Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:5

-era

-era atzizkiarekin ere 'gertaera, ondorioa, egoera' adierazten duten izenak sortzen ditugu, baina gogoratu nolakotasuna, izaera, lanbidea adierazten duten izenak sortzeko -era ere ikusi dugula.

Oro har Mendebaldeko atzizkia da eta -era du lema, -kera batik bat txistukari (afrikatu)aren ondoren ageri delako. Horrenbestez, Azkuek aipatzen duen banaketa askotan ez da betetzen:

Azkueren banaketa
-era = 'ekintza' -kera = 'modua'

Oinarrian nor motako aditzoina hartzen du askotan -era atzizkiak; argumentu bakarrekoa, beraz: igo > igoera, sortu > sorrera…1 Hala ere, hor daude erabilera eta ezaguera ere, erabili eta ezagutu aditzetatik sortuak, biak ala biak du motakoak2.

-era atzizkiak 'mugimendua' edo 'egoera-aldaketa' adierazten du askotan eta sortzen dituen izenak ‘gertaera’ izenak dira adierari dagokionez, aditzoinari dagokion gertaera hori gauzatzea adierazten duten izenak: agerrera, amaiera, bukaera, etorrera, hasiera, ibilera, igoera, irteera, jaitsiera, piztuera, sarrera, sorrera… Argumentudun izenak dira, beraz, -era atzizkiaren bidez sortzen ditugunak; argumentu hori behin baino gehiagotan izenlagun gisa agertuko da testuan:

Senpereko lakuaren inguruan ospatzen da urtero Herri Urrats euskararen jaia

  • Valdelafuente errepidearen ezkerreko aldean dagoen bar batean edan dudan esne beroak Alto de Portillorako patarraren igoera erraztu dit. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • ontzien sarrera eta deskarga ikusi nahi nuen,[…] (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Tolosako trenaren irteera. (Traizioak, Zaldua I.)
  • […]ikerlariak bidali zituen Saulen etorrera ziurtatzera. (Elizen arteko biblia, Askoren artean)

Hala ere bestelako osagaiez lagunduta ere ikus ditzakegu izen eratorri hauek: izenondoa, plural-marka… Eta horrek pentsarazten du ‘ondorio’ balioa ere badutela, edo ez, behintzat, ‘gertaera’ balio soila:

  • Aste osoan hura zen irteera bakarra, festa-gune bakarra. (Gelatxo, soinuaren bidaia luzea, Aristi, P.)
  • galduak ditut hainbat eta hainbat orri ere hara-hona egindako ibileretan. (Ihes betea/, Lertxundi, A.) Bestalde, -era atzizkiak eman diezaioke ‘modua’ adiera ere izen eratorriari; halakoetan, da eta du/ bi motako aditzoinak aurkituko ditugu oinarrian: egoera, erabilera, ibilera, hizkera, idazkera, janzkera…

Azkenik, merezi du aipatzea -era atzizkia daramaten zenbait izen eratorrik har ditzaketela beste adiera batzuk ere:

  • irteera, sarrera → ‘gunea’, ‘lekua’
  • sarrera → izen konkretu, zenbakarria, ‘tiketa’

Bestalde, batez ere Mendebaldeko testuetan erabili den -era atzizki (sarrera, irteera…) honen parekoa da ipar-ekialdeko euskaretan -tze (sartze, irtete…).

  • Baxenabarren, zonbeit aldiz bederen, egiten dire oraino etxe-sartze handiak, halakorik ez baita ikusten gehiago Senperen. (PiarresII, Barbier)
  • Lehengo apezetxeak, beren zalditegi, egurtegi eta baratzeekin ez ziren modelatzat hartzekoak, bainan gaur ere apezetxe batek behar zituen bi egonleku, bat apezarena bertzea neskatoarena, bakotxa bere sartze, lantoki eta gelekin. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
1 Nor motakoa dela diogu, horietako bat baino gehiago nor-nork motakoak ere izan daitezkeen arren -hau da, inkoatibo-kausatibo motakoak, aditzaren aukera bietatik -era atzizkia nor motakoari gehitzen zaiolako: ‘piztu da’ baliotik sortzen da piztuera (ez ‘piztu du’ baliotik); gauza bera ‘sortu da’ > sorrera (ez ‘sortu du’), etab.
2 -era, -keta edo -men/-pen atzizkien oinarri diren aditzoinei buruzko azalpen xehagoa eskuratzeko, ikus Miren Azkarateren Gertaera- eta emaitza-izenak lana, (2008).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-era", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3