Eratorpenaz orain arte esan dena kontuan hartuz, aditzak sortzeko euskaraz erabiltzen den atzizki bakarra -tu da, latinezko partizipioari dagokiona. Horixe aztertuko dugu atal honetan.
Lemari dagokionez, kontsonante ozenaren (sudurkari eta albokariaren) ondoan herskaria ahostunduz -du aldaera aurki daiteke. Arazoa, ordea, -katu, -(z)tatu formek sortzen digute. Atzizki bakarraren alomorfoak ote dira guztiak? Intuizioz baietz esango genuke; distribuzioa finkatzea da kontua. Villasantek hiru atzizki balira bezala ematen ditu Palabras compuestas y derivadas lanean. Bakoitzaren eremua zehazten saiatuko gara hemen, bataren eta bestearen adierak aztertzen ditugunean.
Euskal gramatikariek aditz kategoriako hitzak sortzeko atzizkitzat hartu dute -tu (-du). Ez, ordea, atzizki hau bakarrik. Lafitte, P.k aditz bakunak sortzeko erator-atzizkien artean sartzen ditu hauek guztiak: -tu, -i (ikus > ikusi) eta -n (egi > egin), inolako azalpenik eman gabe. Azkue, R. M.k (1923-25) -tu, -ra eta -i ere zaku berean sartzen ditu, aditz kategoriako unitateak sor ditzaketelako. Egia da hizkuntzaren ikuspegi diakronikoa darabilela azken bi horiek sartzean, aitortzen duelako biak ihartuak daudela. Nolanahi ere deigarria da partizipio burutua adierazten duten atzizkiak eta gramatikari hauek eratorpen-atzizkitzat hartzen dituztenak forma berekoak izatea.
Zer esan nahi du horrek, itxuraz berdinak izan arren egiaz bi atzizki desberdin ditugula, bata deribazioan sartzekoa, eta bestea flexioan? Intuizioaren kontrako analisia da hori. Ez hori bakarrik, handi izenondoari -tu atzizki aditz-sortzailea eransten badiogu, eta handitu aditz kategoriako hitza sortzen bada, nola hartzen ditu aditz horrek aspektu markak? Edo bestela esan, zergatik jokatzen du ustez erator-atzizki den -tu horrek aspektu-marka gisa? Ez baitirudi alderik dagoenik handi-tu, handi-tzen, handi-tuko eta eratorritzat hartzen ez dugun har-tu, har-tzen, har-tuko formen artean.
Jokabide hori aintzat hartuta, gaurko azterketetan (Azkarate, Odriozola, Zabala, ik. Gràcia et al. (2000), Hualde (ik. Hualde eta Ortiz de Urbina, 2003)) flexioarekin duen gertutasuna azpimarratzen dute hizkuntzalariek. Azkarate, Odriozola eta Zabalaren lanean, oraindik ere eratorpen-atzizkitzat hartzen da, baina zehaztapen hau egiten da:
Jarrera bera hartu zuen Azkuek ere, -i atzizkiari izaera bikoitza aitortu baitzion:
Hualdek (Hualde eta Ortiz de Urbina, 2003) urrats bat gehiago egiten du, esanez aditzak aski libreki erator daitezkeela izen eta adjektiboetatik. Eta aditz hauek guztiak -tu motako partizipio burutua duten aditzen sailekoak izaten direla. Honek esan nahi du ez dela -tu aditzak sortzeko baliabidea, -Ø baino.
Oinarriaren kategoria izena zein izenondoa izan daiteke.
Aditz horietatik gehienak telikoak dira (Azkarate, Odriozola, Zabala eta Perez, 2000), amaiera jakina duen prozesua edo gertaera adierazten dute: zorroztu, aukeratu… Baina badira atelikoak ere, amaiera zehatzik ez dutenak: aholkatu, babestu, zigortu…
Ikus adibide zenbait:
Bestalde, oinarria zein den, aditz eratorriaren adiera aldatu egiten da:
Baditugu, azkenik, kalko hutsez sortuak ere; gaztelaniazko eredua kontuan izanik eratu ditugunak. Zaila da horrelakoetan esanahi lexikoa zein den zehaztea. Horietako aditz bat da, esaterako, sukaldatu. Entzun Ibon Sarasola Euskaltzainak Euskadi Irratian esandakoa 'Sukaldatu'' hitzari buruz.
lanaren aipamena nola egin...