Atal honetan aztertuko ditugun atzizki guztiek izenondo kategoriako elementuak, lexemak, sortzen dituzte. Hori horrela, izenondo eratorri hauen ezkerrean doan izenaren kualitate bat adierazten dutela esan dezakegu, hau da, izenondo kalifikatzailetzat hartuko ditugu.
Horrenbestez, ondoren aztertuko ditugun izenondo eratorriak izenondo kalifikatzaile bakun (zuri, handi, txiro, zabal…) eta elkartuen (eskuzabal, burusoil, ilegorri…) parekoak dira:
Izenondo eratorrien oinarria aditz kategoriakoa denean, argumentu-egitura aztertu beharko dugu, eta ikusi adjektiboaren ezkerreko izenak zein argumentu betetzen duen. Esaterako, film beldurgarri ‘beldurra sorrarazten duen filma’ da; hau da, film izena beldur(tu) aditzaren argumentu arazleari dagokio. Liburu irakurgarri sintagman, aldiz, liburu izenak irakur(i) aditzaren gaia argumentua, objektua, betetzen du.
Atzizki izenondo-sortzaileak sailkatzean ohartzen gara ez direla bat etorri euskal gramatikariak. Azkue, R. M.k, esaterako, ‘ugaritasuna, maiztasuna’ adierakoen azpisailean sartu zituen -ti eta -tsu. Lafitte, P.k, ostera, ‘joera’ adierakoan artean sailkatu zuen -ti, eta ‘ugaritasuna’ adierakoen artean -dun eta -tsu. Horiek horrela direla, izenak sortzen dituzten atzizkiekin egin dugun bezala, atzizkiak oinarriari eransten dion esanahiaren arabera sailkatu ditugu izenondoak sortzen dituzten atzizkiok ere. Zehazki, honako azpisailak bereiziko ditugu:
lanaren aipamena nola egin...