Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:5

Jabegoa adierazten duten izenondoak

Bi atzizki aztertuko ditugu atal honetan: -ko eta -dun. Biek sortzen dituzte izenondoak, hain zuzen ere, 'jabegoa' adierakoak:

  • -ko: antzeko, edadeko, esaneko…
  • -dun: txapeldun, errudun, ahaldun, fededun…

Baina oinarriari eransten dioten adieraz gain, badute beste berezitasun bat ondoren aztertuko ditugun bi atzizkiek: biek har ditzakete sintagma egiturako oinarriak. Oro har, atzizkiek eratorpenean (eta hitz-elkarketan ere) kategoria lexikoak hartzen dituzte oinarrian eta horiekin kategoria lexikoak sortzen dira. Berehala ikusiko dugunez, ordea, salbuespena dira -dun eta -ko; ziurrenik, lehena erlatibo laburtua baino ez delako eta, beraz, aditzen osagarri zuzenek izan dezaketen egitura berak har ditzakeelako. -ko atzizkiaren kasuan, berriz, hori ere berez flexioaren alorrekoa delako; beheraxeago ikusiko dugu zergatik esaten dugun hemen aztertuko dugun -ko hau adjektibo-sortzailea dela, hau da, eratorpenaren eremukoa. 1

  • txapela gorridun (mutila), bizar zuridun (aitona)…
  • azal zuriko, bihotz oneko, hiru urteko (haurra), bi orduko (saioa)…

Esan bezala, oinarrian hartzen duten kategoriak bereizten ditu nagusiki bi atzizkiok:

  • Izen kategoriako oinarriek, oro har, -dun hartzen dute (oso urriak dira izena oinarri duten -ko eratorriak).
  • Zenbatzaile sintagmek, oro har, -ko hartzen dute.
  • Izen-sintagma (edo izen-multzo) kategoriako oinarriek, berriz, atzizki bata zein bestea onartzen dute.

Adierari dagokionez, biek adierazten dute 'jabegoa' (posesioa), eta posesioaren nolakotasunean dago, hain zuzen ere, bi atzizki hauen arteko desberdintasuna zenbait gramatikariren iritziz. Hala ere, -ko-ren kasuan, adiera zabalagoa da (epe luzeko inbertsiogile).

1 Gogoratu izenak sortzen dituzten beste bi -ko ere ikusi ditugula: izen bizidunak sortzen dituena batetik; eta 'objektua, produktua' adierako izenak sortzen dituena, bestetik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Jabegoa adierazten duten izenondoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3