nabarmentzea, du motakoak izan arren, ‘jasailea’-‘gaia’, ‘esperimentatzailea’-‘gaia’ egiturakoek, hau da, aditz psikologiko deitu zaienek (desiratu, deitoratu, mespretxatu, pairatu, sentitu, sufritu…), oro har, ez baitute -keta atzizkia hartzen.

Ildo horretan, -keta atzizkiarekin sortzen den izenak bi adierak har ditzake, bai ‘ekintza’ (edo ‘gertaera’), bai ‘ondorioa’: araketa, ardazketa, azterketa, bahiketa, bozketa, erosketa, galdeketa, garbiketa, harilketa, heziketa, hilketa, irakurketa, ikasketa, ikerketa, mozketa, salaketa, sendaketa, soilketa, zainketa, zapalketa, zorrozketa, zuriketa, zuzenketa…

Euskara estandarrean da motako aditzei ere erantsi zaie -keta atzizkia, ‘gertaera’ adierako izenak sortzeko. Gure corpusetan aurki daitezke biraketa, erorketa, susperketa, etab.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak erorketarekin batera tradizioko eroriko ere arautu du; susperketa ez du jaso baina bai suspertze; biraketa, aldiz, onartu du euskara estandarrerako, oso erabilia da, besteak beste Fisikan.

‘Ekintza’ adierako izenak erraz har dezake barne-argumentua, ‘gaia’ (edo objektua) biltzen duen izenlaguna1; edo hitz elkartu batean ageri bada, lehen osagaiak adieraziko du objektua. Orobat, iraupena adierazten duen modifikatzailea (izenlaguna) ere har dezake:

  • Lehen ekintza publikoa Aramburu jeneral eta presidente ohiaren bahiketa eta hilketa izan zen, 1970eko maiatzean. ( Egunkaria)
  • Diru-zuriketa;
  • Romanoren tortura salaketa artxibatzeak eta, gainera, torturak salatzeagatik Guardia Zibilak bere kontra kereila jarriko duela iragartzeak premiazkotasuna justifikatzen duela iritzita. («Hirukoak eta Aralarrek torturaren kontrako neurriak eskatu dituzte», Euskal Herria Saila, Egunkaria)
  • Emazteen kontrako bortizkeriaren salaketa. (“Herrietako kronikak: Lapurdi”, Herria)
  • egoitza eder eta lasaiak ziren, gaixo larrien zainketarako prestatuak, nahiz eta orain borrokaldian zauritutakoak eta hilzorian geratutakoak ere hartzen zituzten. (Eraztunen Jauna, Tolkien J.R.R. / Agustin Otsoa)
  • Era guztietako labanen zorrozketa. ( Goienkaria)
  • atentatuaren ikerketari dagokionez[…] («Euskal Unibertsitatearen aldeko egitura sortuko du UEUk aurten», Egunkaria)

‘Ekintza’ adiera dute Matematikan sortu diren izen hauek ere: batuketa, biderketa, kenketa, zatiketa…

-keta atzizkiaz sortutako izenak ‘ondorio’ adiera daukanean, ostera, plural marka, izenondoak, erakusleak, kuantifikazioa… onartuko ditu:

  • Mexikoko beste edozein hiri handitan 100 mila biztanleko 12 hilketa eta 18 bahiketa izaten dira, eta Ciudad Juarezen, berriz, 66 hilketa eta 133 bahiketa izaten dira. (« Ciudad Juarezeko infernua», Ainara Argoitia, Berria)
  • Jacques AddaEta hau toki guztietan horrela da: askotan esaten da Japonia, adibidez, oso praktikoa dela eta artezia berezia erakutsi duela inguruko herrien ikerketa praktiko guztiak bereganatzen. (“Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur”, Juan Ignacio Perez Iglesias / Salaburu, P.)
  • Ez ibili herritarraren izena belzten; ez egin salaketa faltsurik lagun hurkoa heriotzara kondenarazteko. Neu naiz Jauna. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Ikerketa historikoan aspalditik egiten zen galdera horrek ez du erantzun errazik; ezin da ordea bazterrera utzi, baldin globalizazio ekonomikoaren sorrera ulertu nahi bada. (Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Navarro, K.)

Adiera 'ekintza' (‘jarduera’) izanik ere, oinarritzat aditza ez duten adibideak ere badaude: zu > zuketa, no > noketa, zezen > zezenketa… Baita oinarrian izena ala aditza duten oso argi ez dauden adibideak ere: lehia(tu) > lehiaketa, sari(tu) > sariketa, txapel > txapelketa…

‘Jarduera’ balioa nabarmentzen da oinarrian izena izanik, ‘bila joan’ adierazten duten ondoko izen hauetan ere: andraketa, ardiketa, arrainketa, egurketa, lurketa, ogiketa, ongarriketa, sagarketa, urketa… Batez ere ipar-ekialdeko euskaretakoa da balio hori. Eta zaila da hitz eratorria izen kategoriakoa den esatea, askotan predikatu-egituran ageri baita bildu, ibili, joan… aditzez lagundurik, baina ez beti; horrek eraman zuen, hain zuzen ere, Lafitte, P. -keta atzizkiaren balio hau atzizki adberbio-sortzaileen artean sailkatzera.

Xenpelar eta bere inguruaMaiz ageri da -ketan (‘zertan’) forman ere:

Laburbilduz, adiera hauek hartzen dituzten izenak sortzen ditu -keta atzizkiak:

  • Ekintza: lehiaketa, txapelketa, sariketa, batuketa, kenketa…
  • Gertaera: biraketa, erorketa…
  • Ondorioa: bahiketa, hilketa, ikerketa…
  • Jarduera: andraketa, arrainketa, egurketa, lurketa, ogiketa…

Gogoratu, bestalde, -keta atzizkia hartzen duen aditzoin berari -kuntza atzizkia ere gehi dakiokeela askotan, eta ondorioz, -keta eta -kuntza erantsiz sortutako bikoteak ikusiko ditugula3: aldaketa/aldakuntza, sorketa/sorkuntza, garbiketa/garbikuntza…

1 Gogoan izan behar da, ordea, sarritan izenlagunak ‘egilea’ adierazten duela, ez ‘gaia’: maltzur haren salaketa.
2 OEHk ‘acarreo de abono’ itzultzen duena
3 gehienetan hala ere, -keta atzizkidun izen eratorria izaten da bietan erabiliena

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-keta", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3