Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:3:4

-bera

Atal honetan ikusiko dugunez, -bera atzizkiarekin 'izaera, joera' adierazten duten izenondoak sortzen ditugu.

Euskal gramatikarien ustez, beratu aditzaren oinarrian dagoen bera1 izenondo beregainetik sortutako atzizkia da -bera. Baina ondoren ikusiko ditugun adibideetan 'bigun, samur' adiera galdu eta 'joera, erraztasun' adierako adjektiboak sortzen ditu, oinarrian aditzoina hartuta. Mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke aditzoinok: da motako inkoatiboak (egosi, izerditu, hoztu, mindu); du motakoak (ikusi, sinetsi). Horrela sortu dira egarbera 'Egarri dena; egarri izateko joera duena', egosbera 'Erraz egosten dena', hozbera 'Hotzarekiko oso sentibera dena', ikusbera 'Ikusnahia duena', izerbera 'Izerdikorra', minbera 'Mina erraz sentitzen duena; zirrara txikiei sentibera dena', sinesbera 'Sineskorra', etab.

Adjektibo kategoriako eratorri hauek izan daitezke beste izen eratorri baten oinarri (sinesberatasun); baita aditz baten oinarri ere (minberatu).

  • Jainkoaren graziazko argialdietan sinesten nuena… eta eskerrak horri, hainbesteraino lagundu zidan nire sinesberatasun gehiegizko hark krisi hura gainditzen…! (Nor bere bidean, Irigoien, J. M.)
  • Auldurik dagozan biotzak, samiñak minberatu dabezan barneak, bizitzaren zadorra idoro gura dabe. (Azalpenak, "Lauaxeta")
  • - Gajua! Oso minberatu nau berri orrek. (Biozberak, Altzaga, T.)
1 bera adj. Biguna, samurra. Lerraren zura lehenengo urteetan gizena eta bera; gihartuta oso ona eta iraunkorra. Urak batzuk dira gogor, besteak bera. Azala bera zuelako. Ohe bera onean etzatea. Zura berago, arra barrenago.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-bera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3