Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:3:1

-koi

-koi atzizkiarekin 'izaera, joera' adierazten duten izenondoak sortzen ditugu. -koi/-oi aldaeren artean, Azkue, R. M.k -oi ematen du lematzat; Villasantek, berriz, -koi, adjektibo berriak sortzeko aspalditik herskaridun forma osoa, -koi erabiltzen baita. Azken batean herskaridun aldaerak nagusitu dira euskaraz historian zehar: -asun/-tasun, -egi/-tegi, -oi/-koi, -or/-kor…

Atzizki honek izen konkretuak hartu ohi ditu oinarrian, biziduna zein bizigabea, eta izen horrek adierazten duen objektu zein bizidun horretarako (horrenganako) joera, zaletasuna adierazten du adjektiboak:

Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • […]arimaren ilunpea, gogo-nahastea, gai purtzil eta lurkoietarako lera[…] (Gogojardunak, Inazio Loiolakoa / Altuna, P.)
  • […]osaba Kamil ez zuten jatun aseezintzat, nahiz eta gozokietarako sabelkoia izan. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Zubizarreta, P.)
  • […]almadiaren inguruko isurkari sukoi hura gogoratzen zitzaielarik. (Mikel Strogoff, Jules Verne / Zabala, K.)

Adibideek erakusten digute adjektibo eratorri hauek izen bizidunez zein bizigabeez predika daitezkeela.

-ra postposizio-markaren ondoren ere ager daiteke -koi atzizkia: aurrerakoi, atzerakoi, barnerakoi, eskurakoi, kanporakoi… Kasu horietan aditzoin kategoriako oinarria dugula pentsa genezake, eratorpenean eta hitz-elkarketan, oro har, kategoria lexikoak izaten baitira osagaiak, eta ez postposizio-sintagmak.

  • Aho-sabaiko gustuak, barnerakoi kokatuko zaitu, eta hatz-mutturretako ukittuak gozamen zabalenaren alderdi lokartuak iratzarriko dizkizu. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Bizia jakingarri, eskurakoi eta gogorakizun huts bihurtu zaion urte urdinduetan daki zaharrak dakien hori, eta ez bizia bere gorrian lehertzen zen sasoian. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola)
  • Baina kanpoko gizakia beste bideetatik doa, kanporakoi, beheko errealitateen gainean. (Mistika liburuak, Eckhart- Tauler / Lekuona, J. M.)

Juan Taulero Baditugu, azkenik, pertsona izenordainari dagokion izenlaguna oinarri duten izenondoak ere: berekoi, geurekoi, heurekoi, nirekoi/neurekoi, zeurekoi…

Atzizki honen bidez sorturiko adjektiboak izan daitezke, aldi berean, izen baten oinarri: nirekoikeria, sabelkoikeria, herrikoitasun… edo aditz baten oinarri: herrikoitu…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-koi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3