Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:4:2

-ka

-ka atzizkiak ere aditzondoak sortzen ditu, hau da, nola? galderari erantzuten dioten hitz eratorriak.

Kategoria bateko baino gehiagoko oinarriak har ditzake -ka atzizkiak, eta adierari dagokionez ere, bat baino gehiago aurkituko ditugu, oinarriko kategoriaren arabera:

  • Izen konkretuei, bizidun zein bizigabeei erants diezaiekegu, ‘bila ibili/joan’… adierako aditzondoa sortzeko: arrainka, egurka, urzoka…Oxobi
    • Nolanahi ere oso adibide gutxi ditugu eredu honetakoak, Iparraldekoak guztiak.
  • Izen bizigabeei erantsirik, bi modutako balioak har ditzake sortzen den aditzondoak:
    • oinarriak adierazten duena eginez: bultzaka, eztulka, jauzika, keinuka, tiroka, zirika…
    • Sugandilen moduko gorputz zuriak uretan bihurrika, bultzaka, lasterka, estutuka…
    • Eladio keinuka ari zait, ea haiena gaurko ote den. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
    • oinarriak adierazten duenaz kolpea emanez: harrika, mazoka, ostikoka, ukabilka…
  • Hualdek eta Ortiz de Urbinak (2003) diotenez, ‘baliabidea’ (‘tresna’) edo ‘modua’ adierazten dute aditzondo hauek. Beste batzuetan, ‘zein maiztasunez’ adierazten du aditzondoak (errepikatzea, Hualdek eta Ortiz de Urbinak diotenez).
  • Izenak eta zenbatzaileak ere izan daitezke oinarri adiera honetan: binaka, bosnaka, ehunka, epeka, hamarnaka, hilabeteka (‘hilabetez hilabete’), hirunaka, milaka, taldeka, urteka…
    • Ohituraren arabera, bidea errazago eroateko, zaldiak binaka gidatzen ziren. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Hemendik aurrera, kanpinetan taldeka lan egingo dugunez, lau talde egin beharko ditugu, eta talde horietako batek gaurko afariaz arduratu beharko du. (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)
  • Aditzoinari ere erants dakioke -ka: galdezka, eskainka, joka, txistu-jaurtika… Modua adierazten du erabilera honetan.
    • Alperrik, bada, zaldunik ezagunenak bere esku eta ondasunak eskiñika ioango iakozan[…] (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
    • Ta Duranza, auntz arin, larrak eta urritzak morrozten dituena; arako, iturritik etxerakoan txanbilletik ura mutilleri yaurtika datorren nexka sardaska ua. (Mireio, "Orixe")

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ka", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3