Atzizki hauek ere 'gertaera, ondorioa, egoera' adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen dira. Gogoratu dena den, orain arte beste bi -tza aztertu ditugula: nolakotasuna, izaera, lanbidea adierazten duen -tza batetik; eta izen multzokariak sortzen dituen -tza bestetik.
Lemari dagokionez, zaila da Mendebaldeko eta Ekialdeko forma desberdinen artean bat hautatzea oinarrizkotzat; are gehiago Mitxelena, K.ren (1977) iritzia kontuan izanik, zeinen ustez bi atzizki desberdin izan baitaitezke, eta ez euskalki mailako aldaera hutsak1. Nolanahi ere, atzizki bakartzat har dezakegu Ekialdeko -tze hau eta -tze / -te puntuan aztertuko duguna.
Atzizki honek da nahiz du motako aditzoinak har ditzake eta sortzen den izenak ‘ondorioa’ balioa du gehienetan, baina ‘gertaera, egitea’ ere adieraz dezake: aitortza/aitortze, bizitza/bizitze, egoitza, ekintza, emaitza, ezagutza, ezkontza, higuintza, iraultza, jaiotza/jaiotze, jakintza/jakite, laguntza, sendotza…
lanaren aipamena nola egin...