Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:3:7

-ti

Multzo honetako gainerako atzizkiek bezala, 'izaera, joera' adiera duten izenondoak sortzeko erabiltzen da -ti atzizkia ere.

Oinarriari dagokionez, izen bizigabeek, abstraktutzat jo ditzakegunek, hartzen dute -ti: ahalketi, bakarti, baketi, basati, bekaizti, egiati, gerlati, gezurti, izuti, justiziati, kezkati, liskarti, loti, lotsati, maliziati, negarti, setati… Sortzen den adjektiboa, berriz, gehienetan izen bizidunez (askotan pertsona adierazten dutenez) predikatzen da, hau da, lotsatia da 'erraz lotsatzen den pertsona', kezkatia 'erraz kezkatzen dena edo kezkatzeko joera duena'… ondoko adibideek erakusten dute hori:

  • Anarik atmosfera bakartia eta malenkoniatsua sortzen daki. ( Goienkaria)
  • Zeren are miserikordiosago da Iainkoa, iustiziati baiño. (Guero, "Axular")Jon Mirande
  • Ni lotsatia nintzen neskekin - gorritu egiten nintzen, aztoratu, haien aurrean -, baina Jacques Kohnek konde baten segurtasuna zuen. (Zortzi kontakizun, Isaac Bashevis Singer / Navarro, K.)
  • […]gizon gaitzak eta ondikozkoak, gerlatiak eta maliziatiak, okasinotsuak eta inkontru gaixtokoak. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Gizon gaixto, odol-isurle, gerlati, maliziati, eta enganatiek eztituzte bere egunak erdizkatuko, eztira halakoak bertzela biziko zirenaren erdia biziko. (Guero, "Axular")
  • […]ume negarti baten esnelapiko huts sentiarazten nautenean. (Ai, ama, Iturbe, A.)
  • Zergatik bada Jerusalengo erri au jaiki da nere kontra eta dago alako setati, eta mukerra? (Biblia II, Uriarte)
  • Hasieratik jakin balu egiati izaten. (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Ordea segurtzat dadukat Franziatik ilki ez naizelarik, badela Erroma bat, zeren hartaz seguratzen nauten jende egiati batzuek; halako seguranza, nola permatua baita bertzeren erranetan, eta ez gure sensuetan edo arrazoinean, da, deitzen dugun gizonen baitako fedea. (Giristinoaren dotrina, Pouvreau, S.)
  • Kurruka egin zak, eper begi-eder orrek; baraztu zak urratsa, oianera igesi oan basauntz izuti orrek. (Urlo, Azkue, R. M.)
  • Izarrak illak argi gaberik, tximistak dana nai sutu, arkaitzak ere beldur-beldur naiz ez ote diran izutu; nik eztakit gaur goi ortan zer dan, eztakit zer dan gertatu, eztu nai arratsa izuti ontan zeru illunak argitu, eztu nai orren ona dalarik, eztu nai adiskidetu. (Au poza senti det, Iraola, B.)
  • Zer nahi egin zioten nexka ahul eta ahalketi horri, baitezpada zerbeit malezia edo gezurretan atxeman beharrez; orobat balakatuz edo larderiaz beren gosturat mintzarazi beharrez. (Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea, Zalduby)

Batzuetan -ti / -tsu bikoteak aurkituko ditugu: baketi/baketsu, maliziati/maliziatsu, liskarti/liskartsu, setati/setsatu

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ti", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3