Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:2:5:2

-dun

Euskaltzaindiak (1991)1 hitz elkartutzat hartu zituen dirudun, bizardun edo alkandora gorridun, eta Elkarte Sintetikoetan sailkatu zituen. Zergatik? Besteak beste, dirudun pertsona edo bizardun mutila sintagmetan objektu-aditz-subjektu antzeman daitekeelako, liburu-saltzaile edo kale-garbitzaile izen elkartuetan bezala: dirudun pertsona > dirua daukan pertsona, bizardun mutila > bizarra daukan mutila…

  • Hain ugaria den egile-elkarte mota honetan, bigarren osagaia duen erlatibotik datorrela garbi dago; lehen osagaia izena da askotan. […] Bigarren osagaitzat erlatibo laburtua duen elkarte osoaren kategoria gramatikala izenondoa dela esan dezakegu[…] (Hitz-Elkarketa 3, LEF Batzordea, 1991)

Hori horrela izanik ere, -dun ez da morfema beregaina, eta horregatik, SEGen egokiago iritzi diogu eratorpenean aztertzeari, besteak beste, Azkue, R. M.k, Villasantek eta Lafitte, P.k egin zuten moduan.

  • Bizardun, dirudun, astidun…..el sufijo denota siempre poseedor (2): de barbas, dinero, tiempo ..,.. o de lo que se trate. (Morfologia vasca, Azkue, R. M., 1925)

-tun

Bestalde, gogoratu txistukariaren ondotik (bihotz, akats…) -tun aldaera ager daitekeela, batez ere Mendebaldean: bihoztun, akastun…; baita aditz-izeneko (ikaste, joste) azken bokala erori ondorengo herskariaren atzetik ere: ikastun, jostun…

Izenaren ezkerrean nahiz eskuinean

Izenondoaren atalean esan dugunez, –dun atzizkiaz eratorririko hitz horiek perpaus erlatiboetan dute oinarria: dirua duen neska perpausa izanik oinarrian, ez da hortik zail pentsatzea perpaus horrek dirudun neska eman dezakeela. Horrek azalduko luke nola geratu diren –dun hitz horiek gramatikan izenaren ezkerrean, perpaus erlatiboak arruntean ezkerrean ematen ditugunez. Baina, aldi berean, egia da –dun hitz horiek eskuinean ere ager daitezkeela. Aldaketa gertatu da horretan, literatura-tradizioan askoz maizago ageri da -dun adjektiboa izenaren ezkerrean; gaurko idazleen erabilerari erreparatuz, ordea, nagusituz doa -dun adjektiboa eskuinean ematea.

  • Egungo adibideak:
    • Kanpotiar enpresa dirudun askok hor zituzten beren bulegoak. (Skyroom, Ramuntxo Etxeberri)
    • Familia dirudun batetik zetorren Isidro, eta gainera bere aitak botika eder handi bat zuen erdigunean. (Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Joxemari Iturralde)
    • Eskailer-maila baten puntan jarririk dago, pipa ahoan eta oinak bertz batean, egin ahala urperaturik bezala, bisaia sutan dagoen gizon bizardun bat. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
    • Allen Street-en gora, onddo-kapelarekiko gizontxo bizardun eta hankoker bat zihoan. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
    • Han ari ziren Fructuoso eta inondik ezagutzen ez genuen gizon txapeldun bat liskar batean garrasika. (Gerezi denbora, Inazio Mujika Iraola)

Atzizkiaren emankortasuna

Emankortasunari dagokionez, kontrakoa badirudi ere, atzizki honen bidez ez dira horrenbeste izenondo sortu. Gaurko euskaran, euskaldun2 da hitz erabiliena eta ondoren datoz beste hauek: ugaztun, arduradun, zaldun, txapeldun, haurdun, errudun, eledun, ahaldun, bizidun eta fededun. –dun adjektiboen artean mailakatze bat dagoela esan daiteke emankortasunari dagokionez: bizardunek, esaterako, 178 agerraldi ditu Ereduzko Prosa Gaur corpusean, dirudunek 110 agerraldi, zentzudunek 282 agerraldi corpus berean, akasdunek 110 Egungo Testuen Corpusean. Beste batzuk, aldiz, ez dira gehiegi erabiltzen: gorridun, koadrodun, loredun, zergadun, koloredun, lizentziadun edo esperantzadun noizbehinka bakarrik ageri dira.

Emankortasunean badu zerikusia izen balioan erabiltzeak; euskaldun, ugaztun, errudun, txapeldun… eratorriek agerraldi asko dituzte corpusetan; horiek guztiek (eta beste batzuk ere) izen balioa hartzen dute sarri (baina, bestalde, izen balioan ageri den zergadunek oso agerraldi gutxi ditu). Halako baliorik hartzen ez duten gorridun, koadrodun, koloredun edo loredun bakanago ageri dira:

