Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:4:5

-ero

Denbora adierazten duten izenei erantsiz ‘maiztasuna’ adierazten dute -ero atzizkiarekin osatutako aditzondoek: astero, egunero, hilabetero, orduero, urtero…

  • Egurastu ondo tokia eta, orduero itzali estufa, airea zeharo berriztatu arte. (“ Prebentzioa, ezinbesteko Eroski Consumer)
  • Nolanahi ere, urtero, San Bartolome gauean, higanotaren arima sumatzen omen da gela urdin hartan. (Elezaharren bidetik, Martin Anso)
  • Lehen leku askotan astero izaten zen erromeria. (Gelatxo, soinuaren bidaia luzea, Aristi, P.)

Hori da literaturan eta ahozko erabileran tradizioa duen moldea, eta ez, betiko erabileraren ondoan, azken urteotan hedatu dena, alegia, zenbatzailedun sintagmari ere -ero erantsiz sorturiko moldea: *hamabost egunero, *hiru urtero… Egitura horien ordez, beste hauek dira euskaraz tradizioa dutenak: hamabost egunetik behin, hamabost egunean behin, hiru urterik behin…

  • Neu izango nauzu bi astetik behin albistari. (Patri maitea, Etxeberria, H.)
  • Gutitan gertatzen zen hori, gehienez ere bi edo hiru urtetik behin. (Mailuaren odola, Epaltza A.)
  • Hamabost egunean behin konfesatzen ziren: elkarrekin prestatzen zuten beren bekatuen zerrenda. (Azken hitzordua, Sandor Marai / Olarra, X.)
  • ? Bi urtero omenaldi bat egiteko xedea dugu. («Eskaintza zabala eta jende ugari», Aitor Renteria, Berria)
  • ? Zuk erosten dituzu bi astero, adibidez, eta gero publizitatea lortzen duzu horiek ordaintzeko eta zeuk irabazteko. (Venezuela, iraultza isilaren hitzak, Aristi, P.)

Ildo horretan argitaratu zuen hain zuzen ere Euskaltzaindiak 110. araua. Amaieran, hauxe dio arau horrek maiztasun egituren inguruan:

Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da: {Astero, hilero, ordulaurdenero…} etortzen da. Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren bidez osatua den [zenbatzailea + izena + -ero] sintagma: *Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek, *Hamabost egunero etortzen zait bisitan. Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean. (110. araua, Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen, Euskaltzaindia)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ero", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3