Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:4:2

-garri

Izenondoak sortzen dituen -garri atzizkia aztertuko dugu atal honetan, baina gogoratu, atzizki izen-sortzaileen artean ere aztertu dugula -garri. Han esan bezala, -karri alomorfoa ager daiteke herskariaren ondoren (gogaikarri), bai eta txistukariaren ondoren ere, nahiz ez den nahitaezkoa azken ingurune fonetiko horretan (miresgarri).

Gramatikariek bi balio eman dizkiote -garri atzizki adjektibo-sortzaileari;

  • balio aktiboa (arazlea, kausatiboa)
  • balio pasiboa (inkoatiboa)

Balio aktiboa daukan -garri

Ikus -garri atzizkidun izenondo hauek, balio aktiboa daukate denek:

  • adierazgarri, aspergarri, aztoragarri, barregarri, bereizgarri, desohoragarri, dibertigarri, erabakigarri, errukarri, galgarri, gogaikarri, harrigarri, higuingarri, hilgarri, hunkigarri, ikaragarri, interesgarri, iraingarri, itsugarri, izugarri, kaltegarri, kontsolagarri, lagungarri, laidogarri, lotsagarri, mingarri, nazkagarri, negargarri, nekagarri, osagarri, penagarri, pizgarri, pozgarri, tamalgarri, tentagarri, zirraragarri, zoragarri…

Bi motatako aditzak daude adjektibo horien oinarrian:

