Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:2

Jatorria adierazten duten izenondoak

Atzizki bakarra aztertuko dugu atal honetan: -(t)ar. Jatorria adierazten duten izenondoak sortzeko erabiltzen dugu atzizki hau, hots jentilizioak sortzeko balio du. 1

-(t)ar/-dar

Goiena txinatar jatetxea Lemari dagokionez, argi dago -dar kontsonante ozenaren, bereziki sudurkariaren ondoko alomorfoa dela -tar: beasaindar, madrildar… Ez dago hain argi, ordea, lematzat edo oinarrizko alomorfotzat zein hartu behar den; Azkue, R. M.k dio -ar dela oinarrizkoa, eta herskaria, berriz, zenbait ingurunetako lotura-kontsonantea. Auzi hori alde batera utzita, aldaeren banaketa zehaztea ere arazo korapilatsua da. Joera batzuk ikus daitezke, baina kontrako adibideak ere badira. Euskaltzaindiak Onomastika arloan emandako arauak hartzen baditugu aintzat, badira batetik hango eta hemengo euskal herritarren izenak ematen dizkigutenak, bai eta kanpoko eskualde eta hirietakoenak ere:

Azken arau hori bereziki da interesgarria, bertan aurkituko baititugu irizpideak, aldaera edo alomorfo bakoitza noiz erabili jakiteko.

Honela labur dezakegu bokalez zein kontsonantez amaitzen diren kanpoko leku-izenen kasuistika (xehetasun gehiagotarako ikus 178. araua, Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak eta begiratu Hiztegi Batua):

  • -a + -ar > -ar (bi silabatik gorako oinarriekin) / -a + -tar (bi silabako oinarriekin)
    • antiguar, angolar, argentinar, canberrar, belgikar, bruselar, bolikostar, bostwanar, guatemalar, vienar / rigatar, suvatar, dakartar, bernatar, pragatar, vilatar
    • erromatar, andorratar (salbuespenak)
  • -e + -tar
    • eiretar, librevilletar, porteauprincetar, kopenhagetar, belizetar, caboverdetar, sanjosetar, lilongwetar, maletar, valletar, komoretar / kanputxear
  • -i + -ar
    • abudhabiar, aragoiar, bangiar, burundiar, djibutiar, fijiar, helsinkiar, haitiar, kigaliar, maliar, malawiar, nairobiar, newdelhiar, tripoliar (baina bruneitar, hanoitar, paraguaitar, taipeitar, uruguaitar, zeelandaberritar)
  • -o + -ar
    • antananarivoar, burkinafasoar, damaskoar, egiptoar, kongoar, lesothoar, libanoar, marokoar, monakoar, montevideoar, osloar, portonovoar, quitoar, sanmarinoar, santodomingoar, sarajevoar (baina kairotar, luxenburgotar, santiagotar, tokiotar)
  • -u + -ar
    • chisinauar, emirerribatuar, estatubatuar, korfuar, nauruar, timbuktuar, vanuatuar (baina, katmandutar, moskutar, perutar, uagadugutar…)
  • -l, -m, -n + -dar
    • afganistandar, berlindar, brasildar, dublindar, erevandar, kabuldar, kirzigistandar, washingtondar
  • -f, -g, -j, -p, -q, -r, -s, -x, -z + -tar
    • aljertar, barbadostar, beneluxtar, buenosairestar, burgostar, cherbourgtar, danzigtar, ekuadortar, göteborgtar, londrestar, marrakextar, paristar, wessextar
  • h. -d, -t + -ar
    • beirutar, belgradar, budapestar, bukarestar, islamabadar, nazaretar, rabatar

-tar

Atzizki honen inguruan sortu den bigarren galdera, -tiar, -liar atzizkiarekiko lotura da. Villasantek guztiak atzizki bakarraren alomorfotzat ematen dituen arren, Azkue, R. M.k bi sail ezberdinetan kokatzen ditu, bi atzizki ezberdin bezala hartzen ditu. Uhlenbeck-ek (1909) eta Lafitte, P.k ere hala jokatzen dute. Oinarriaren kategoria eta atzizkiaren adiera kontuan hartuz, bi atzizkiren aurrean gaudela ohartzen gara; nahiz agian bien arteko nahasketa gertatu den goiztar/goiztiar, zerutar/zerutiar eta beste hainbaten kasuan.

Oinarriari dagokionez, mota bateko baino gehiagoko eratorriak aurkituko ditugu.

