Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:1:1

-os, -oso

-os, -oso atzizkiekin ere ugaritasuna adierazten duten izenondoak sortzen ditugu.

Jatorriz atzizki erromantzea da -os, eta honekin sorturiko izenondoak Iparraldeko testuetan aurkituko ditugu nagusiki; zalantza egin dezakegu egiazko eratorriak ote diren, ala mailegu egokituak. Nolanahi ere, Villasantek (1974) edo Lafitte, P.k (1944) jaso duten atzizkia da: abarizios, apetitos, balios, biktorios, desiros, golos, gutizios, hiros, lorios, malizios, mendekos, miserikordios, nekos, penos, perilos…Axular

  • Baldin desiros bazarete ohorearen zelai eder eta zabaletan pasaietan ibiltzera, har zazue estudioaren karrosa. (Eskual-Herriko gazteriari, Etcheberri (Sarakoa))
  • Eta hala ikhusiko duzu, bere egitez iauzkor, eta mendekos diren presunak, baldin berehala bere desiren arauaz mendekatzen ezpadira, egosten eta desegiten direla. (Guero, "Axular")
  • Eta halatan, presuna hirosak, erreak eta haserrekorrak, ez ohi du, begi orde anhitz higatzen, eta ez komunzki bere umén umerik ere bere ingurunean ikhusten. (Guero, "Axular")
  • Eta auzoko jende abarizios zikoitz batzuek, jakinik zer gerthatu zitzaioten beharño heieri, Jesus eta JonDoni Petriri galdatu zioten ethor zitezen, gauaren iragaiteko, heien etxera. (Ixtorio-mixterio, Barbier)
  • Lehenik maitatu zuen dirua, gero abarizios bilhakatu zen, finean dirutan bere Jauna eta Jabea traditu zuen. (Guristinoqui bicitceco, Baratciart)
  • Ez izan barazkarietan golos, eta jaki guziei ez loth. (Biblia Saindua II, Duvoisin)

-oso aldaera ere badu, Hegoaldeko testuetan: apetoso, bakeoso, galanioso, lainezoso, malizioso, nekoso…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-os, -oso", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3