Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:7

-kuntza

Sail honetako guztiek bezala, 'egoera, gertaera, ondorioa' adierazten duten izenak sortzeko baliatzen da -kuntza atzizkia ere. François Jacob

Batez ere nor-nork motako aditzak, da/du motakoak hartzen ditu oinarrian atzizki honek: aldakuntza, asmakuntza, aurrerakuntza, bahikuntza, banakuntza, behakuntza, bereizkuntza, bustikuntza (Fonetika eta Fonologiaren arlokoa), eraikuntza, hezkuntza, hobekuntza, ikerkuntza, salakuntza, zapalkuntza.

Bestalde, -keta atzizkia aztertu dugunean esan dugun bezala, askotan aditzoin berari -keta eta -kuntza erantsirik sorturiko bikoteak ikusiko ditugu, baina gehienetan bi aukeretako bat bestea baino askoz erabiliagoa izaten da (gehienetan -keta atzizkiduna): aldaketa/aldakuntza; asmaketa/asmakuntza; bahiketa/bahikuntza; banaketa/banakuntza; behaketa/behakuntza; bereizketa/bereizkuntza, sorketa/sorkuntza; gerta liteke bietako batek aditzaren adiera jakin bat hartzea oinarri (aurreraketa, esaterako, lasterketetan-edo auto batek bestea aurreratzeari dagokio). Bestalde, -kuntza hartzen duten aditzoin askok -kunde atzizkia ere izan dezakete eta honekin ere bikoteak sortzen dira: ikerketa/ikerkuntza, idazketa/idazkuntza…

Denis_Guedj Maiztasuna, agerraldi kopurua alde batera utzirik, ez da erraza bikote horietan zer alde dagoen zehaztea. Ikus, adibidez, ondorengo adibidea: ez dirudi ia alderik dagoenik ikerketa eta ikerkuntza eratorrien artean:

  • Unibertsitatean ikerkuntza egiteko diru kopuruak atzera egin du, bistan denez, bederatzi urte horietan, diru gehiena unibertsitateari ez dagokion ikerketa militarretan erabili baita. ( J. I. Perez Iglesias)
  • Asmakuntza horrek, beste batzuekin batera, hala nola buztingilearen gurpila edo biribilak marrazteko konpasa, egundoko ospea eman zion. (Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Garzia, Juan)
  • Transmisio mota horrek beste bereizkuntza bat ekarri zuen. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)
  • Ondoko salakuntza hauek egozten zaizkizue:[..] (Eta ez zen alerik ere geratu, Agatha Christie / Navarro, K.)

Agatha Christie

Adibide horietan ‘ondorioa’ balioa dute izen eratorriek, erakuslez, adjektiboz, bat zenbatzaileaz… lagundurik baitoaz. Beste hauetan, aldiz, ‘gertaera’ adierazten du:

  • CIAk lagundu egin zuen, bestela CIArentzat berarentzat ere lan egiten zuen gizonaren bahikuntzan. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Jimenez, E.)
  • Salaketa hauei sinesgarritasuna eman die Errusiako konpainia andana Montenegroko aluminio ekoizketa enpresa publikoaz, bauxita meatokiez, argindar ekoizpen zein erregai banakuntza sareez azken urteotan jabetu izanak. («Montenegro burujabeko lehenengo bozak Milo Djukanovic gobernuburuak irabazi ditu», Allande Sokarros, 'Mundua', Berria)

Aditzoinaren argumentu-egitura ‘jasailea’-‘gaia’ denean, ez du ondoan -keta atzizkiaz sorturiko izena izango: pairakuntza (izatekotan, pairamen). Ez eta oinarria da motako aditza denean ere: azarkuntza (‘ausardia’)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3