Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5:2:3

-ño

Hegoaldeko -txo atzizkiaren parekoa da -ño Iparraldean. Zuberoan -ñi aldaera ageri da: amañi, aitañi, maiteñi, urzoñi…

Izenei eransten zaie, bizidunei zein bizigabeei, zenbakarriei eta zenbakaitzei, baita izen elkartuei ere:

  • agurño, andanaño, andereño, arbolaño, argazkiño, arranguraño, artikuluño, ateraldiño, basoño, behakoño, bilkuraño, biltokiño, bisitaño, elgarretaratzeño, emazteño, erakusketaño, etxolaño, gazteño, gauzaño, gelaño, geldialdiño, haurño, hilabeteño, hitzaldiño, indarño, irriño, itzuliño, istorioño, jatetxeño, jauziño, karrikaño, kolpeño, laguntzaño, liburuño, mezaño, mende erdiño, musika zatiño, omenaldiño, ostatuño, otoizño, paradaño, solasño, tokiño, trufaño, urteño, xokoño, txoriño, xuhur aireño, zintzur bustitzeño…

Adibide hauek guztiak Herria aldizkarian argitaraturiko Iparraldeko testuetakoak dira:

  • Nire haurtzaroan fama txarra zuen Lanbarak gure xaharren mihietan, huntza entzutean erraten baitzuten, halako trufaño batekin: “Lanbarako ülün-zeinüa!” (Zuberoa incognita: bi bazterretan mendixka, Argia astekaria)
  • Egun, berriz itzuliño bat eginez delako estreinaldirat, argazkiño batzu ager-araziz egun xoragarri horren lekuko eta oroitgarri, hauxe dugu azpimarratu nahi:[…] («Parise aldeko Euskaldunekin», Muslaria, “Inbido”, Herria)
  • Diapo-irudien bidez, arras arrotza ginuen Afrikako ugarte ttipi horren doi bat ezagutzeko paradaño bat ukan dugu. («Lau haizetara», Peio Jorajuria, “Jainkoa, bizia, jendea”, Herria)
  • Mende erdiño batek zonbat egun ditu. («Urrezko ezteiak Kattin eta Jean-Baptisten ohoretan», Beñat Laxague, Herria)
  • Badira ere Hendaian bildu direnak eta andanaño bat Daniel Poulou deputatuaren etxe aintzineraino itzuliño bat egin duena… («Egun eta bihar», J. B. D., “Egun eta bihar”, Herria)
  • Hori da, eta hor Eñaut Etxemendi erakasle erneak ere egin zituen zenbait urteño (Kostaldeko berri, Herria)
  • Deneri, Guy Poulou auzapezak egin daizkiote konplimenduak eta zintzur bustitzeño batekin segitu da elgarretaratze hori. («Ziburun, turismo-bulegoak bere ohantze berria estreinatu», Herria)

Beste atzizki txikigarri baten ondotik doan -ñoren adibide bat ere badago: herrixkaño:

  • Bada ere herrixkaño bat, espresuki muntatua, zointan kausi baititake Hego-Ameriketako giroa, hango jateko eta edatekoekin. (“Cita festibala Miarritzen”, Herria)

Izenondoei ere erants diezaiekegu -ño, kolore izenondoei, esaterako: gorriño, horiño, xuriño… Aurki ditzakegu beste adibide bakan batzuk ere, baina ez da oso emankorra: bereziño, besteño, handiño, ttipiño…

  • Toki bereziño bat egina zaio Frederic Lafittemendigoizale gazteari. («Ziburun, Ttiki trinketean, Kirolariak ohoratuz», Herria)
  • Ateak zerratuko dituela iheslarieri edo doi-doia arteka ttipiño bat utziko idekirik… («Ongi etorri xuhurragoa iheslarientzat ?», Muslaria, “Inbido”, Herria)
  • Erromanoek egin zubi zahar beregizkoaren muthurretik etxe xuriño batzu, eslaian, harrapatzera bezala badoazkio petik gora. (Beribilez, Etchepare, J.)
  • Eta orai horra nun besteño bat plazaratu duen, berdin aberatsa, “Euskal-Herriko etxeak”. («Euskal-Herriko etxeak», Muslaria, “Inbido”, Herria)

Dena den, ez dago argi adibide horietan atzizki txikigarria izenondoari bakarrik dagokion ala [izen+izenondo] multzo osoari; adierari erreparatuz, badirudi multzo osoa dela atzizki txikigarriak besarkatzen duena.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ño", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3