-men atzizkiak 'ondorioa, gertaera, egoera' adierazten duten izenak sortzeko balio du, eta ikusiko dugunez, -pen aldaerarekin batera, -mendu ere aurkituko dugu sarri.
Lemari dagokionez, zaila da alomorfo bakarra oinarrizkotzat hartzea. Jatorriari begiratuz, (Mitxelena, K.k (1961:846), Azkue, R. M.k eta Villasantek -men ematen dute lematzat eta gainerakoak aldaeratzat. Dena den, egun -pen da hedatuena baina ingurune fonetikoak ez du gehiegi laguntzen, nahiz herskaria ahoskabetuz sortua izan -pen (*oroitmen > oroipen, cf. orhitmen, Tartas); itzulpen, laburpen edo eratorpen eratorrietako -pen aldaera ez du ingurune fonetikoak azaltzen. Areago, aldaera bakoitzak ñabardura jakin bat hartu duela esan daiteke, beheraxeago ikusiko ditugun bikoteak aintzat hartzen baditugu -aitormen / aitorpen, hedamen / hedapen, irudimen / irudipen, ukimen / ukipen…-. Aldaera huts zirenak atzizki beregain bihurtzeko bidean egon daitezke.
Atzizki honek badu beste aldaera bat ere: -mendu, latinezko -mentum atzizkiarekin lotura garbia daukana. Ekialdeko erabilera zaharrean askotan maileguei lotzen zaien forma dirudi eta oro har -tu partizipiodunei: etsimendu, irudimendu, kontsolamendu… OEHn ageri dira denak.
Atzizki honek du motako aditza hartzen du oinarrian gehienetan: adierazi, aipa(tu), aitor(tu), barka(tu), bedeinkatu, ebatzi, ekarri, ekoitzi, eratorri, etsi, gaitzetsi, goretsi, irakatsi, itxaron, luza(tu), labur(tu), lor(tu), onetsi, salba(tu), senti(tu)…
Hala ere, du motakoak ere har ditzake, argumentu bakarrekoak: etsi, iraun.
Eta askoz bakanagoak izan arren, da edo zaio motako aditzoinak ere hartzen ditu batzuetan; atzeratu (da/du), galdu (da/du), gibelatu (da/du), hasi, iruditu, urrikaldu…
Aditz horietatik eratorriak dira ondorengo izenak: adierazpen, aitormen/aitorpen, aipamen, atzerapen, aurrerapen, barkamen, bedeinkapen, burutapen, ebazpen, ekarpen, ekoizpen, eratorpen, etsipen, gaitzespen, galmen, goresmen/gorespen, irakaspen, irudipen, itxaropen, itzulpen, laburpen, lorpen, luzapen, onespen, salbamen, ukipen, urrikalmen…
Beste izen eratorri hauek, berriz, -mendu atzizkia daramate: aitzinamendu, barkamendu, deliberamendu, gibelamendu, liluramendu, luzamendu, manamendu, pagamendu, salbamendu, urrikalmendu…
Adierari dagokionez, de Rijk, Rudolf-en (1991) iritziz, -pen-ek ez du ‘ekintza’ adierarik, ‘burututako’ zerbait adierazten du. Arrazoi du kasu askotan, ikus izenok: adierazpen, aitorpen, ekarpen, ekoizpen, itzulpen, laburpen, lorpen… horiek ez dute esan nahi ‘adieraztea’, ‘aitortzea’, ‘ekartzea’… baizik ‘adierazi dena’, ‘ekarri dena’, ‘lortu dena’, etab. Baina nahikoa da Euskaltzaindiaren Hiztegiak edo Egungo Euskararen Hiztegiak ematen dituzten definizioak ikustea ohartzeko ‘gertaera, gauzatzea’ ere adieraz dezakeela -men/-pen atzizkiaz eratorririko izenak:
Dena den, testuinguruan ikusi behar da ‘ondorioa’ ala ‘gertaera’, zein balio duen eratorriak. Horretarako azpisail honen hasieran aipatu ditugun irizpideak har ditzakegu kontuan.
Ikus ditzagun adibide batzuk; ‘gertaera’ balioa erakusten du izen eratorriak ondoko adibideetan:
‘Ondorioa, emaitza’ adierakoak dira, berriz, beste hauek, zenbatzailez, adjektiboz, plural markaz… lagundurik doazenak:
Gogoratu, -men aldaerak ‘ahalmen’ adiera hartu duela, batetik, gorputzaren zentzumenak adierazten dituzten dastamen, entzumen, ikusmen, ukimen, usaimen izenetan; bestetik, hizkuntza batean bereizten ditugun gaitasun-motak adierazten dituzten entzumen, idazmen, irakurmen, mintzamen, ulermen eratorrietan. Baina baita beste hauetan ere: irudimen ‘gizakiak, gogoan irudi edo ideia berriak sortzeko duen ahalmena’; asmamen ‘asmatzeko ahalmena’; maitamen ‘maitatzeko ahalmena’…
lanaren aipamena nola egin...