Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:4:1

-ki

haurrek ozenki egiten dute oihuAditzondoak sortzen dituen -ki atzizkia aztertuko dugu atal honetan, hau da, nola? galderari erantzuten diona. Baina gogoratu, lehenago ere aztertu dugula -ki beste bi ataletan: 'tresna, baliabidea' adierako izenak sortzen dituen -ki bat; eta 'objektua, produktua' adierako izenak sortzen dituen -ki bestea.

  • beroki → izena (baliabidea:'berotzeko balio duena')
  • jaki → izena (objektua, produktua: 'jateko gaia')
  • ozenki → aditzondoa

Lemari dagokionez, kasu bakanen batean sudurkariaren ondotik -gi aldaera ageri bada ere (ongi), herskari ahostuna da ohikoena: gizonki, ozenki…

Ia edozein izenondok onartzen du atzizki hau aditzondoa sortzeko: maileguek nahiz euskal izenondoek, izenondo bakunek nahiz eratorriek, kualitatea adierazten duten neurrian, noski. Adjektibo balioa har dezaketen izenek ere onartzen dute -ki: gizonki… Kualitate hutsaz gain beste ñabarduraren bat duten izenondo eratorriak ez dirudi aditzondo bihur daitezkeenik: *lotsatiki, *bizardunki, *donostiarki… Nolanahi ere, OEHko corpusean badago euskaldunki 'a la manera vasca; en lengua vasca' adierarekin; baita miragarriki eta ikaragarriki ere. Badira bestelako debekuak ere, esaterako, kolore-izenondoek ez dute -ki izenondo sortzailea onartzen, ez eta ezaugarri fisikoak adierazten dituztenek ere: argal, gizen… > *argalki, *gizenki…

Hemen dituzu -ki atzizkiarekin sorturiko zenbait aditzondo:

  • ahalkegabeki, aiseki, airoski, alegeraki, apalki, arinki, ausarki, beregainki, bereziki, bidegabeki, bigunki, biziki, bortizki, deblauki, dohatsuki, dorpeki, ederki, epelki, galanki, garrazki, itsuski, laburzki, leunki, liberalki, libreki, oneski, ongi, ozenki, poliki, serioski, trebeki, umilki, zorrozki, zuhurki…

Ikus hemen zenbait adibide, gaurkoak eta atzokoak:

  • Zein beroki hari izan diren bere probetxu espiritualaren aitzinatzen. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • DAMA: Ba, haatik oraiko heinerat altxatu bagira, ez uste izan huntaratu girela jeloskeria eta grebaren bidez, bainan apalki eta zintzoki lanean ariz. (Lana eri, Larzabal, P.)
  • Bañan erri ta inguruetako errixketatik ain ausarki ziren etorriak baserritarrak non eta esan beizeikean an ikusi jende geiena zela bertakoa. (Kazetari lanak, "Gurbindo")
  • Osoro goien zegoenean, belaunikatzen zan umilki, eta egiten zuen orazio San Franzisko altxatzen zan tokian bertan. (San Frantzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia)
  • Gizon anzianoa eztezala dorpeki reprehendi, baina ezhorta ezak aita bezala: gazteak, anaieak bezala: 2 Emazte zaharrak, amak bezala: gazteak, arrebak bezala kastitate guzirekin. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Airoski jotzen du, xarmanki, bai eta tristeki ere, malkoak isurarazteraino zenbaitetan. (Elektrika, Montoia, X.)
  • Libreki idazten dut. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • Eta, handik aitzina, laburzki izan bazen ere, bere joan-etorrien berri eman zidan Piarres Oihartzabal kapitainak:[…] (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

Bestalde, -z postposizio sintagma ere izan daiteke aditzondo hauen oinarri: artezki, bidezki, desohorezki, dolorezki, egiazki, mirakuluzki, ohorezki…; baina emankortasun mugatua du eredu honek, oro har -z bera aski baita aditzondo balioa emateko: hitzez, eskuz… (ez *hitzezki, *eskuzki…).

  • Eta baldin jzen xoiletan bada hain misteriotsu, ezta oraino gutiago berboetan ere; ezen hitz gutiz, eta laburzki baliatzen delarik berboez, edo berboen propietatez, artezki, eta zuzentki gauzak deklaratzentu, hain manera ederrean,[…] (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
  • Konstantino handiak egun batez ohorezki eskiribatu zioen San Antoniori, hala non harekin ziren fraideak espantatu baitziren[…] (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Eta hala mirakuilluzki falseria agerturik, eskapatu zuen. (Guero, "Axular")
  • Zuhaurk zuzenki eta bidezki aitortu behar izan dizkiozu bere dohainak; goratu baino gehiago egiten duzu, bekaitz diozu. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
  • Egiazki ez nekien norat bideratu nire zangoak. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • A! guk guziek egiten duguna: egon herrian, bainan otoi goserik gabe, ezen nihon ez duzu hemen bezain errexki bilduren ohorezki bizitzekoa. (Janpierre Arbelbide, Arbelbide, X.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ki", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3