Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:5:2:6

Beste atzizki batzuk

Ihartutzat jo daitezkeen atzizkiez arituko gara ataltxo honetan. Literatura tradizioan ageri dira, baina adibide gutxi dauzkate:

  • -ko: astoko, azeriko…
  • -xkila: lanxkila, jaunxkil…
  • -tila: kutxatila, leihatila…
  • -kilo/-kila: nabarmenkilo, aberaskilo…
  • -ail: berdail, gorrail, xurail (zuhail)…
  • -antz: gaziantz, gorriantz, hotzantz…
  • -ats: gorrats…
  • -kara: luzekara, nabarkara, zabalkara…
  • -zta: gorrizta, horizta…

-ko

Batetik, izenei eransten zaien -ko, animalia-izenei eransten zaiena: astoko, azeriko, mandoko, otsoko, zozoko… eta balio txikigarria duena.1

  • […]Toboso aldetik bera zegoen lekurantz hiru neska nekazari astoko banaren gainean zetozela ikusi zuen[…] (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes)
  • Astoa bai, galanta daukagu, gaztelastoa, mandoko bat baizen indartsua. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Ene artzain bildur-bera bildots zurijak nun dozak? Tarranpatan-tan, tarra-pan, - bare dok ibai zabala- otsoko ba-yabilk dantzan arkuma yok, ba, jan ala. (Arrats Beran, "Lauaxeta")

-xkila

Izenei eransten zaie Lafittek jasotzen duen -xkila ere: buruxkila, jaunxkila (gutxiespenezkotzat har daiteke: ‘señorzuelo, señoritingo’ adiera ematen du ordain OEHk), lanxkila…

  • Otsail azken arte, lanxkila batzuk baizik ez nituen egiteko, baina laster denentzat izan zen lan. (Alemaniara deportatua, Gregoire Joannateguy / Marzel Etxehandi)
  • Ez egon miu-miu, herabe eta uzkur; ez egon lanxkila batez aserik langile gaztea! (Herria, Salaberry, E.)
  • Orduko nexkatxak etziren Paueko, Tolosako edo Pariseko jaunxkilen ondotik ibiltzen. (Herria, Zerbitzari)

-tila

-tila atzizkiak ere izenak hartzen ditu oinarrian eta balio txikigarria eransten dio oinarriari: kutxatila, lehiatila, neskatila…

  • Zilarrezko kutxatila bat, giltzarik gabea. (Hollywood eta biok, Javi Cillero)
  • Leihatila aldetik iduritzen zait boz eta urrats batzuk ere hautemaiten ditudala. (Bakartasunaz bi hitz, Bidart, F.)

Izenondoa oinarri hartuta, harroskilo eratorria aurkituko dugu:

-kilo/-kila

Bernard ShawwIzenek eta izenondoek har dezakete -kilo/-kila atzizkia, izen kategoriako eratorriak sortzeko: aberaskilo, andrakila, astakilo, gizonkilo, potrokilo (sagar mota bat)… Adierari dagokionez, askotan gutxiespenezko kutsua hartzen dute eratorri hauek. Ikus adibide hauek:

  • Proserpine andereñoa: ezin duzu egunik aurkitu nabarmenkilo horientzat? (Candida, Shaw, B. / Jon Agirre Garai)
  • Sinesgaitza da baina Abramovich bezalako aberaskilo batek markatu dezake artearen irizpidea, bere neskalagunari gustatzen zaizkion lanak erosi eta Moskun jarri nahi dituelako ikusgai. ( Xabier Gantzarain: “Niretzat sinonimoak ez dira existitzen”, Argia)
  • Ez dago lehengo kemenik, gizonkilo potrogabeak dira gaurko heroi guztiak. (Glosolaliak, Karlos Linazasoro)

-antz, -ats, -ail, -zta, -kara

Beste irizpen atzizki hauek ere badira: -antz, -ats, -ail, -zta, -kara. Nagusiki kolore-izenondoei eransten zaizkie eta ondoan dituzten izenek adierazten dutena erabat kolore horretakoa ez dela adierazten dute; oinarrian bestelako izenondoak hartzen dituztenean, 'samarra', 'nahikoa' gradua adierazten du atzizkiak:

  • -antz: gaziantz, gorriantz, hotzantz…
  • -ats: gorrats…
  • -ail: berdail, gorrail, xurail (zuhail)…
  • -zta: gorrizta, horizta…
  • -kara: gorrikara, horikara, luzekara, nabarkara, zabalkara, zurikara…

Ikus adibide hauek:

1 Gogoratu beste hiru lekutan ere aztertu dugula -ko atzizkia: izen bizidunak sortzen dituen -ko: ararteko, etxeko, lekuko, oinezko, oinordeko, ondorengo, zaldizko…; 'objektua, produktua' adiera duten izenak sortzen dituen -ko: belarritako, oinetako, betondoko, ipurdiko, kokotseko, matraileko, muturreko… eta izenondoak sortzen dituen -ko: bihotz oneko, hiru orduko

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Beste atzizki batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3