  • Batetik, goiko adibide guztietan ikusi dugu leku izen propioei eransten zaiela -(t)ar leku horretako pertsona adierazteko. Halakoak dira beste adibide hauek ere:
    • albaniar, alexandriar, amezketar, andaluziar, andoaindar, arabiar, ataundar, azpeitiar, babiloniar, bergarar, donostiar, egiptoar, errenteriar, erromatar, eskoziar, feniziar, gipuzkoar, holandar, indiar, iparramerikar, irlandar, italiar, lekeitiar, madrildar, oñatiar, otxandiar, palestinar, suediar, tolosar, zarauztar, zornotzar, zuberotar…
  • Baina pertsona-izen propioek ere har dezakete -(t)ar pertsona horien, edo horien doktrinen jarraitzailea adierazteko, edo erlijio-ordena jakin bateko kidea:
    • axulartar, chomskytar, frantziskotar, karmeldar, karlostar, luterotar, mahometar, sabindar…
  • Deitura-izenei ere gehitu zaie XX. mendeko testuetan, deitura horretakoek osatzen duten familiakoa adierazteko:
    • Olaizolatar, Zapiraindar…
  • Izen arrunt bizigabeei ere erants dakieke -(t)ar:
    • atzerritar, baserritar, basotar, gautar, itsastar, kaletar, kanpotar, menditar, mundutar, zerutar….

Beraz, ‘jentilizio’ deitu arren, egiazko erabilera ez da jentilizioetara mugatzen. (ikus Artiagoitia 2002).

Sintagma barruko kokapenari dagokionez, adjektibo hauek izenaren eskuinean nahiz ezkerrean ezar daitezke, baina Adjektiboari eskainitako kapituluan ikusi dugunez, ohikoa da izenaren ezkerrean ezartzea herri-izenetik sortzen diren -(t)ar guztiekin, baina ez horiekin bakarrik.

Atzizki honen bidez sorturiko adjektiboak askotan substantibatu egiten ditugu; hau da, ezkerrean inolako izenik gabe ageri dira, beraiek bakarrik izen funtzioan, batez ere izen biziduna, gizakia, adierazten dutenean. Baina, Euskaltzaindiak zehaztu bezala, [-gizaki] motako izenekin ere erabiltzen ditugu gaur egun -(t)ar adjektiboak: frantziar legeak, errusiar ikonoak, norvegiar baleontziak, irlandar folklorea… Adierari dagokionez, berriz, erreferentzia-adjektibo hauek ez dagozkio nahitaez lekuari; “leku horretako kultura edo eragin-eremua, edo jatorriz leku horretakoa den hizkuntza ere izan daiteke erreferentea” (ikus 178. araua, Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak). Euskaltzaindiak ohartarazten du, ordea, behin baino gehiagotan beharrik gabe erabiltzen ditugula izen bizigabearen ondoren doazen -(t)ar adjektiboak, bereziki auzo, herri, probintzia gisako izenekin. Ez dago *auzo bilbotarra, *probintzia espainiarra edo *laranja valentziarrak esan beharrik, nahikoa da Bilboko auzoa, Espainiako probintzia edo Valentziako laranjak esatea.

Adibidez, garbi dago jatetxe txinatarrak esatean gehien-gehienetan ez dela adierazi nahi NONGO jatetxeak diren —Txinako jatetxeak—, baizik eta NOLAKOAK diren —Txinako gastronomia lantzen duten nonahiko jatetxeak—. Hala ere, adierazi beharrekoa da ezen, -(d/t)ar atzizkiaren bidez edozein leku-izenetatik izenlagun erreferentziala lor badaiteke ere, askotan ez dela beharrezkoa eratorpen bidezko izenlaguna eta nahikoa dela leku-izena leku-genitiboan deklinatzea (NONGO) izenlagun gisa erabiltzeko. Gure auzo-erdaretan leku-izenetatik eratorritako adjektiboak maiz erabiltzen direnez, batzuetan beharrik gabe erabilita ikusten dira era horretako izenlagun erreferentzialak (narajas valencianas / oranges valenciennes ⇒ *laranja valentziarrak), batez ere auzo, herri, probintzia gisako izenekin erabiltzen direnean; beharrik gabe, eta tradizioaren aurka.
(178. araua, Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak, Euskaltzaindiak 2015eko ekainaren 26an, Baionan, irailaren 25ean, Elizondon, eta azaroaren 27an, Bilbon, onartua)

Bestalde, izenondoak sortzen diren heinean, izenondoei erants dakizkiekeen atzizkiak ager daitezke ondoren, bereizki -tasun: donostiartasun, frantziskotartasun…

  • Ezerk ez zezakean donostiarren donostiartasuna geiago txospertu, aboz-abo erri guztian erabilkiten gudu arek baño. (Donostia, Anabitarte)
  • “Estrategia horretan donostiartasun agiriak” banatzen hasi direla ere kritikatu dute. “Zeintzuk dira haiek donostiartasun agiriak banatzeko? (” Igeldoren erabakia errespetatzearen alde, donostiarren sinadurak biltzen hasi dira“, Berria)
  • […]ituna hitzartu ondorengo otorduaren edertasuna; frantziskotartasuna, munduaren erdian bizitzea bezala ulertua:[…] (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean)
  • Erdalerritik datoz
    maisuak eunka
    jaurti ta amildu nairik
    or bilin-balaunka
    geure erritartasuna ta euskera gozua
    lege ta ekanduen giltz
    urre gorrizkua. (Vizcaytik Bizkaira, Azkue, R. M.)
1 Gogoratu erreferentzia-adjektiboen atalean ere aztertu ditugula jentilizioak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Jatorria adierazten duten izenondoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3