Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5:2:5

-xka, -xko (-ska, -sko, -zka)

Alomorfo edo aldaerei dagokienez, hiru txistukariak aurki ditzakegu: horizka, horiska, horixka. Euskaltzaindiaren Hiztegiko formak kontuan hartuz, batasunerako -xka aukeratu da, oro har, forma adierazkorrak izaten direlako txikitasuna adierazten dutenak.

Balioari dagokionez, atzizki txikigarria dela esango dugu, izenei eransten zaienean: adaxka, arrainxko, bidexka, buruxka, gelaxka, herrixka, idisko, liburuxka, ligaxka, mendixka, mordoxka, ontzixka, sardexka, zuhaixka…

Ikus adibide batzuk:

  • Hürrünetik ezagützen tüzü ene goguak oro; traukatü düzü ene bidexka, eta nuan bidia. (Beste zenbait itzulpen, Arxu, J. B.)
  • Gure oiñetan, mendixka barrenean, ikuspegi egokian, uraren susmur amaibakoaren soiñuz gozatuta, irriparka antzean, baketsu egoan uri polita: gizabiotz bakoitzak kutunen oi dauan erria, sorterria, jaioterria. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Nekazari batek zeukan Idisko gazte, mardo, ta ezi gabea. (Ipui onak, Moguel, B.)
  • Egia, oraindik diru mordoxka bat behar dut gure Tiodoro apaiz egiteko eta partimoniyua jartzeko, baina ez du gehiago behar. (Zulo madarikatuak, Barriola)

Izenondoek ere hartzen dute atzizki hau, eta bereziki kolore eta tamaina-izenondoekin, goraxeago esan dugunaren arabera, ‘aski’, ‘samar’ adiera eransten dio oinarriari: ‘aski luzea’, ‘lodi samarra’, (kolore adjektiboekin) ‘gorriaren antzekoa, gorrira jotzen duena’, horiaren antzekoa, horirantz jotzen duena’… Esanahi hori hartzen dute ondoko izenondo eratorriek: berdexka, gaiztoxko, gaztexko, gorrixka, horixka, ilunxko, lodixka/lodixko, luzexka/luzexko, urdinxka, zurixka… Testuetan hainbat aldaera aurkituko ditugu: luzezka, luzeska, berdeska, horixka, horizka, zurizka…

kakotxa
kakotxa
En BN·s formulan así el acertijo del huevo: txurixko da, gorixko da, gogoratzeko gaiztoxko da es blanquecino, es rojizo, es dificilillo de ser averiguado. (Morfologia vasca, Azkue, R. M.)
  • Gainera, erregea oso motela duk: aldiko lauki bat baizik ez duk mugitzen - aitak erregearen figura luzexka hartu eta hatzen artean erabili zuen -. (Xake mate, Alberto Ladron Arana)
  • Beheitian, arratsaldez eguzkirik gabe gelditzen diren hondartza zurixka bukaezinak. (Septentrio, Arkotxa, A.)
  • Txurisko da, gorrixko da, gogoratzeko gaiztoxko da. (Morfologia vasca, Azkue, R. M.)

Aditzondo batzuek ere har dezakete -xka, -xko: beranduxko ‘berandu samar’, urrunxko ‘urrun samar’…

  • Lanetik beranduxko atera eta nahiago etxean gelditu. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Eta Aitorren hizkuntza zaharrean kantatzen zieten etxetik atera eta, euskara bizkarrean, lan eskeak bultzaturik urrunxko joaten ziren baserritarrei: (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
  • Itsasotik urrunxko, baie… (Labartzari agur, "Txillardegi")

Glosategia

  • Alomorfo: Morfema batek izan dezakeen forma fonologiko bakoitza, morfo bat baino gehiago daukan morfema.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-xka, -xko (-ska, -sko, -zka)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3