Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:1

Aurrizkiak

Euskararen aurrizkiak aztertuko dira atal honetan, hauek zehazki:Biki hauek oso ezberdinak dira

  • des-: desegin, desberdin…
  • ez-: ezberdin, ezizen, ezuste…
  • bir-/ber-: berregin, birramona, birmoldatu…
  • erre-:

Atzizkiak aztertzerakoan esan dugunez, atzizkiek oinarriaren kategoria aldatzen dute:

  • mendi + -tsu = menditsu
  • mendi (izena)
  • menditsu (izenondoa)

Aurrizkiek, ordea, ez dute oinarriaren kategoria aldatzen: birrarto, desegin, desberdin…

  • des- + egin = desegin
  • egin (aditza)
  • desegin (aditza)

Arto izena da eta birrarto ere bai; egin aditza da eta desegin ere bai; berdin izenondoa da eta desberdin ere bai. Hizkuntzalariek beste ezaugarri bat ere nabarmendu dute, kategoria bateko baino gehiagoko oinarriei lotzen zaizkiela aurrizkiak; beheraxeago ikusiko dugu izenek eta aditzek har dezaketela bir- (birmoldatu, birramona) eta aditzek zein adjektiboek des- (desitxuratu, desegoki).

Euskal aurrizkiak ez dira asko, eta gramatikari askok erakutsi dute horren inguruan kezka. Besteak beste, Mitxelenak berak Arantzazuko biltzarrerako prestaturiko txostenean esan zituenak:Mitxelena, K.)Arantzazuko Batzarra, 1968an

  • Badu euskerak hitz-sorbide ugari, baina baita ere huts nabarmen bat bederen aldameneko hizkuntzen ondoan. Ez dugu (des- eta horren antzekoren bat edo beste kenduz geroz) aurrizkirik, latinezko ad-, ab-, co(n)-, de-, dis-, ex-, eta gainerakoen indarra bihur dezakeenik. Erremedio bat baino gehiago izan dezake huts horrek, baina ongi pentsatu behar litzake gerora gabe nola joka. (Ortografia, Mitxelena)

Areago, euskal aurrizki deitzen ditugun horietatik batzuk latinetik edo erromantzetik hartu ditugu.

Aurrizkien ordain asko Hitz-elkarketan aztertuko ditugu. Izan ere, bi motatako aurrizkiak bereiz ditzakegu, oinarriarekin duten harremanaren arabera:

  • oinarriaren modifikatzaile huts direnak
  • argumentu-egitura dutela esan daitekeenak (Gràcia eta Azkarate, 2000)

Prefijo eta prehistoria hitz eratorriek erakusten dituzte, hurrenez hurren, bi balio horiek. Prefijo pre- da, (aurretik) doan hizkia; baina prehistoria ez da 'aurreko historia', baizik ‘historiaren aurreko garaia’; horregatik esan dezakegu pre- argumentu-egituradun preposizioen parekoa dela, prehistoria izeneko burua, eta historia osagarria. Euskarak burua eskuinean daukanez, eskuineko osagaien bidez ordezkatzen ditugu erdal argumentudun aurrizkiak (pre-, post-, contra-, etab.). Modifikatzaile direnak, berriz, ezkerreko osagaien bidez. Hurrenez hurren, historiaurre, gerraoste / aurrizki, gainzama. Esan bezala, Hitz-elkarketan aztertuko ditugu egitura hauek. Hemen aztertuko ditugun aurrizki guztiak, jakina, dagozkien oinarrien modifikatzaileak dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aurrizkiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3