  • […]buruan loredun kapela eta kokots ahalkegabearen azpian malba-koloreko begizta handi bat erakusten zituena. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • […]hatz keinu batez garagardo gehiago eskatzen zioten blusa loreduna eta gizonezko txanoa zeramatzan emakume mutur-luze bati. (Artistakume baten erretratua, Dylan Thomas / Navarro, K.)
  • […]eta bitxi-loredun kapelak eta gakorratzez jositako lepoko parpailadunak janztera emana[…] (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga)
  • Era bitxi batean belaunikatu ostean, ezpata alboan utzi eta negar malkoz busti zuen gelako alfonbra koloreduna. (Egurra Pinotxori, Aritz Gorrotxategi)
  • […]adats motz zuria, galtzerdi koloredunak, betaurrekoak ere armazoi koloredunekoak eta koipe faltan legokeen ate baten karranka zirudien ahotsa. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Hemen ere badira pobreak, jende koloreduna, iluna, zu baino ilunagoak behintzat[…] (Eta emakumeari sugeak esan zion, Oñederra, L.)
  • Beheko solairuko egongela hartan geunden, sofa loredunak zituen eta erdian mahai borobil bat. (Paradisuko Almanaka, Gianni Celati / Fernando Rey)
  • […]otoitz-liburua altzoan estutzen zituela, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako morroia, belarritakoa eta atorra loreduna jantzirik[…] (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Argal-argala da eta koadrodun alkandora darama. (Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez)

Bidenabar, gogoratu -dun adjektiboaren kokapenaz goraxeago esan duguna: izenaren ezkerrean baino sarriago ageri dela egungo testuetan eskuinean.

Nolanahi ere, eta kokapenaz ari garela, ezkerrean edo eskuinean agertze horretan badu zerikusirik oinarriaren kategoriak. Azpiatal honen sarreran esan dugu egitura sintagmatikoak ere har ditzakeela oinarri -dun atzizkiak; mota horretako oinarriekin nabarmenagoa da erlatibo jatorria, eta halakoetan, ohikoa da izenondo eratorria izenaren ezkerrean kokatzea:

  • Egun batean bufanda gorridun ijitoa azaldu zen berriro dendan. (Korapiloak, Osoro, J.)
  • Gero jakako barneko patrikatik azal beltz eta ertz gorridun liburuxka bat atera du eta goiko patrikatik betaurrekoak. (Zoririk ez, Imre Kertész / Urrutikoetxea, U.)
  • Tomen aita Atanasiorenean zihoan, alkandora gorridun hura zen. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Koldo Izagirre)
  • Zenbat aldiz amaitu dot bizar gorridun arrotza! (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • […]edonola ere hiltzera doazenez, itsasora begira (Marco Polo, Moby Dick) bista onak betaurreko beltzdunarentzat izan ditzaten gutxienez. (Neguko zirkua, Cano, H.)

Egitura berekoak dira beste hauek ere: atorra dotoredun, azal ederdun, estalki zuridun… Oinarri konplexuagoak ere aurki ditzakegu, zenbatzaile-sintagma egiturakoak:

Eratorpen-atzizki honen bidez sorturiko adjektiboek nekez onartzen dute gradu-mailarik: *eledunago, *hardunago, *eledunegi… Hala ere, euskarak badu beste modurik horiek adierazteko: ni ez naiz zu bezain fededuna, ni zu baino erredunago naiz horretan…

Esan bezala, -dun atzizki izenondo-sortzailea bada, izenondoa oinarri duten atzizkiak ager litezke ondoren, baina oso bakanak dira halakoak (euskalduntasun eta besteren bat).

  • Nola nai ere Burgos aldean eztu euskerarik billatuko beintzat, eta euskerari utzitzen badio, euskalduntasuna ere or nunbait ibilliko da euskerarekin batean. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Zazpirok bear dogu egin batasuna, Zazpi Euskaldunerrik anaiatasuna, Egin ezkero zintzo guk alkartasuna, Ziur, ziur, letorke euskalduntasuna. (Asti-orduetako bertsozko lanak, Arrese Beitia)

Aurretik, aldiz, izenak (batez ere bizigabeak) sortzen dituzten atzizkiak aurkitzea ez da batere zaila: betaurrekodun, berokidun, osasundun, maitasundun, ongarridun, berogailudun, barazkidun…

  • Leonid Nikoláievich AndréyevMutil beltzaran eta betaurrekodun bat zen. (Gertakizuna, Annie Ernaux / Joseba Urteaga)
  • Bisoizko berokidun emakumeak izaten dira horren adibide. (« Psikologia da tabernari profesionalaren oinarria», HABE)
  • Behin, neguan, tximiniako kedarrak su hartu zuen, eta, etxe osoa erretzeko arriskua zegoela ikusirik, gaixo nahiz osasundun guztiak zeharo ikaratu ziren. (Zazpi Urkatuak, Leonid Nikoláievich Andréyev / Jose Morales)
  • “Amans, […] maitarasundun, maitarasuna duéna”. (Diccionario manuscrito, Urte)
  • Eurecat zentroak hainbat proiekturen garapenean parte hartu du: hala nola, berogailudun maillot prototipo bat txirrindularientzat, gerrialdeko lesioak prebenitzeko body bat, edota bizi-konstanteak eta transpirazioa neurtzen dituen kamiseta bat. (« Arropa adimenduna: etorkizun handiko negozioa», Barrixe, BFA)
  • Esaterako, oraindik ez du ukitu ere egin ekarri dioten barazkidun sandwicha. (Behi eroak, Patxi Iturritegi)
1 Ikus Hitz-Elkarketa 3, LEF Batzordea, 1991
2 272 agerraldi Egungo Testuen Corpusean

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-dun", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3