Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:3:6

-tiar

Sail honetako atzizki denek bezala, -tiar atzizkiak ere 'izaera, joera' adiera duten izenondoak sortzen ditu.

Aldaerei dagokienez, Azkue, R. M.k morfema beraren bi alomorfotzat hartzen ditu -tiar eta -liar; -tiar hedatuago egongo omen litzateke, goi nafarreraz ere erabiltzen delako; -liar, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdikoa omen da. Lafitte, P.k -tiar baino ez du aipatzen. Bestalde, gorago aipatu dugu askotan -(t)ar atzizkiarekin gurutzatzen dela: goiztar/goiztiar, zerutar/zerutiar

Oro har, izen kategoriako oinarriei eransten zaie -tiar atzizkia: baketiar, elizatiar, erregetiar, etxetiar, goiztiar, jainkotiar, lurtiar, zerutiar… Hori horrela, -(t)ar atzizkia aztertu dugunean aipatu dugun bezala, ez da harritzekoa -tiar zein -(t)ar daramaten izenondo eratorriak aurkitzea oinarria izen arrunta denean: eliztar/elizatiar, goiztar/goiztiar, ihestiar, jainkotar/jainkotiar, lurtar/lurtiar, zerutar/zerutiar… Izenondo horiek 'aldekoa, zalea, jarraitzailea', adierazten dute:Xabier Olarra James Joyceren eskulturaren ondoan Dublinen

  • Bakea nahi delarik, baketiar guziek baikorki hartu behar lituzkete bakearen aldeko urrats guziak, non nahitik jin diten. (Herria)
  • […]“xuriak” izaitez erregetiarrak baitziren[…] ( Euskalduna-ren mendeurrena Baionan, Xarriton, P.)
  • […]oinezko goiztiar baten oin-hots bakana[…] (Ulises, Joyce, J. / Olarra, X.)
  • […]gertakari baliagarriak eta kaltegarriak berdin erortzen direla, bereizkuntzarik gabe, jainkotiarren eta jainkogabeen gainera. (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
  • Bilduren ditu Israelgo ihestiarrak. (Diccionario manuscrito vasco-frances, Duvoisin)
  • Mugari hurbil, bixkar batean, nigarrez ikusi omen dute aita ihestiarra! (Piarres, Barbier)

Azpi-multzo berezia egin dezakegu ‘otordua’ adierazten duten izenekin, 'otordu horretara gonbidatuak, otordu horretako partaideak' adierazten baititu: afaltiar, bazkaltiar, ezteiliar/ezteitiar, gosaltiar…:

  • Hara jiratu zuten afaltiarrek burua. (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)
  • Bazkaltiarren artean Mateoren lehengusu bat zegoen[…] (Bestea da mundua, Irigoien, J. M.)
  • Bi gosaltiarren aulkien artean, agiriz betetako eskumaleta marroi bat zegoen ongi zaindurik. (Bost ahizpa, Aitor Arana)

Adibideetan ikus dezakegunez, askotan izen balioan erabiltzen dira -tiar atzizkiaz sorturiko adjektiboak.

Kasu gutxi batzuetan aditzoin kategoriako oinarria hartzen du -tiar atzizkiak: egoiliar, garaitiar, ikusliar… Halakoetan zaila da adiera ikustea, bai baitirudi -le atzizkiarekin ez duela desberdintasun handiegirik batzuetan: garaitiar 'garailea' ~ garaile. Horrenbestez, sortzen den lexema izena ala izenondoa den ere eztabaidatu beharko litzateke; adibideak ikusita, izenen distribuzioa dute atzizki hauen bidez sorturiko hitzek:

Predikatu-sintagmak ere osatzen dituzte (-le atzizkiaren sorturiko hitzek bezala): garaitiar atera, garaitiar gelditu.

Bestalde, -tiar atzizkiarekin sorturiko izenondo eratorriei bestelako atzizkiak ere erantsi dakizkieke, -tasun eta -tu, esaterako: erregetiartasun, erregetiartu, etxetiartasun, etxetiartu, goiztiartasun, goiztiartu…

  • Horrela bada, hominidoak jatorriz duen goiztiartasun eta gabeziagatik, lehenik amarekiko behar iraungarriagora eta ondoren beste kidekoei lotzera jotzen du bere superbibentziarako, gregarismora hain zuzen. («Psikoanalisia eta zenbait psikoterapia», Mikel Plazaola, UEU)
  • Juan Martinez Irujok goiztiartasun ia marka guztiak hobetu ditu. («Juan Martinez Irujo», Imanol Magro, Kirola, Berria)
  • Edo zaharragoekin euren maila berean jarduteko presioak goiztiartu ninduela, bestela. («Gazte», Sarriugarte, D., Berria)
  • Pesta eta kobazulotako akerra etxetiartasun-imajin izatetik deabru bilakatu zen. ( XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa, Mikel Azurmendi)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tiar", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3