Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:5:1

-ko

Gogoratu, atal honen aurretik beste bi ataletan ere aztertu dugula -ko:Hiru orduko hitzaldia egin dute kultur etxean

Atal honetan, ordea, izenondoak sortzen dituen -ko aztertuko dugu: bihotz oneko, hiru orduko

Lemari dagokionez, formaz berdina izan arren, -ko izen-sortzailea eta -ko izenondo sortzailea bereizi beharko genituzke, beste batzuetan egin dugun bezala: egoera, gertaera, ondorioa adiera duten izenak sortzen dituen -era eta nolakotasuna, izaera, lanbidea adiera duten izenak sortzen dituen -era etab. Kategoria desberdineko eratorriak sortzen dituzte batzuek eta besteak (lekuko, oinetako / bihotz oneko); kategoria desberdineko oinarriak hartzen dituzte, eta adiera ere desberdina dute.

-ko/-tako

Bestalde, adjektibo kategoriako unitateak sortzen dituen -ko honek bi aldaera erakusten ditu; -ko eta -tako, euskalkien arabera. Oro har, -ko izan da Hegoaldean nagusi eta -tako, berriz, Iparraldean, nahiz azken mendean -ko nagusitu den euskalki guztietan (Azkarate eta Altuna, 1992). Hain zuzen ere, forma erabiliena eta zabalduena zela kontuan hartuz, Euskaltzaindiak -ko hobetsi zuen batasunerako, eta hala adierazi zuen 34. arauan.

Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia.
Hau da, hortaz, Euskaltzaindiaren erabakia: buru argiko neska, adineko pertsona, hiru hankako mahaia, bost orriko txostena, lau laguneko taldea, ondo egin beharreko lana, neurri txikiko oinetakoak, fede apurreko jendea, e.a. bezalako sintagmetan, alegia nolako galderari erantzuten diotenean, -ko hobesten da.
Horregatik, tradizioak erakusten duen bezala, eta idazle gehienek segitu duten bidetik, -ko atzizki forma da hobesten dena, eta ez -tako.
Oinarrian zenbatzaileren bat ageri denean eta adina, prezioa, neurria, pisua… adierazten duten izenlagunak osatzen direnean ere, -ko da hobesten dena. Idatz bedi, hortaz, bi urteko umea, bost liberako egunkaria, hiru kilometroko bidea, hamar metroko garaiera, hiru asteko egonaldia, e.a. Baina -ta- atzizkia erabili beharrekoa izan daiteke zenbaitetan. Adibidez, nongo galderari erantzuten zaionean: hiru etxetako haurrak etorri zaizkit; hiru etxeetako haurrak etorri zaizkit; *hiru etxeko haurrak etorri zaizkit, e.a. Zenbaitetan -ko/-tako bikoteaz baliatzea ezinbestekoa izan dezakegu bereizketak egiteko: zazpi urteko ardoa (botilan dagoen ardoak zazpi urte ditu), zazpi urtetako ardoa (ardoa zazpi urtetan, ez zortzitan bildua izan da) eta zazpi urteetako ardoa (aldez aurretik ezagutzen ditugun zazpi urte diferenteetan zehar bilduriko ardoa. Azkeneko zazpi urteetan, esaterako). Honek erakusten digu batzuetan -tako beharrezko dela, baina ez urte hauetan erakutsi izan den bezain sarri.

Oinarriaren kategoria

Oinarriaren kategoriari dagokionez, ezberdinak har ditzake -ko adjektibo-sortzaile honek:

  • sintagma kategoriako oinarriak: azal zuriko, jenio txarreko, bihotz oneko, buru argiko, gerri estuko, hanka biko, iraupen laburreko, sudur handiko…
  • zenbatzaile-sintagmak: kainoi biko, hiru urteko (haurra), hiru kilometroko (bidea), zenbat kilometroko (bidea), zazpi eguneko (epea), hiru orduko (emanaldia)… Neurria, adina, pisua, prezioa, tamaina edo denbora adierazten dute, oro har, horrelako egiturek.
  • Izen soila: antzeko, edadeko, esaneko, itxurako…
  • (-en) itxurako, (-en) antzeko…
  • ‘partizipioa + behar’ egiturak (izen-sintagmak): egin beharreko, esan beharreko, hartu beharreko… 1

Azpiatal honen hasieran esan dugu -ko berez flexio-morfema dela, eta hala erakusten dute goiko adibideek: bihotz oneko, iraupen laburreko, jenio txarreko, zazpi eguneko… Azkue, R. M.k azpimarratu bezala, flexio-morfemekin bakarrik ageri dira horrelako lotura-bokalak, ez eratorpen-morfemekin. Baina adizlagunari lotzen zaio -ko flexio-morfema denean, izenlagunak sortzeko: etxerako, egurrezko, aitarenganako, zerutiko… Eta -ko flexio-morfemaren aurretik postposizio-morfemarik ageri ez denean ere, aurretik -n postposizioa dagoela esaten dugu; hau da, mendiko, zenbait menditako eta Gipuzkoako mendietako izenlagunak, mendian, zenbait menditan eta Gipuzkoako mendietan postposizio-sintagmak dituzte oinarri:

  • mendian + -ko > mendiko
  • zenbait menditan + -ko > zenbait menditako
  • Gipuzkoako mendietan + -ko > Gipuzkoako mendietako

Eratorpenean aztertzen dugun -ko honek, aldiz, izen-sintagma (izen-multzoa, nahiago bada), edo zenbatzaile-sintagma ditu oinarri, baina ez postposizio-sintagma. Eta adierari dagokionez ere, ‘eutea’, posesioa adierazten du -ko eratorpen-morfemak; flexio-morfemek, ostera, ez dute esanahi lexikorik, erlazio gramatikalak baino ez dituzte adierazten.

