Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:6

Zenbatzaile-sortzaileak

Azkueren (1923-25) arabera, -kun, -koitz, -na (-ra) eta -garren atzizkiak zenbatzaile-sortzaileak dira. Baina denak ez dira sail berekoak:

  • -kun eta -koitz atzizkiek zenbatzaile ‘izenondoak’ sortzen dituzte: bakun, bakoitz, bikoitz…
  • -nak zenbatzaile ‘banatzaileak’: bana, bina…
  • -garrenek zenbatzaile ordinalak: bigarren, laugarren…

Hiruren ezaugarria da zenbatzaile kategoriako hitz bat hartzen dutela oinarrian.

Ikus adibide zenbait:

  • Substantibo bakun batek aditz anizkun bat goberna zezakeen. (Ipuin hautatuak, Jorge Luis Borges / Garzia, Juan)
  • Hauen gainean habeak zabaltzen dira, bakoitza ondo trabatutako bi oineko bina egurrez osatuta, basilikaren inguru guztian. (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / Santiago Iruretagoiena)
  • Ikusiko dugunez, badira (26) erregelaren sail orokor bereko beste hainbat erregela, lan bikoitz bera egiten dutenak. (Egitura sintaktikoak, Noam Chomsky / Laka)
  • Jainkoaren existentzia bigarren partean frogatuko da. (Alderraien gidaria, Mose Ben Maimon / Kintana, X.)

Euskaltzaindiak (1993) determinatzaileen artean zenbatzaileak aztertzerakoan honela bereizten ditu atzizkiok:

  • ‘adjektibo biderkatzaile’ gisa jasotzen ditu -kun eta -koitz atzizkiekin sortutakoak, eta ohartarazten du ez dela erraza bi atzizki horien arteko mugak zehaztea.
  • ‘Distributiboak’ dira -na atzizkia erantsiz sortzen direnak, “edozein zenbakirekin” sor daitezkeenak.
  • Eta zenbatzaile ‘ordinalak’, zenbatzaile hutsari -garren erantsiz osatutakoak.

Hualdek eta Ortiz de Urbinak (2003) ere ‘zenbatzaile banatzaile’, eta ‘zenbatzaile ordinal’ terminoak erabiltzen dituzte azken biak definitzeko. Hala ere, zenbatzaile banatzaileak determinatzaile dira hizkuntzalari horien ustez, dagokien kardinalaren leku bera hartzen dutelako1. Zenbatzaile ordinalak, aldiz, adjektibo lirateke Hualde eta Ortiz de Urbinaren iritziz.

Nolanahi ere, hemen axola zaigun auzia hauxe da: zer dira flexio-morfema ala eratorpen-morfema? Lehenik eta behin, bada desberdintasun nabarmen bat -kun, -koitz eta gainerakoen artean: bi atzizki hauen emankortasuna oso mugatua da: baditugu bakoitz, bikoitz, hirukoitz, baina, ??zortzikoitz edo hamaboskun? Bestalde, badirudi egokiago dela determinatzaileen sailean baino izenondoen artean jasotzea, ondoren -tasun har baitezakete gainerako izenondoek bezala: bikoiztasun, hirukoiztasun… Horrez gain, aditz kategoria ere erator liteke horietatik: bikoiztu, hirukoiztu…

  • Gero eta zure antz handiagoa zuen; hasi zitzaion, halaber, agerian garatzen zeure-zeurea den bikoiztasun hori, ganoraren eta jolasaren artekoa, eta zenbat eta zure antz handiagoa izan, hainbatenago maite nuen. (Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig / Eduardo Matauko)
  • Alde egin neban egunetik hirukoiztu edo laukoiztu egin zirala konturatu nintzan! (Larunbatak, Arretxe, J.)

-na atzizkiarekin sortzen diren zenbatzaileek ere ondoren -ka atzizki aditzondo sortzailea har dezakete, gorago ikusi dugun bezala: binaka, hirunaka, launaka… Ondorioz, -na eratorpen-atzizkia dela esango genuke. Azken batean, zenbatzaile kategoriari erantsiz, kategoria bereko elementuak sortuko lituzke, “baina aurrekaria pluralez eskatzen dutenak” (Euskaltzaindia (1993)).

-garren atzizkiari dagokionez, -ko (-go) har dezake ondoren: bigarrengo, hirugarrengo…, baita -ik atzizki aditzondo-sortzailea ere: bigarrenik. Areago, -tto, -txo atzizki txikigilea ere ager daiteke -garren-en ondoren: bigarrentxo.

  • Mañasiri bigarrengo eskabidea egin jakonetik laster, araxe joan ziran goizean goiz, egun guztia bertan emon bear ebelata, beste askoren artean, geure ezagun batzuk:[…] (Kresala, Aguirre, D.)
  • Bigarrenik ikusi bear izango ete dauan zalantzaz dago. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Bigarrentto hori ordu guzietan Zagokioten zelatan Borda bateko oilloeri, Eta nahiz zen segurki Kastan abillenetarik, Etzion egiñ oraiñdik Oilladiari daiñurik. (Fableak edo alegiak, Goietxe, L.)

Horregatik guztiagatik, bai -na eta bai -garren edozein zenbatzaileri erants dakizkioke (emankortasun osoa dute), eta, alde horretatik, flexioaren pareko dira. Baina ez da nahitaezkoa izenondoak atzizki horiek hartzea (eta ‘nahitaezkotasuna’ da flexio-hizkien ezaugarrietako bat) eta, bestalde, hitz eratorrien oinarri izan daitezke.

1 Baina zenbatzaile banatzailea duen sintagma ezin da subjektu posizioan ageri.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatzaile-sortzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3