Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:5:8

-kunde

-kunde atzizkia ez da oso emankorra egun, ez da hitzak sortzeko sarri erabiltzen. Literaturako testuei begiratuz gero, ordea, hainbat modutan erabili dela ikusiko dugu, betiere aditzoina oinarri duela.

Batetik, izen zaharrak daude, oro har Ekialdekoak eta, gehienbat, ‘ondorioa’ adierazten dutenak. Hiztegi Batuak gehienak jaso ditu eta gaurko corpusetan ere ageri dira: aiherkunde, bahikunde, desirkunde, egikunde, nahikunde:

XX. mende hasierako hitzak ere baditugu, erlijioari lotuak: agerkunde, berpizkunde, deikunde, igokunde, jasokunde, sorkunde…; baina baita oldarkunde ere; horiek guztiek ‘gertaera’ adiera dutela esan daiteke:

Baditugu hitz berriagoak ere, gehienak euskara estandarrekoak, -kunde / -kuntza bikotean aurki ditzakegunak; adierari dagokionez, bikote horretako izen bakoitzak du bere ñabardura: aurkikunde, erakunde, federakunde, hazkunde, zabalkunde…

Ikus ditzagun horietako zenbaiten adierak zehatzago:

  • aurkikunde izenak bi adiera ditu: lehena goiko agerkunde edo igokunderen sailekoa, ‘gertaera’ adierakoa;
    • Gurutz Deunaren Aurkikundia. (Obras Completas de Arana-Goiri'tar Sabin, Arana, S.)
  • bestea, ‘ aurkikuntza’ definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak;
    • Aurkikunde horiek psikologian eta medikuntzan erabil daitezke. ('aurkikunde', Goienkaria)
    • Gaur egun edozein egiaztapen, aurkikunde edo teknikak […] berekin nahi du zientziaren bedeinkapena. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)
  • erakunde ihartuta dago1; erakuntza2 izenak ‘eratzea’ adierazten du, baina ez erakundek.
  • federakunde eta federakuntza erdal federaciónen ordain erabili dira (eta badute lekua gaurko corpusetan), baina federazio da Euskaltzaindiak euskara estandarrerako arautu duena.
  • hazkunde eta hazkuntza sinonimotzat ematen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak adiera batean; baina hazkuntza izen eratorrian, ‘(animaliak) hazi’ adiera aukeratu da oinarrirako (abere hazkuntza).
  • zabalkunde eta zabalkuntza, biak erabiltzen dira euskara estandarrean (hala ere, Egungo Testuen Corpusean begiratuta, zabalkunde da gehien erabiltzen dena, zabalkuntzak baino ia hiru bider agerraldi gehiago dauzka). Bien arteko aldeari dagokionez, ez da askotan erraza ñabardurak antzematea; hala ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, badirudi zabalkunde ‘zerbaiti buruzko ezagutza edo norbaiten ideiak haien berri ez dutenengana helaraztea’ dela:
  • zabalkuntza izenak, aldiz, zabaldu aditzaren beste adiera bat du oinarri batzuetan:
    • zirkonia purua polimorfikoa da eta […]1.170 ºC lortzen direnean, bolumen-zabalkuntza bat gertatzen da. (“Eraikuntzako materialak”, UEU, Nuria Monasterio)
  • Hala ere, gehienetan zaila da zabalkunde / zabalkuntza bikotean aldeak ikustea.

Horiez guztiez gain, -kunde atzizkia pertsona adierazten duen izenari erantsi eta pertsona horien bilera-edo esan nahi duen izen eratorria sortzen da. Ikus OEHko azalpen hauek:

  • “Con la acepción de reunión se usa el sufijo [-kunde] en toda la Alta Navarra. Aitakunde, reunión de compadres”.
  • “En muchos valles de Navarra suelen celebrar con meriendas los tres jueves anteriores a la Cuaresma […]. El jueves de Sexagésima es para las mujeres. Su nombre es en casi todas partes emakunde (reunión de mujeres)”

Pentsa daiteke -kunde hori beste atzizki bat dela, forma berekoa, baina beste balio batekoa, oinarrian dagoen izenaren eta izen eratorriaren adiera ere azpisail honetan aztertzen ari garen izenen ‘ekintza’ (‘gertaera’), ‘ondorioa’ adieratik aldentzen den heinean. Dena den, oso adibide gutxi ditugunez hemen aipatzea iruditu zaigu egokiena. Bide horretatik sortu diren izenetan emakunde da euskara estandarrean erabiltzen den bakarra (erakunde baten izen propioa da, Emakumearen Euskal Erakundearena alegia, Emakunde): aitakunde, emakunde, gizakunde; Azkuek jaso zituen bere hiztegian, baina ez dute ia lekukotasunik testuetan.

1 bi adiera ditu Euskal Hiztegiaren arabera: 'Estatuak edo nazioak, bere burua gobernatzeko edo egiteko funtsezkoenak bideratzeko, eratzen dituen elkarte nagusietako bakoitza' eta 'Gizartean egiteko bat betetzen duen elkarte egituratua'
2 Euskaltzaindiak erakuntza ez erabiltzea gomendatzen du, eta haren ordez eraketa proposatzen

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kunde", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3