Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5:1:2

-kote

Izenari eransten zaion atzizki handigarria da -kote: begikote, gizonkote, lagunkote, liburukote, mutikote, xexenkote1 Ikus adibide hauek:

  • Arthur S. EddingtonEsaterako, ez dakit gizontxo txiki bat ote den ala gizonkote handia. (Unibertsoa sakabanatzen ari da, Arthur S. Eddington / Jon Azkargorta)
  • Hala direlako gauzak: gizonkote handiak direlako, hain zuzen, gauza txiki-txikietarako eginak daudenak. (On Camillo, Giovanni Guareschi / Elorriaga, U.)
  • […]Anaren gurasoen etxera aldatu nintzen umea jaio zenean; mutikote bat, hiru kilo eta zortziehun gramo, pentsa! (Gezurrak, gezurrak, gezurrak, Zaldua I.)
  • Neskaren begikote ilun eta sorgindu itxurako haiek une batez nire aurpegian pausatu ziren. (Berrizbeitia, L.)
  • Xexenkote! Ez adi horrela jarri! (1840 atala, “Jainkoarena da epaia”, Goenkale)

Izenondoek ere hartzen dute -kote atzizkia: baldarkote, gizenkote, gorrikote, handikote, lasaikote, lodikote, mardulkote, mozkote, onkote, puztukote, sendokote, tontokote, zozokote… Oro har, adjektiboei eransten zaizkien gainerako irizpen-atzizkiek bezala, eratorri hauek ere ‘aski’ ñabardura hartzen dute, ‘aski ona’, ‘aski lodia’… Eta batzuek gutxiespen-kutsua ere izan dezakete. Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • Harry Potter Beltzarana zen, mozkote samarra, isil,[…] ( Egunkaria)
  • Hortaz - ari zen mutiko sendokote bat -, esan diot Justini gure logelan ezkutatzeko (Harry Potter eta sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Mendiguren I.)
  • Zure izaera baldarkote horrek galtzen zaitu… (1434 atala, “Hauts bihurtuko zara”, Goenkale)
  • Koadrilako bat da handia. Gizenkote askoa. (1623 atala, “Gosaria diamanterik gabe”, Goenkale)
  • […]atzamar mozkote, horitu haiek luzatu[…] (Artemio Cruzen heriotza, Carlos Fuentes / Zuriñe Goti)
  • […]nire sudur gorri puztukote hau eta nire aurpegiko ubeldurak[…] (Zorion perfektua, Lertxundi, A.)
  • Tipo meharra da, ile-horia, betaurrekoduna, beste zozokote bat Jan korrikalaria bezala. (Paradisuko Almanaka, Gianni Celati / Rey, F.)

Zenbatzaileekin (zenbatzailea + -kote) ere sortzen dira izenak:

  • Satchmo Jazz disketxeak David Mengual Mosaic zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera eskainiko du, hirukote moduan zein bederatzikote gisa. ( Egunkaria)
  • Rajaton seikote finlandiarrak egunotan Tolosan entzun ez diren doinuekin harrituko du ikuslea. ( Egunkaria)

Baina horietan, agerikoa denez, ez dago balio handigarririk, taldea adierazten du zenbatzailetik eratorritako -kote atzizkidun izenak.

1 Balio txikigarria daukan palatalizazio adierazkorra eta atzizki handiagarri biltzen ditu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-kote", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3