Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:1:1

des-

Euskarak bere egin du aurrizki erromantze hau eta euskal jatorriko oinarriei erantsi die. Kategoria batekoak baino gehiagokoak izan daitezke oinarri hauek:

  • aditz telikoek1 har dezakete des-. Aurrizkiak, berriz, ‘kontrakoa’ balioa ematen dio oinarriari; aditzoinak adierazten duen ekintzaren kontrakoa, alegia. Hiztegigileek hainbat ordain eman dizkiete hiztegi elebidunetan baina literatura-tradizioan ez dira horiek erabili. bir-/ber- aurrizkia aztertzerakoan jaso den bezala, tradizioa dutenak edo azken urteetan sortu eta erabili direnak hartu ditu kontuan Euskaltzaindiak; corpusetan ageri diren batzuk ere gehitu ditugu guk: desagertu, desarmatu, desberdindu, desbideratu, desegin, desitxuratu, desobeditu… Maiztasun handiegirik gabe, baina beste hauek ere aurki ditzakegu corpusetan: desadoretu, desadostu, deseman (Zuzenbidean), deseraiki, etab.

2017ko apirilean erabaki du ETA erakundeak desarmatzea

  • Ez da beti erraza erabakitzea euskal eratorria den ala mailegu egokitu hutsa; hala gertatzen da, esaterako, desamortizatu, desanexionatu, desinfektatu edo desordenatu aditzen kasuan. Pentsa liteke amortizatu, anexionatu, infektatu eta ordenatu aditzak oinarri hartu eta aurrizki bidez eratorririko aditzak direla; baina baita desamortizar, desanexionar, desinfectar edo desordenar gaztelaniazkoen egokitzapen direla ere.
  • Horren emankorrak ez izan arren, izenondoak ere izan daitezke des- atzizkiaren oinarri: desatsegin, desberdin, desegoki, deseroso, desleial, desonest… Baita izenak ere: deserri, desohore, desordu, desoreka, destenore, desplazer… Hemen ere badira zalantza sortzen dutenak, eratorritzat hartu ala mailegu egokitutzat: desondra, desordena.
    • Ezen andre dena Mariaren alderako debozione-itxura bat atxikitzea, haren konfardietan sartzea, abitua ekhartzea, egun oro arrosarioa erratea, eta horrekin batean aitzina bekhatutan bizitzea, bethi urguilus, mundutar, arin desonest; bai, hori debozione gaizki aditu ta guziz sorjes bat liteke; hola salbatu uste izatea, uste funtsgabe, uste itsu bat liteke. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
    • A gaisto desleial esker-gaistokoa, ta nire nekegarria ta gogaikarria! (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Des- aurrizkia daramaten aditzek -le, -tzaile, -pen, -garri… atzizkiak har ditzakete ondoren: desohoragarri, deseraikigarri, desegile…
    • Badarik ere lekhatzen tut gaizki erran eta akusu hain beltz, eta desohoragarri batzu, non ezpaitu nihork pairatu behar hetaz kargaturik dagoen, hetarik deskarga ahal badadi zuzenaren bidez:[…] (Philotea, Pouvreau, S.)
    • Hebraikoz Abaddon eta grekez Apollyon, erran nahi baita desegilea. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria,Leiçarraga)
    • Desondra ta neke andia! Bai; baña ez desondra utsa; bada gau artan berean etorri zitzaizkan zerutik Aingeruak, eta menditik artzaiak, beren Jaun ta Errege andiari bezala, beren agurrak eta onrak egitera. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Era berean, aurrizki honen bidez eratorririko izenondoek har ditzakete izenondoek eskatzen dituzten atzizkiak ere: -tasun, edo -tu, esaterako: desleialtasun, desberdintasun, desberdindu…
  • Izenek, berriz, har dezakete -tu: desohoratu.
1 amaiera jakina duen prozesua edo gertaera adierazten dutenek

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "des-", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3