Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:4:1

-kizun

Sarrerakoan esan bezala, gaitasuna adiera duten izenondoak sortzen dituen -kizun atzizkia aztertuko dugu atal honetan. Dena den, gogoratu beste -kizun bat ere badagoela, objektua, produktua adierako izenak sortzen dituena.

Funtsean atzizki bera direla esan dezakegu, izenak sortzen dituen -kizun atzizkia eta izenondoak sortzen dituen hau. Hala ere, segidan ikusiko ditugun adibideetan, -kizun atzizkidun hitz eratorriek ez dute izen baliorik; baina ezta izenondo-erabilera beterik ere; ez dira izen baten ezkerrean azaltzen, predikatu-sintagma osatzen dute. Ez dugu, esaterako, bekatu barkakizunak esaten, baizik barkakizun zaizkizu bekatu horiek.

kakotxa
kakotxa
Halakotz damugarri eta urrikalkizun gare gure epeltasuna eta ansigabetasuna gatik. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)

Oinarrian hainbat eratako aditzak har ditzake atzizki honek:

  • da motakoak: etorri, urrikaldu…
  • du motakoak: barkatu, egin, eman, erremediatu, ikusi…
  • da/du motakoak: hil, sendatu…

Izenak sortzen dituen -kizun-ek bezala, adjektibo-sortzaileak ere aditzaren barne-argumentua lotzen du. Horrek esan nahi du, bi argumentuko aditzetan, du motakoetan, ‘gaia’ argumentua lotzen duela. Barkakizun, eginkizun, emankizun, erremediakizun, ikuskizun… dagokien aditzen objektuei dagozkie.

Adierari dagokionez, 'egin daitekeen, gerta daitekeen zerbait' adierazten du izenondo eratorriak; beraz, -garri atzizkiaren baliokidetzat har dezakegu, ‘balio pasiboa’ duen -garri atzizkiarena, alegia: oroigarri 'Zerbait oroitarazten duen gauza', luzagarri 'Aipatzen dena luzatzen duena'…

Hauek dira -kizun atzizkiarekin sorturiko izenondo eratorri zenbait:

  • barkakizun, eginkizun, emankizun, erremediakizun, etorkizun, gertakizun, hilkizun, ikuskizun, sendakizun, urrikalkizun…

Hauetako askok (eginkizun, emankizun, etorkizun, ikuskizun, jasankizun) izen balioa ere badute. Eta, hasieran esan bezala, adjektibo hauek ez ditugu izen sintagmaren barruan, izenaren eskuinean kokatzen; hala erakusten digute ondoko adibideek.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kizun", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3