Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5

Irizpen atzizkiak

Irizpen atzizkiak aztertuko dira atal honetan, hau da, zerbaiten iritzia, balorazioa egiten dutenak.

Azkuek (1923-25) askoz atzizki gehiago aipatzen ditu, baina emankorrenak bakarrik jasoko ditugu atal honetan. Atzizki handigarriak eta txikigarriak dira ikusiko ditugunak:

Atal berezia osatzen dute pertsonei edo gauzei buruzko ikuspuntu edo iritzi subjektiboa adierazteko baliatzen ditugun atzizkiek. Sufijos apreciativos esan zaie horrelakoei gaztelaniaz eta hiru azpiataletan banatu dituzte:

  • handigarriak: tomaton, fuertote…
  • txikigarriak: niñito, guapina…
  • gutxiespenezkoak: poblacho, villorrio, niñato…

Oinarriari eransten dioten ñabardura semantikoaz gain, badituzte bestelako ezaugarriak ere: ez dute oinarriaren kategoria aldatzen, eta kategoria bateko baino gehiagoko oinarriei erants dakizkieke: umetxo, txikitxo, berandutxo…, nahiz ñabardura semantikoa ez beti berbera izan. Emankortasunean ere badira aldeak berehala ikusiko dugunez; batzuk ia edozein izeni edo izenondori erants dakizkieke, beste batzuk ez. Atzizki hauen beste ezaugarri bat flexio hizkien aurre-aurrean agertzea da; beraz, gainerako eratorpen-atzizkien ondoren: bertsolaritxo (*bertsotxolari)… Ezaugarri horiek kontuan izanik, flexio-hizkietatik gertu daudela esan izan da; euskaraz, esaterako, EGLUn eta SEGen, adjektiboaren mailakatzeaz ari garela aipatu ditugu adjektiboa oinarri duten mota honetako eratorriak; mailakatze horretarako marka morfologikotzat hartu ditugu. Hala ere, ondoren aztertu ditugun atzizkiek badute esanahi lexikoa, ez dira marka gramatikal hutsak. Eta flexio-morfemen aurretik kokatzen ditugu (artikuluaren, kasu-markaren… aurretik).

Horregatik guztiagatik sortu dugu eratorpenean atal bat -txo, -ño, -kote eta antzeko atzizkientzat. Beste gramatika batzuetan ere Eratorpenaren barnean aztertu dituzte horrelako atzizkiak: RAEren Nueva Gramática de la Lengua Españolan edo Bosque eta Demontek argitaraturiko Gramática Descriptiva de la Lengua Españolan.

Euskaraz sail honetako atzizkiak horrenbeste ere ez direnez, alfabetoaren arabera zerrendaturik aztertuko ditugu; goraxeago esan bezala, gaztelaniaz hiru azpisail bereizi dituzten arren, euskaraz oro har handigarriak eta txikigarriak baino ez dituzte aipatu gramatikariek. Hala ere ez da zaila zenbait eratorriren kasuan gutxiespenezko kutsua antzematea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Irizpen atzizkiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3