Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5:2:2

-tsu

-tsu atzizki txikigarria aztertuko dugu atal honetan, baina gogoratu, badela beste -tsu bat ere, ugaritasuna adierazten duten izenondoak sortzen dituena.

Bereziki Ekialdean izenei erantsirik 'gutxi gora behera' adiera gehitzen die oinarriei: orentsu, artetsu, erditsu…

  • Bi oihanen artetsuan bada ur erreka bat, 'il y a un ruisseau à peu près entre les deux bois' (Diccionario manuscrito vasco-frances, Duvoisin)
  • Iragan mendearen erditsuan, mila zortzi ehun eta berrogoi'ta zortziko Erreboluzione-egunetan. (Supazter xokoan, Barbier)

Izenondoek ere hartzen dute -tsu: azkentsu, berdintsu, igualtsu, lehentsu…

Aditzondoei eta izenordainei erantsirik ageri den -tsu ere txikigarrien sail honetan sar dezakegu, izenei erantsirik hartzen duen ‘gutxi gorabehera’ adiera berean: bezalatsu, halatsu, nolatsu, nortsu, nontsu, zenbatsu…

  • Milla baserri-etxe bezalatsu kontatzen dira Donostiaren menpekoak, eta guztiak merkataritzako denporan arras eroriak egon izan ziran bezala, orain arkitzen dira goratuak. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Erakuts zadazu arren Diotzo, nere ohoiñaren Etxea nontsu othe den; (Fableak edo alegiak, Goietxe, L.)
  • O Gainzabalko eiztariak! Nortsu zerate? Urlo bizartsuaren gogamen gizen bat. (Urlo, Azkue, R. M.)
  • - Pernando - esan zion praille aietako batek, zuk gizon azkar, buru argi, pizkorren izena daramazu; ta esango al ginduzuke, emendik illargira zenbatsu bide dagon? (Pernando Amezketarra, Mujika, G.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tsu", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3