Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5:2:4

-xe

Azkuek (1923-25) dioen bezala, izenondoei erantsirik ‘gehiegi’ adiera ematen dio oinarriak adierazten duen kualitateari, Ekialdeko euskalkietan: gazixe, handixe, ttipixe…

  • Unido a un adjetivo indica el exceso,en varios Qialectos: andixe, handixe (AN, aN, R, S) demasiado grande, gazixe demasiado salado. Algo así significa también este sufijo en la. locución bizkaina. ez askoxe no por cierto, lit. no muchito. (Morfologia vasca, Azkue, R. M.)
  • Zergaitik santuak ez eben asmetan gozotasun, ta pozkaririk, ezpa Jesu Kristo gaitik padezietan? Zirian gu baño izate obeago, ta indartsuagoren batekoak? Ez askoxe. (Lore sorta espirituala, Añibarro)

Ikus adibide hauek:

Hala ere, ohikoagoa da -ago konparazio-markaren aurretik jartzea -xe, bai izenondoekin, bai aditzondoekin, ‘pitin bat’ adiera emanez:

  • berrixeago, gaztexeago, handixeago, laburxeago, luzexeago, txikixeago, zaharxeago; aurreraxeago, atzeraxeago, beheraxeago, goraxeago…

Annie Ernaux Ikus adibide zenbait:

  • Sukalde mehar eta ilun batera pasarazi ninduen berehala, eta gero antigoaleko altzariak zituen logela handixeago batera. (Gertakizuna, Annie Ernaux / Joseba Urteaga)
  • Ni baino lagun zaharxeago batekin, ordu batzuetarako baimena lortu genuen, eta Mahabad-era joan ginen. (Nire aitaren fusila, Hiner Saleem / Igerabide, J. K.)

Partizipio burutuek ere har dezakete -xe, eta ‘aski, nahikoa’ balioa eransten diote: ahaztuxe, garatuxe, landuxe, utzixe…

Zalantza handiagoak sortzen ditu erakusleei eransten zaien -xek: hauxe, horixe… baita orduantxe, oraintxe aditzondoetan ageri denak ere. Eratorpen-atzizkia da? Batetik, balio indargarria ematen dio erakusleari, hauxe, horixe, honexek, eta, alde horretatik, defenda dezakegu marka gramatikal hutsa baino zerbait gehiago badela. Baina kokaguneari erreparatzen badiogu ikusiko dugu batzuetan kasu-markaren aurretik doala, baina beste batzuetan atzetik: honetaraxe, honekintxe, horretarakoxe, holakoxe… Eta kapitulu honen hasieran flexio-morfemen eta eratorpen-morfemen arteko aldeak aztertzean esan dugunez, eratorpena beti doa flexioaren aurretik. Horrenbestez, nekez har dezakegu -xe benetako eratorpen-atzizkitzat.

  • Hauxe egin behar zenuke: errege horiek beren tokietatik kendu eta horien ordez gudalburuak ezarri. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Honexek zirudien behintzat esplikaziorik zentzuzkoena. (Elezaharren bidetik, Martin Anso)
  • Goizuetako elizako artxiboan, jaiotzako agirien aurreneko liburuan 1678ko pasarte honekintxe egin du topo nere begi errukabeak: (Trapuan pupua, Perurena, P.)
  • Izan ere, burua erabat galduta, sekula munduan inork zoraturik izan ez duen asmakizunera etorri zen; honetaraxe alegia: (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-xe", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3