Bestalde, ohikoa ez bada ere, -ko atzizkiak eratorritako adjektibo hauek izan daitezke, aldi berean, beste eratorpen-atzizki baten oinarri: buru bikotasun…

  • Hemen jokoa da buru bikotasun horretan elkarrekin ondo aritzea, eta horretan ez dago batere eragozpenik. («EAJren hautagaia ez bada lehendakari, autogobernua egongo da jokoan», Berria)

-ko eta -dun

Literatura-tradizioan askotan -ko eta -dun lehian ikusten ditugu, oinarria sintagma kategoriakoa denean, izen multzoa nahiz zenbatzaile sintagma2. Azpiatal honen hasieran esan dugun moduan, zenbait gramatikariren iritziz (Altube 1929) -ko baliatzen dugu berezkoak zaizkigun ezaugarriak adierazteko, bereziki kualitate abstraktu edo immaterialak, eta -dun, ostera, aldi batekoak baino ez direnak adierazteko, edo pertsonaren atalak. Horrek azaltzen du zergatik hartzen duten -ko izaerari dagozkion jenio txarreko, azal leuneko edo bihotz oneko adjektiboek, eta -dun, berriz, erraz alda daitezkeen ezaugarrik adierazteko, (bizar gorridun, ile zuridun, edo begi belzdun…). Baina kontuak ez daude hain argi. Esaterako, traje ederra izatea ezin har daiteke berezko ezaugarritzat, eta, hala ere traje ederreko sortu dugu; begiak badira pertsonen gorputzeko atal, baina begi ederreko ere aurki dezakegu literaturan.

Ikus ditzagun adibide batzuk:Yasar Kemal

  • Jendeak zioen ile luzeko gizon bat zela, mamu antzekoa. (Sacamantecas nuen aita, Arana, A.)
  • Hala ere, txima luzedun hippyen aroak kalitatezko ekoizpen apartak ezagutu zituen. («Ezinezkoa gertatu da», I. Bidetxea, Argia)
  • Iparra hormatuak hemen nonahi ikusten diren zango luzedun lore ubel delikatuak bortizki mugiarazten ditu. (Septentrio, Arkotxa, A.)
  • historia luzeko museoa. ( Berria)
  • bakarkako gairako neurri luzeko doinuak hautatu zituzten. ( Berria)
  • Takoi luzeko kanperak oinetan,[…] (Larunbatak, Arretxe, J.)
  • […]kaxa blindatuan zeukan guztia emateko agindu zion traje ederreko gazteak. (Ohe bat ozeanoaren erdian, Hernandez de Abaitua, M.)
  • Pentsamentu ederreko liburu batetik neure egiten ditut bi pasarte ttipi. (Trapuan pupua, Perurena, P.)
  • […]begi ederreko gizon-emakumeak;[…] (Ararat sumendiaren sumina, Yasar Kemal / Rey, F.)
  • begi ederreko neskarenganaino iristeko bidea ireki zuen jende artean. (Mala Stranako ipuinak, Jan Neruda / Rey, F.)
  • Ile belzdun neskaren ondoan egunak ez ziren sekula aurrekoaren berdinak izango. (Alkimista, Paulo Coelho / Xabier Aranburu)
  • ehun bat lagunek lortu zuten tartean xingola belzdun ikurrinekin korridore bat egitea («Bikotekidearen agurra jaso ostean erraustu dute Sainzen gorpua», Gotzon Hermosilla, Berria)

Bestalde, oro har, Euskaltzaindiaren arauak dioen bezala, -ko erabiltzen dugu tamaina, iraupena, etab. adierazteko: epe luzeko gaixotasun, epe luzeko helburu, iraupen luzeko bidaia…

Zenbatzaile sintagmak oinarri dituzten eratorrietan, terminologia beharrei erantzuteko, mota bateko eta besteko eratorriak aurkituko ditugu hasiera batean: hiru-buruko/hiru-burudun 'tricéfalo', hiru-loreko/hiru-loredun 'trifloro', hiru-gurpileko 'triciclo', hiru-margoko/hiru-margodun 'tricolor', hiru-aldizko/hiru-faseko 'trifásico'…

Gaur, ordea, -ko nagusitu da erdal bi-, tri-… aurrizkien bidez sorturiko terminoei ordainak emateko: letra biko, zati biko ‘bimembre’, bi motorreko / motor biko ‘bimotor’, gingil biko ‘bilobulado’, ardatz biko ‘biaxial’, buru biko ‘bicéfalo’, hirurteko ‘trienio’, hiru faseko ‘trifásico’, hiru hilabeteko ‘trimestral’…

  • Elkartasunaren eragina botere berdinekoen mailara mugatuta egon zen bitartean, ardatz biko sistemak orekan iraun zuen (ikus 2a irudia) eta itxura guztien arabera, hala segitu zuen aski denbora luzean gure inguruko hizkuntza guztietan. ( Euskararen tratamenduak: erabilera, Jabier Alberdi Larizgoitia, Iker, Euskaltzaindia)
  • Cadizeko lan konstituzionala jarraitzeko denbora gutxi izan zuten arren Hirurteko gobernuek erreforma garrantzitsu batzuei ekin zieten: ( Fernando VII.Aren Espainia, Hiru.eus)
1 Euskaltzaindiaren 34. arauan daude zehaztuta oinarri-mota hauek eta dagozkien adibideak.
2 Ikus bereziki honetaz Altube (1929), Euskaltzaindia (1987a), Azkarate eta Altuna (1992), Zabala (1999) edo Makazaga (2001????).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3