Atzizki honek ere 'izaera, joera' adierazten duten izenondoak sortzen ditu.
Lemari dagokionez, beste hainbatetan bezala, herskaridun alomorfoa -kor nagusitu zaio herskarigabeari -or.
Gehienetan, aditzoin kategoriako oinarriek hartzen dute atzizki hau; beraz, zer motatako aditzoinak diren, nolako argumentu-egitura duten aztertu beharko dugu. Ikus dezagun, ordea, lehenik, nolako eratorriak sortzen ditugun -kor atzizkiaren bidez:
Adjektibo horien oinarrian dauden aditzoinetako asko da/du motakoak dira, hau da, inkoatibo/kausatibo (arazlea) alternantzia dutenak laguntzailearen arabera (sumindu da / sumindu du). Horrelako oinarriak ditugunean, da balioa, argumentu bakarrekoa, inkoatiboa, da -kor hartzen duena. Argumentu bakar hori “lotzen” du atzizkiak eta adjektiboaren kanpo-argumentua, ezkerreko izena, ere argumentu horri dagokio: gizon suminkorra edo pertsona haserrekorra diogunean, erraz sumintzen eta haserretzen den gizona edo pertsona direla esan nahi dugu. Hau da, sumindu eta haserretu aditz inkoatiboen barne-argumentu dira gizon eta pertsona. Mota horretakoak dira aditz gehienak: aldatu, apurtu, bete, damutu, errukitu, galdu, gelditu, haserretu, higitu, hil, ikaratu, itsatsi, kutsatu, lotsatu, sartu, ugaldu, urratu, usteldu…
Adibide hauetan ikus liteke aditzaren barne-argumentuari dagokion izenaz predikatzen direla -kor adjektiboak:
Aurreraxeago ikusiko dugunez, aditz horietako du balioa, kausatiboa edo arazlea, -garri atzizkiak oinarrian hartzen duena da. Adibide hauetan ikus daiteke aditzaren da balioa -kor atzizkiak hartzen duela eta du balioa, berriz, -garri atzizkiak:
Beste batzuetan du motako aditza izango du oinarrian -kor atzizkiak, baina argumentu bakarrekoa (iraun), argumentu hori lotzen du atzizkiak eta argumentu horri dagokio ezkerreko izena; bi argumentukoa denean, ‘jasailea’ (‘esperimentatzailea’) da kanpo-argumentua (barkatu, sentitu, sinetsi), -kor atzizkiak lotzen duena eta horixe da adjektiboaren ezkerreko izenak adierazten duena:
-kor adjektiboak izan daitezke, aldi berean, izenen edo aditzen oinarri: aldakortasun, baikorkeria, iraunkortasun, itsaskortasun, sentikortu…
lanaren aipamena nola egin...