  • da/du motakoak, inkoatibo-kausatibo (arazle) motakoak: aspertu, aztoratu, dibertitu, galdu, gogaitu, harritu, higuindu, hil, hunkitu, ikaratu, itsutu, izutu, kontsolatu, lotsatu…
  • Adibide horietan du motako aditza hartzen du oinarrian -garri atzizkiak, balio arazle edo kausatiboa duena, alegia. Eta aditzaren argumentuetatik, kanpokoa, arazlea, hartzen du atzizkiak. Barne-argumentua ere ager daiteke adjektiboaren inguruan; hitz elkartuko lehen osagarri gisa, edo -en izenlagun gisa (hau da, -garri izen-sortzailean ikusi dugun jokabide bera dauka). Ikus ditzagun zenbait adibide:
    • a)
    • b)
    • c)
      • Baina horren ordez, bihotz hunkigarri izanen zuelakoan, poema japoniar bat errezitatu nion. (Glosolaliak, Linazasoro)
      • Oi, guztiz gogo-mingarri zaidak atzematea nola morrosko ileordedun nabarmen batek jo eta txiki-txiki egina uzten duen pasarte zirraragarri bat, belarriak zartatuz beheko mailakoei;[…] ( Hamlet, William Shakespeare / Garzia, Juan)
      • Ordubetez egon ziran mendi-galurrean ikusgai biotz-erdiragarriari begira erdi-toteldurik, eta, bein begiak naiko ase ziranean, aguerdiburuan, aldapa beera asi ziran. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Adibide horietan guztietan antzeman daiteke balio arazlea; hau da, aditz inkoatiboek aditzera ematen duten egoera-aldaketa hori ez da berez gertatzen, zerbaitek eragiten du.
  • Horixe ikusten da a) multzoko adibideetan: poza eragiten duten uneak/norbait pozten duten uneak, kezka sortzen duten erasoak/norbait kezkarazten duten erasoak, lilura sorrarazten duen mundua, dibertiarazten duen gertaera, etab.
  • Horrez gain, aldaketa nork edo zerk jasaten duen adierazten da b) eta c) multzoko adibideetan, barne-argumentua, alegia: -en izenlagunaren bidez b) multzokoetan; hitz elkartu baten bidez c) multzokoetan. Belarriak poztea, etxea lotsatzea, gogoa altxatzea, gogoa mintzea, bihotza hunkitzea… eragiten dute adibide horietan dardarak, zure Gorputzak, poema japoniarrak, (zerbait) atzemateak, (mendi gailurreko) ikusgaiak, etab.
  • Oinarrian dagoen aditza eta atzizkiak lotzen duen argumentua aztertzean argi ikusten da -kor eta -garri atzizkien arteko desberdintasuna (zehazkiago esanda, -garri aktibo edo arazlearen artekoa). Biak eransten zaizkie da/du motako aditzei; lehena, ordea, da baliokoari, inkoatiboari eta bigarrena du motakoari, arazleari. Ez da, beraz, harritzekoa, horrelako bikoteak aurkitzea:
    • gizaki hilkorra (gizakia hil egiten da) / pestizida hilgarria (pestizidak hil egiten du)
    • ume lotsakorra (umea erraz lotsatzen da) / gertaera lotsagarria (gertaerak lotsarazi egiten gaitu)
    • pertsona haserrekorra (pertsona erraz haserretzen da) / zoroa da bere aitaren haserregarri (zoroak haserretzen du aita) («Proverbios vascongados», Duvoisin)
    • bihotz pozkorra (bihotza erraz pozten da) / berri pozgarria (berriak poztu egiten du)
  • Dorothy ParkerBeste aditz batzuk du motakoak dira, hala nola erabaki, erakarri, iraindu, tentatu… Horietan ere kanpo-argumentua lotzen du -garrik, batzuetan 'egilea' paper tematikoa hartzen duena (iraindu, tentatu), beste batzuetan ‘arazlea' (erabaki). Ondoko adibideetan ikus dezakegu zergatik diogun kasu batzuetan egilea dela eta beste batzuetan arazlea.
    • Grialaren bila ari dira naziak? -galdetu nion, ironia kutsu ia iraingarri batez. (Eguzki beltzaren sekretua, Ladron Arana, A.)
    • Rosekiko jakin-minak, baina, ez zion galarazi zango erakargarriak edota begirada tentagarriak estimatzeko aukera. (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga)
  • Adjektiboaren ezkerreko izenaren eta adjektiboaren oinarri den aditzaren arteko harremanari erreparatuz, argi dago nola ulertu behar dugun harreman hori: ironia kutsuak iraindu egiten du (norbait), zangoek erakarri egiten dute (norbait) edo begiradak tentatu egiten dute (norbait).
  • Ikus orain beste adibide hauek:
    • 1970ko hasieran, aurkikuntza erabakigarria egin zuen:[…] (Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Olarra, X.)
    • programa horren faktore erabakigarrietako bat zera izan da, gobernuko zein gobernuz kanpoko eragileen […] arteko eztabaida, garapen iraunkorrari buruzkoa, instituzionalizatu izana (Garapen iraunkorra, Itziar Eizagirre / Amaia Lizarralde)
    • 'Goizeko egunkari batzuk', dio, 'asteleheneko L'Etoileko artikulu erabakigarriaz mintzatzen dira gaur' (Kontakizunak, Edgar Allan Poe / Navarro, K.)
  • Horietan ezin da esan aurkikuntzak erabakitzen duenik, edo faktoreek; aurkikuntzak, faktoreek norbaiti lagunduko diote erabakitzen, erabakiarazi egingo diote. Horregatik diogu kanpo-argumentuak hartzen duen paper tematikoa ‘arazlea’ dela.

Balio pasiboa daukan -garri

Bada, ordea, -garri atzizkiaren beste erabilera bat: balio pasiboa. Balio hori dute izenondo eratorri hauek, esaterako:

  • aipagarri, azpimarragarri, barkagarri, beneragarri, defendagarri, desiragarri, diskutigarri, edifikagarri, egingarri, entzungarri, esangarri, gogoragarri, irakurgarri, jakingarri, maitagarri, miragarri, miresgarri, ulergarri, zenbakarri.

Oinarrian du motako aditza daukate izenondo horiek: aipatu, azpimarratu, barkatu, beneratu, defendatu… Argumentuek hartzen dituzten rol tematikoak, berriz, ‘egilea-gaia’ zein ‘esperimentatzailea/jasailea-gaia’ dira. Nolanahi ere, balio pasiboko -garri atzizkiak barne-argumentua lotzen du, ‘gaia’ (edo objektua). Atzizkiak gehitzen duen esanahiari dagokionez, bi adiera har ditzake adjektibo eratorriak:

  • 'x izatea merezi duena', diakronikoki zaharrena: ikusgarri 'ikustea merezi duena', jakingarri 'jakitea merezi duena', maitagarri 'maitatua izatea merezi duena', miresgarri 'mirestea merezi duena'…
  • 'x daitekeena', berriagoa, gaur egun gailentzen ari dena. Halakoetan izenondoaren ezkerreko izenak aditzoinaren objektua, barne-argumentua biltzen du: jasangarri 'jasan daitekeena', ulergarri 'uler daitekeena'…
  • Adibide hauetan ikus daiteke hori:
    • […]lagunaren eleketa firfira jasangarri baten gisara egokitzen zen ene belarrietara[…] (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Itzulpen 'literala' egitea baino areago, testu irakurgarriak idaztea izan dugu helburu. (Agindutako lurraren bila I, Jose Antonio Mujika)
    • Berdin zuek ere: hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • […]toki-administrazioak, gutxienez, orube baten edo partzela eraikigarri baten jabetza betea eskuratzen ez duenean[…] ( Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea, Eusko Legebiltzarra)
    • Handik pixka batera, abarrots askorik gabe, korroka-hots xume baina entzungarri batez, sumendiaren ahoak gizon bat bota zuen kanpora[…] (Itzarri nahi ez zuen printzesa, Juaristi, F.)
  • Adibide horietan, firfira, testu, hitz edo korroka-hots, hurrenez hurren, jasan, irakurri, ulertu edo entzun aditzen sintagma absolutiboei dagozkiela esan dezakegu, zer jasan, irakurri, ulertu edo entzun.

Balio pasiboa duen -garri-k eta -kor-ek ere bikoteak osatzen dituzte, nahiz oso ugariak ez izan (-kor atzizkidun izenondo gutxik dute oinarrian du motako aditza). Kasu horietan, du motako aditzak hartzen dituzte biek oinarrian, -garrik barne-argumentua, objektua lotzen du, eta -korek, berriz, kanpo-argumentua, ‘esperimentatzailea’ paper tematikoa hartzen duena. Ikus bikote hauek:

  • sineskor (erraz sinesten duena) / sinesgarri (sinestekoa, sinesteko modukoa)
  • irakasle ulerkor (ulertzeko joera duen irakaslea) / testu ulergarri (uler daitekeen testua, ulertzeko modukoa)

Literatura-tradizioan balio nagusia lehena izan den arren, balio aktiboa (ikus Salaberry (1856), Arrigaray (1919), Azkue, R. M. (1923-25), Villasante (1974), Azkarate, M. (1990a), Artiagoitia (1995)), indar handia hartu du azken urteetan bigarrenak, 'x daitekeena' edo balio pasiboak, besteak beste, erdarazko -ble-dun izenondoak itzultzeko erabiltzeko joera zabaldu baita: aceptable > onargarri 'onar daitekeena', entendible > ulergarri 'uler daitekeena'… 'Urte (1715) eta Larramendi, M. (1745)-ren hiztegietan ere atzeman daiteke joera hori.

Bestalde, izenondoak oinarri hartzen dituzten atzizkiak aurki ditzakegu -garriren ondoren: erakargarritasun, harrigarritasun, izugarrikeria…Arnold J. Toynbee

  • […]ezinezkoa zirudien Heriotzaren aingeruak ez ikustea gizakiaren lurreko habitat-eko gordeleku eta zokoak, duela oso gutxi arte edo erakargarritasun gutxikoak edo iristezinak edota biak zirenak, haietako biztanle behartsu[…] (Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
  • […]mundu honexen xehetasunik arruntenetan datzan harrigarritasun errendiezina agerraraztearena baizik. (Ipuin hautatuak, Jorge Luis Borges / Garzia, Juan)
  • PPri «izugarrikeria politikoa» alboratzeko eskatu zion eta helburu bakartzat PSOEko gobernua mintzea izatea egotzi zion. («Epaileen erabakia onartu eta betearaziko duela jakinarazi du Javier Balzak», Berria)
  • Egunero harritzen ninduen berritasunen batek, orban berri batek, izugarrikeria berri batek, geroz eta xelebreago, geroz eta arrotzago zitzaidan zer hartan, behinola nire adiskide izandakoan: nire gorputzean. (Zororik ez, Imre Kertész / Urrutikoetxea, U.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-garri", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3